Tahamatak ereindako hazia || SOCCER442 || el juego del futbol

SOCCER442 el juego del futbol

Tahamatak ereindako hazia

BLOG

Tahamatak ereindako hazia
0 Comentarios - 1/52/53/54/55/5 - 2 / 1

 

Image                                                                       2024/06/30

 

Mundua mugitzen da, pertsonak ere bai, eta kirolak aspaldi erakutsi du integraziorako esparru paregabea dela.

 

2010ean, alemaniarrekin elkartu ginen Hegoafrikako Munduko Kopan. Zaleak gustura zeuden euren selekzioaren kolorearekin. Jatorri ezberdineko futbolariak elkartu ziren Nationalmannschaft-aren elastikoarekin: turkiarrak, poloniarrak, afrikarren bat, Mario Gomez “espainiarra” ere tartean zen… Ortzadarra irudikatzen zuen Alemaniak. Joera hori areagotu egin da ondorengo urteetan, baina testuinguru politikoa ez da berdina. Eskuin muturra hazi egin da Europan, Parlamentuek futbol zelaietako harmailen itxura hartu dute, eta sare sozialak irainen jokaleku bilakatu dira.

 

Joshua Kimmich, Alemaniako futbolariak, integrazioaren aldeko mezua zabaldu zuen Eurokopa hasi aurretik, selekzioaren egitura babeste aldera, kalean entzuten ziren astakeriei aurre eginez.

 

   Mundua mugitzen da, pertsonak ere bai, eta kirolak aspaldi erakutsi du integraziorako esparru paregabea dela.

 

Diskriminazioa sufritu duten hainbat kirolarik, euren jarduna amaitu ondoren, gazteei bidean laguntzeko ardura hartu dute. Aldapa zelaitu nahian aritu ziren euren ibilbide profesionalean, eta orain baliabideak eta eskarmentua eskaintzen diete atzetik datozenei. Hori eta gehiago beharko dute gizarte polarizatu honetan.

 

   80ko hamarkadan selekzio batzuen itxura aldatzen hasi zen. Afrikar jatorriko futbolariak ikusten hasi ginen Frantziako selekzioan: etorkinen seme-alabak ziren batzuk, Hexagonoan jaioak; edo kolonia izandako itsasoz gaindiko lurraldeetan sortuak. Selekzioaren jokoa izugarri aberastu zuten Marius Tresorrek, Gerard Janvionek, Jean Tiganak, Alain Couriolek… ondorengo belaunaldiei bidea erakutsita.

 

 

 Herbehereetan ere antzeko fenomenoa bizi zuten. Antilletatik joandako etorkinen seme-alabak elastiko laranja janzten hasi ziren. Hasieran, Frank Rijkaard, Ruud Gullit edo Aaron Winter izan ziren. Gero beste hainbat iritsi ziren. Baina, horien aurretik, mutil txiki batek piztu zuen gure jakin-mina. Ikastolan aipatu genuen lagunen artean, Errekopako final batean jokatzen ikusita (1982). Herbehereetako selekzioan ari zela entzun genuen. Klaseak bukatutakoan baloia hartu eta “Tahamataaaa”, hasi ginen. Tahamata gora eta Tahamata behera.

 

Bezperan Camp Noun aritu zen, ezker hegaleko arrastoari itsatsita. Bihurria zen baloiarekin. Bartzelonako ‘4’ zenbakia haren gainean izan zen partida osoan. Manolo zuen izena. Atzelariak egun batzuk geroago zera aipatu zion kazetari bati: “Uddo Lattek entrenatzaileak esan zidan Tahamataren atzetik ibiltzeko, baita komunera joaten bazen ere”. Atera kontuak. Fenomenoa zen Standard Liejako hegaleko txikia.

 

   Futbolari bizia eta trebea ezezik, itxura berezia zuen Simon Tahamatak. Ezberdina zen. Nolatan Herbehereetako futbolaria? Beltzarana zen, begiak asiar itxurakoak. 

 

   Simon Tahamataren istorioa ez zen Herbehereetan hasi, ezta amaitu ere. Berlinen bizi da orain, bere futbol akademiari lotuta. Arazoak dituzten gazteei laguntzen die. Bere gaztarora salto eginda, errealitate gordin batean murgilduko gara, gizartearen mugimenduek nolako gorabeherak izan dituzten ikusteko.

