Laranja gozoak || SOCCER442 || futboleko jokoa

SOCCER442 futboleko jokoa

Laranja gozoak

BLOGA

Laranja gozoak
0 Comentarios - 1/52/53/54/55/5 - 3.5 / 2

ImageEuri zaparradaren ostean, eguzkia Valentzian atera zen. Laranja artean ibili da Reala aste honetan. Garratzak Anoetan, Kordobaren eskutik; gogoangarriak Mestallan, borobil-borobilak eta gozo-gozoak. Laranjak alde batera, laranjak bestera. Ez zen besterik.

 

   Soldadok gola eta laranjak ustelak ote ziren galdezka hasi zen jendea. Baina Realak urrats bat aurrera egin zuen, baloia hartu, eta diagonalak marrazten hasi zen berdegunean. Mugimendua zegoen baloiaren aurretik. Hausturak egiteko grina erakutsi zuten laranjaz jantzitako deabruek.

 

   Xabi Prietok futbolaren gozoena dastatu zuen, aspaldiko partez. Barrutik. Hutsuneengatik buruhausteak espero direnean, irtenbideak aurkituz gero, buruko mina beharbada gero dator, aukera egin behar denean. Euskarrian nor? Horixe zen kezka nagusia: Zurutuza eta Pardo. To! Eta horien aurretik, XP, Griezmann, Vela eta Ifran. Jokalari erasokorrak guztiak ere.

Baloia bereganatuta, Valentziaren erasoko asmoak murriztu zituen Realak. Geziak botatzen hasi zen talde txuri urdina, baina kamutsak ziren: hamaika aukera, hamaika hamaikaren aurka izan ziren bitartean.

   Valentzia desorekan bizi da. Denboraldi osoan azpiegitura trinko bat aurkitu ezinda ibili da Mauricio Pellegrino. Bilaketa amaitu da, ordea. Beste batek aurkitu beharko du ipar-orratza. Erdigunean makina bat saiakera egin du: Gago, Tino, Albelda, Parejo, Banega… Hamaika nahasketa, eta azkenean nahasmena. Reala berehala jabetu zen Valentziaren arazoaz. Pixka bat estutu zuenean agerian geratu zen etxeko taldearen noraeza.

   Jonas kanpora eta Realak gola. A ze gola! Rivaldok sinatuko lukeen keinua. Ez al zen berea? Atzelari bati otu zitzaion: bere deiturak jantzi zuen gola… Ederra. Hautsita geratu ziren Turiakoak. Eta hamaika geziak zorroztuta atera ziren bigarren zatian. Hazita. Valentziako laranjak otarrean usteltzen hasi ziren.

 

Orduan golaren festa lerro guztietara iristen hasi zen: atzetik, aurrera. Bost gol, bost golegile (talde-lana), eta bi bederatziak tartean. Animoak eraberrituta.

 

   Soldadok partidaren hastapenean kolpea jo zuenean laranjaren zaporea garrazten hasi zen. Baina, ez. Futbola kapritxosoa da, eta zenbatetan gertatu zaio: Realari panorama iluntzen zaionean, argia pizten da nonbaitetik.

 

   Datorren larunbatean laranja gozoak banatu ahal dituzte Anoetako harmailetan. “Montanier dimisión”, kantu garratza, Valentzian geratu zen, eta Pellegrino eraman du aurrean.

 

 

 

                                                                                                 Naxari Altuna (periodista) Image @naxaltuna



COMENTARIOS

Añadir un comentario

:angry: :flowers: :blink: :pinch: :blushing: :crying: :ermm: :getlost: :grin: :happy: :hug: :kiss: :laugh: :blah: :smile: :sad: :tongue: :wink:





www.bitymina.com-ek garatua