Futbolaren gorabeherak || SOCCER442 || el juego del futbol

SOCCER442 el juego del futbol

Futbolaren gorabeherak

BLOG

Futbolaren gorabeherak
0 Comentarios - 1/52/53/54/55/5 - 3 / 1

Image

2010eko ekainaren 22an zalaparta zen nagusi Anoetan. Joseba Llorenteri ongietorria ematera hurbildu ziren hainbat zale. Alaba txikia besoetan atera zen zazpi urte lehenago utzi zuen berdegunera: Eibarren, Valladoliden eta Vila-Realen zaildu zen, Realera itzuli aurretik. Ibilbide oparoa egin zuen etxetik at, Bigarren mailan lehenengo, Lehen mailara iritsi eta Txapeldunen Liga jokatzeraino: hat-trick-a egin zuen behin Aalborgen aurka, Vila-Realeko aurrelari zela. Urrearen distira utzi Castello aldean eta txuri-urdinera aldatu zuen larrua, betiko izango zelakoan. Jokin Aperribay presidentea albo batean; Loren, kirol zuzendaria, bestean. Denak pozik, seme kuttuna etxera itzuli izan balitz bezala.

 

   Aurreko aroan, Darko, Nihat eta De Paula zituen aurretik. Gazte mailan Zubietan zuzendu zutenak bat zetozen: “Llorentek, aurretik hemen izan genuen beste Joseba haren traza dauka. Argia, bizia, lotsagabea, zorrotza”. Hondarribian billaba esaten duten horietakoa zen Llorente. Horrelakoa izan zen Joseba Etxeberria berdegunean eta antzeko nortasuna iritzi zioten Llorenteri.

Eibarrera Xabi Alonsorekin batera utzita joan eta hilabete gutxiren buruan atzera bueltan ziren bi gazteak, John Toshack Realeko aulkira itzultzearekin batera. “Itsu batek ikus zezakeen bi mutil horien talentua”, esan zigun behin galestarrak. Baina Josebak ezin, ordea, Darko, Nihat eta De Paulari aurre egin. Fitxaketa handien garaia zen.

 

   Eibarrek atsegin handiz hartu zuen Llorente berriro ere, oraingo honetan elkarrekin hazteko. Jose Mari Amorrortuk eta, batez ere, Jose Luis Mendilibarrek erakutsi zioten bidea; futbol profesionalaren bide malkartsua. Ez ziren jokalari makalak elkartu armaginekin garai hartan: Iraizoz, Cifu, Karmona, Moises Hurtado, Gaizka Garitano, David Silva, Llorente… Lehen maila oso gertu izan zuten.

 

   Mendilibarrek Valladolidera eraman zuen Llorente, eta hartara, bere kirol ibilbideko entrenatzailerik erabakigarriena bilakatu zen Zaldibarkoa. Pucelan onena eman zuen Hondarribiko aurrelariak, Sisi, Victor, Aduriz, Tote eta enparauekin. Joseba goian, gogotik estutzen; jokaldi azkarrak eta gola bor-bor. Lehen mailara igo ziren. Orduan Athleticek jo zuen Joseba Llorenteren atea. Eskaintza erakargarria zen, baina merkatua ixtear zela ezin zion Mendilibarri hutsik egin; ezin zuen Valladolid ataka batean jarri. Zorrillan bihotzez eskertu zuten. Han egin zen Lehen mailako futbolaria eta Vila-Realek eraman zuen, ustekabean. Beste urrats bat. Joko aldetik unibertso ezezagun batean murgildu zen, oso ezberdina (baloia, taldearen birika); Txapeldunen Ligaren loria dastatu zuen, asko jokatuta, gol kopuru polita sartuta. Realaren errealitatetik at zegoen hori guztiagatik. Baina txuri urdinek fitxatu zuten, Vila-Reali 2,5 milioi euro ordaindu eta lau urterako soldata oparoa eskainita. Denak gustura.

