Markaz haratagoko arrasto sakona || SOCCER442 || el juego del futbol

SOCCER442 el juego del futbol

Markaz haratagoko arrasto sakona

BLOG

Markaz haratagoko arrasto sakona
0 Comentarios - 1/52/53/54/55/5 - 5 / 1

Image2018/04/17

 

Igande haietan irratiaren zirrarak partidak geure irudimenarekin marrazteko aukera ematen zigun. Arratsaldeko bostetan pizten zen grina. Uhinek zabaldutako hotsak edozer posible zela erakusten zigun. Aurkari guztiek irabazteko ahalmena zuten. Sailkapeneko azkenak aurrenekoak azpiratzeko gauza ziren, eta ez zen harritzekoa. Futbola joko soila zeneko garaia, jokoa eta lehia, ororen gainetik. Botere faktikoen aurka ere borroka egin beharra zuten talderik apalenek, irmo; hala ere, egungo zalapartatik urrun bizi zen futbola.

 

   Jokalariak betiko lotzeko eskubidea zuten klubek garai hartan; aitzitik, agiri faltsuen aurka borrokatu behar izan zuten bertako taldeek, Hego-Ameriketatik Espainiako Ligara iristen ziren futbolariei atea zabaltzen ziena. ‘Nolatan zu hemen?’ galdetu ziotenean Argentina aldetik joandako futbolariari... ‘Aitona Celtan jaio zen’ erantzun zuen hark. Iruzurrraren aurkako borrokan Realeko presidente Jose Luis Orbegozo nabarmendu zen. ‘Argentinara joan ginen behin, eta hango agiriak ikertzen, hainbat kasutan orriak desagertu zirela konturatu ginen’, esan zigun egun batean agintari nagusiak.

 

   Klubek euren jokalariak derrigorrez lotu zitzaketen kontratu berritzean igoera txiki bat ezarrita, nolanahi ere Jesus Mari Zamora, Realeko 10ak behin esan bezala: ‘Hori hala izanda, gure baldintzak hobetzeko ahaleginak egiten genituen, baina ororen gainetik, guk hemen jarraitu nahi genuen. Gure nahia, etxean, gure zaleekin bat eginda, gauza garrantzitsuak egitea zen’.

 

   Testuinguru horretan, talentu handiko taldea osatzen ari zen Realean 70ko hamarkadaren amaieran. Europan jokatzeko txartela aurrenekoz lortu zuten txuri-urdinek hamarraldi horren erdialdean, eta hurrengorako zaildua eta indartsua ageri zen. ‘Nortasun handiko pertsonek bat egin genuen klubean. Goitik behera. Agintarietatik hasi eta zelairano. Pertsonen artean gorabeherak izaten dira, baina sor zitezkeen arazoak alde batera uzten genituen taldearen mesedetan. Denak talde lanerako prest geunden. Gutxi jokatzen zutenen portaera bikaina azpimarratu behar da. Eguneroko lanean erne ibili behar genuen, gure onena eman, hamaikakoan jarraitu ahal izateko. Horrek taldearen maila igotzen zuen.’, Hau ere Zamorak esana.

 

   Garai hartan, Las Palmas eta Sporting  Liga eta Koparen bat irabaztetik gertu ibili ziren. Talde sendoak zeuden. Aukerak beti zabalik , baina gehienetan Real Madrilek eramaten zuen sari potoloa. Zalantzaren bat baldin bazen, zuriak onik ateratzen ziren.

 

1979/80 denboraldian inork ezin zuen Reala azpiratu. Ezinean aritu ziren aurkari guztiak, harik eta Alberto Ormaetxearen taldea Sanchez Pizjuanera iritsi zen arte. Ligako 33. jardunaldia zen. Bi argentinar buru zirela, edozein mendean hartzeko moduko taldea zen Sevilla: Hector Horacio Scottaren zartakoak beldurgarriak ziren, eta Daniel Bertoni bihurria zen area barruan.  Egoera ezezaguna zen Realarentzat, eta ibilbide paregabe horrek gainera ez zuen aurrekaririk Espainiako Ligan: azken aurreko jardunaldian partidarik galdu gabe, txuri-urdinek lehen aldiz eskura zuten titulurik preziatuena. Liga. Sekula lortu gabeko saria. Talde lanaren ondorioa.

 

   Real Madril gertu zuten Ormaetxearen mutilek. Realak ezin zuen hutsik egin. Txuri-urdinek bi kolpe gainditu behar izan zituzten azken asteetan: Lopez Ufarte erasoko deabruak giltzurruneko arazoa zela eta ezin izan zuen txapelketaren azken txanpan jokatu; eta 26. jardunaldian, Santiago Bernabeun 0-2 irabazten izan eta gero, azken unean 2-2 amaitu izana erabakigarria izan zen, epailaren lan petrala tarteko. Denboraldi horretan bertan, Sportingek nozitu zuen hori etxean zurien aurka. Molinonen sortu zen “Así, así, así gana el Madrid” lelo ospetsua.

 

   Ligako azken aurreko neurketan, Zamorak gola erdietsi zuen Sevillan. Bertonik etxekoen aldekoa egina zuen aurretik. Puntua ona zen Realarentzat, azken jardunaldian Atletico Madrilen aurka balentria biribiltzeko. Baina udaberriko arratsalde hura okerra izan zen. Gaiztoa. Sevillak bi jokalari galdu zituen bidean. Hala ere, Bertonik beste gol bat egin zuen partidaren hondarrean. Irratiko esatariaren atsekabea agerikoa zen. 32 partida galdu gabe, eta une erabakigarrian kale. Reala mendean hartu arren, Sevillak zaila zuen hurrengo denboraldian UEFA jokatzea. Madrildik jasotako diru laguntza ere aipatu zen, Sevillako jokalariek gero aitortu zuten bezala. Bertoni golegileak etxeko hozkailuan gorde zuen dirua, Realari irabazi ondoren taldekideen artean banatzeko. Denboraldi hartan Reala Ligan garaitu zuen bakarra izan zen Miguel Muñozen taldea, Real Madrilekin jokalari eta entrenatzaile gisa Europako Kopa bost aldiz irabazi zuen gizona.

 

   Denboraren pespektibak handiagoa bilakatu du txuri-urdinen balentria. Beste testuinguru batean horrelako talde bat desegingo zen, diruaren hotsak erakarrita. Baina elkarrekin jarraitu zuten, zutitu ziren, eta ondorengoa historia liburuetan geratu da. 32 partida galdu gabe eutsi izana gero etorri zen guztiaren zutabe izan zen. Indartuta atera zen taldea.

 

   Urtebete geroago, irratiko ahotsak Sevillako porrota gogora ekarri zuen Gijongo arratsalde euritsu hartan. Neurketa amaitzear zen, baina historia ez zen errepikatu. Zamorak bota zuen horma lurrera. Talde lanaren arrakasta izan zen. Futbolari haiek molde berezia zuten. Apartak eta bakarrak izan ziren.

 

 

 

                                                                                                 Naxari Altuna (kazetaria)  Image



COMENTARIOS

Añadir un comentario

:angry: :flowers: :blink: :pinch: :blushing: :crying: :ermm: :getlost: :grin: :happy: :hug: :kiss: :laugh: :blah: :smile: :sad: :tongue: :wink:





Desarrollado por BIT&MINA