BIDEA ETA BIDELAGUNAK || SOCCER442 || el juego del futbol

SOCCER442 el juego del futbol

BIDEA ETA BIDELAGUNAK

BLOG

BIDEA ETA BIDELAGUNAK
2 Comentarios - 1/52/53/54/55/5 - 5 / 1

Image2021-01-05

 

Futbolaren koordenadak aspaldi aldatu ziren. Ez da latitude kontua: unean uneko premiak, bat-bateko umore aldaketak, aldakorrak bilakatzen ditu erreferentzia puntu nagusiak. Nondik gatoz eta nora goaz? Iparra jomugan.

 

Orain 20 urte Frantziako Liga irabazi zuen azken aldiz Nantesek. Ez da nolanahiko kluba. Haztegiko lana ardatz hartuta, oso filosofia berezia landu zuten horiek. Espainiako Gerra Zibilaren hastapenean ama eta arrebarekin batera Bilbotik Frantziara alde egindako Jose Arribas entrenatzaileak eraiki zuen egitasmo hura 60ko hamarkadan. Harrobiari helduta, jokoaren zaindaria bilakatu zen: futbolari eta entrenatzaileen maisu paregabea. Jokoa bidearen ardatz, talde-mugimenduan eta buruargitasunean oinarrituta. “Jeu à la nantaise” zigilua sortu zuen. Lehen mailara eraman zuen taldea, tituluak irabazi zituen, baina zaleek, ororen gainetik, bidea nola egin zuen gogoratzen dute.

 

Jose Arribasen ikasle fina izan zen Raynald Denoueix, futbolari gisa lehenengo, haztegiko entrenatzaile ondoren, talde nagusira iritsi zen arte. Transmisioaren kateak ez zuen etenik Nantesen. Duela 20 urte Liga irabazi zuen taldearen gidaria zen Realeko entrenatzaile ohia. Frantziako Liga hura ustekabean irabazi eta handik gutxira katea eten egin zen, ordea. Bortizki.

 

 

 

Jabe berriak iritsi ziren, bidetik urrundu, bidelagun okerrak aukeratu eta futbolak galdu zuen. Realak aukera baliatu zuen orduan Raynald Denoueix fitxatzeko. Nantesek egindako bidea ondo ezagutzen zuten txuri-urdinek eta hara begira jarriak ziren aspaldi. Urte batzuk lehenago ezin izan zuten Ouedec, Loko edo Pedros bezalako jokalari bikainak fitxatu, baina 2002an hango aztia Euskal Herrira ekarri zuten.

 

Denoueix entrenatzaileak ez zuen bat egiten Nanteseko nagusi berrien asmoekin, eta Donostia aldean gustura lan egiteko aldartea aurkitu zuen: ohitura berriak ekarri zituen, berritzaileak hainbat esparrutan. Koordenada argiak finkatu zituen bide emankorra egin ahal izateko. Jokoa hari gidatzaile. Baina hemen ere, urte arrakastatsuaren ondoren, partidak pilatzen hasi zirenean, errealitatearen perspektiba emaitzetara mugatu zen, eta arrasto sakona eta luzea uzteko moduko entrenatzaileak bere etxera itzuli behar izan zuen.

Urteak joan dira, eta hemen geratu ziren laguntzaileek haren begiradarekin bide egonkorra eta emankorra eraikitzeko aukera galdu izanaz mintzatu izan dira beti.

 

   Bere bihotzeko bi taldeak Bigarren mailara jaitsi ziren halako batean. Bidean galduta.

 

   Raynald Denoueix Nantesen bizi da, Jose Arribas maisuaren izena hartu duen La Jonelière prestakuntza zentrotik gertu; baina urteak egin ditu taldearen zelaia zapaldu gabe, eta Reala utzi zuenetik ez du gehiago entrenatu. Futbol berriaren gorabeherekin atsekabetuta.

   Egunotan Frantziako hedabideetan duela 20 urte Nantesekin lortu zuen balentria gogoratzen ari dira. Garai hartan lan egiteko zuten era goraipatu du SO FOOT aldizkarian: metodoa, klubaren espiritua, estiloa; “Jeu à la nantaise” gogoangarria, zaleen memorian gordeta geratu dena.

Eta zaleak suspertu dira, halako batean, Waldemar Kita presidentea ez baitute maite, Suitzako talde bat salduta Nantes eskuartean hartu zuen negozio-gizon poloniarra. Klubaren nortasuna berreskuratzeko ekimena jarri  dute abian jarraitzaileek, Jose Arribasen obra gogoan, taldea berriro zuloan dagoela ikusita, emaitzik eta jokorik gabe.

 

   klub batean burua da garrantzitsuena. Jokalari onak izan daitezke, entrenatzailea ere bai, baina ideia nagusia eta ibili beharreko bidea argia ez bada, hondamendia gerta liteke”. Raynald Denoueixek hitzok esan zizkigun harekin izan ginen azken aldian. Urte batzuk badira. Realaz oso oroitzapen onak ditu: “C´est un super club”, aitortu du arestian aipatu aldizkarian. Bere egonaldia laburra izanagatik, txuri-urdinen artean bide bat zabalik utzi zuen.

 

   Realaren azken boladako ibilbideari erreparatuta, antolaketa, harrobia lantzeko era, entrenatzaileen formakuntza, estiloa eta klubaren begirada ikusita, Nantesen garai bateko espiritua datorkigu gogora.

Altxorra da egungo futbolean horrelako egiturak eta egitasmoak ikustea, unean uneko emaitzez haratago. Transmisioaren katea. Are gehiago futbolaren antolaketa berria ikuspegi horren mesederako ez denean. Arnasa ezin hartu ari baitira Ligako futbolariak hiru egunero partidak jokatuta, jokoaren gozamenari kalte eginda, patxadaz dastatzeko astirik gabe, hurrengoa ate joka delako. Nekea, lesioak… Testuinguru eroak jokoarengan eragina du, eta azkenean emaitzari lotzeko tentazioa izaten da, besterik ezean. Zurrunbiloaren ajeak.

 

   Imanolek klubaren iparorratza bihotzean du, bidelagun egokiak  bide ederra urratzeko. Raynaldek Nantesen nostalgiaz bizi duen aldartea. Gozatu eta zaindu beharrekoa.

 

 

                                                                                        NAXARI ALTUNA (kazetaria)



COMENTARIOS

Name
05/01/21 03:47PM

Horrela jarraituko ote Realak?
Erreflexio onak


Name
05/01/21 03:45PM

Message


Añadir un comentario

:angry: :flowers: :blink: :pinch: :blushing: :crying: :ermm: :getlost: :grin: :happy: :hug: :kiss: :laugh: :blah: :smile: :sad: :tongue: :wink:





Desarrollado por BIT&MINA