 

   Reala Lehen mailara indartsu itzuli zen. Vila-Realen aurka, hain justu, eta Llorentek zeresan handia izan zuen Xabi Prietok erdietsitako golaren jokaldian. Orpoz eman zion pasea Josebak, zortziko handian. Eta Vila-Realek itxi zuen zirkulua, tamalez, bigarren itzuliaren hasieran; geroztik futbolak bizkarra eman baitio Hondarribiko aurrelariari. Mina lehenengo, ahanztura gero.

 

   Hernia batek etena eragin zion, bat-batean. Martin Lasarteentrenatzaileak orduan esandakoa: “Josebak taldea piztu egiten du”. Bada, jokalariaren agurrarekin batera hasi zen Reala gainbeheran. Hutsune horrek ez du dena azaltzen, baina taldearen beheraldian zerikusia izan zuen, zerikusi handia. Erori zen Reala, Josebaren hutsuneagatik, eta beste hainbat arrazoirengatik. Aurretik, Llorente onik zela bere taldekide batek esandakoa: “arnasa ematen digu. Bizia”.

 

   Futbola bitxia da. Josebak min hartu baino lehen, Imanol Agirretxe Valladolidera utzita joateko prest zegoen: Josebaren talde ohira, eta bera bizi izan zen etxera. Bidegurutzean, ordea, norabide aldaketa  bortitza izan zuen Imanolek. Realean geratu zen, ondoren entrenatzaile aldaketa, eta ustekabeko Liga hasiera Gijonen: hasierako hamaikakoan, ¡¡¡ezker hegalean kokatuta!!!, bi gol eginez. Vela iritsi berriak jokatu zuen aurrealdean eta horrek Ifranen haserrea eragin zuen, denboraldiaurrean izerdia bota ondoren hirugarren aurrelaria zela konturatuta. Beste talde batera alde egin nahi zuen uruguaitarrak.

 

   Llorente ondo al zen? Horixe aurreneko hilabeteetako galdera nagusia. Berak baietz zioen, baina ez zuen jokatzen. Halako batean, urte bete lehenagoko fitxaketa nagusia, zaleen ilusioa piztu zuen jokalaria, taldeko laugarren aurrelaria zen. Denboraldi hasieran, Philippe Montanier entrenatzailearen sistemari buruzko iritzia eman zuen, 1-4-3-3koa soilik Bartzelona bezalako taldeentzat egokia dela esanez. Espanyolen aurka titular Ligan. Ez zebilen fin taldea, eta hortik aurrera Guadiana ibaia bezala izan da: gehienetan desagertuta, oso tarteka zelaian, denboraldi amaieran klubak bere egoera publikoki argitu zuen arte: “datorren denboraldian zaila izango du jokatzea”. Eta, agurrean, Josebak berak zera gaineratu du: “nire jokatzeko era ez da entrenatzailearen gustukoa. Oso gutxi jokatuko nuela esan zidan denboraldi amaieran, eta zintzotasuna eskertzen diot”.

 

   2010eko ekainaren 22tik hogeitabost hilabete igaro dira. Eta akabo aurkezpen egun hartako distira eta hitz potoloak. Iruñara joan da Llorente. Mendilibarren altzoan berpiztu nahi du konfiantza, minutuak pilatzen hasi eta berriro ere futbolari sentitzeko. Denborak esango digu garai bateko maila berreskuratzeko sasoian ote den. Hala izan dadila, urte eta erdiko sufrikarioa atzean utzi eta hortik zehar zabaldu diren zalantzak lurperatzeko. Futbolean, zenbat buru, hainbat aburu! Eta 2014rarteko kontratua du Realarekin. Marka litzateke bere kirol ibilbidea txuri urdinez jantzita amaitzea. Futbolaren gorabeherak ezagututa, ez harritu!

 

 

 

                                                                                              Naxari Altuna naxari altuna  @naxaltuna



COMENTARIOS

Añadir un comentario

:angry: :flowers: :blink: :pinch: :blushing: :crying: :ermm: :getlost: :grin: :happy: :hug: :kiss: :laugh: :blah: :smile: :sad: :tongue: :wink:





Desarrollado por BIT&MINA