 

   Tahamataren gurasoak Moluka uhartean jaio ziren. Moluka uharteak ozeano Barean daude, Indonesiak bere soberania ezarri zuen, eta Herbehereek kolonia gisa izan zituzten denbora luzean. Harik eta independentzia gerrak eztanda egin zuen arte. Orduan, herbeheretarren alde borrokan aritu ziren Moluketako gizasemeak metropolira bideratu zituzten; baina Herbehereetan lur hartu orduko hango gobernuak baztertu egin zituen. Ez laguntzarik, ez babesik. Hainbat hamarkada eman zituzten Moluketatik alde egindako familiek Hebeheretako kontzentrazio guneetan bizitzen. Baztertuta, guetto antzeko baten modura. Alemaniako naziek holokaustoaren garaian eraiki zuten Westerbork kontzentrazio zelaia (Drenthe eskualdean), urteen poderioz Schattenberg kanpalekua bilakatu zen. Han pilatu ziren Moluka uharteetatik alde egindako familiak.

 

Giro horretan hazi zen Simon Tahamata. Baloiarekin zuen distirari esker Ajaxera iritsi zen 70ko hamarkadaren amaieran. Cruyffen ondorengo belaunaldiarekin bat egin zuen, asko eta ondo jokatuta; futbolari berezia zen. Holandako federaziotik deitu zioten, 1979an Argentinaren aurka FIFAk antolatutako partida jokatzeko. Maradona bertatik bertara ezagutzeko aukera izan zuen. Tahamatak neurketa txukuna jokatu zuen Munduko txapeldunen aurka. Eskuin eta ezker hegalean, zein barrualdean.

 

Simon Tahamata ez zen 1978ko Mundialean izan, eta, tamalez, Holanda galduta ibili zen 80ko hamarkadaren amaierara arte. Molukako futbolariaren urterik onenak izan ziren. Orduan Belgikako ligan ari zen. Han-hemenka. Standard Liejarekin harrapatu genuen guk, Bartzelonaren aurkako Errekopako finalean.

 

Bere izana mundu osora zabaldu zuen. Urte latzak ziren, Moluketako seme-alabek Herbehereetan bizi zuten egoera ez zelako samurra. Ahanzturan murgilduta, bahiketak eta atentatuak egiten hasi ziren Moluketako ekintzaileak. Tahamata ataka batean bizi zen, zerbait latza gertatzen zenean jendea hari begira izaten baitzen.

 

Hark kirola erabili zuen baztertutako herrikideen izana aldarrikatzeko. Eta baloiarekin bidea egiten jarraitu du, jokalekua zabalduz.

 

   Simon Tahamatak urteak eman ditu Ajaxen akademian lanean, gazteak trebatzen. Baina denboraldi amaieran Amsterdam utzi eta Berlinera mugitzea erabaki zuen. Beste eremu batean murgiltzeko. Joshua Kimmichek eta Alemaniako taldekideek defendatzen duten aniztasuna elikatzeko asmoarekin iritsi da Tahamata Berlinera.

 

   Herbehereetako selekzioan beste lurraldetako jatorria duten hamaika futbolari ikusi izan ditugu. Orain ere bai: van Dijk, kapitaina, esaterako; Dumfries, Wijnaldum, Ake, Frimpong, Gakpo… Lehenago Davids, Seedorf, Reiziger, Bogarde edo Kluivert izan ziren bezala.

 

   Mundua mugitzen da, pertsonak ere bai, eta kirolak aspaldi erakutsi du integraziorako esparru paregabea dela.

 

Simon Tahamataren lana aparta da. Gozatu genuen haren jokoarekin. Errekopako finalean Miguelik falta itsusia egin zionean aztoratu ginen. Tahamataren zale bihurtzeraino.

 

 

 

                                                                                                                                    Naxari Altuna (kazetaria)

 



COMENTARIOS

Añadir un comentario

:angry: :flowers: :blink: :pinch: :blushing: :crying: :ermm: :getlost: :grin: :happy: :hug: :kiss: :laugh: :blah: :smile: :sad: :tongue: :wink:





Desarrollado por BIT&MINA