* YA ABIERTA, TEMPORADA 24/25
>>SOLO LA LIGA Y CH. LEAGUE!!<<
· Más detalles en... COMO JUGAR
Ruud Gullitek Urrezko Baloia irabazi zuen 1987an. PSV Eindhovenen egindako denboraldi bikainari esker eskuratu zuen saria aurrelari herbeheretarrak. Paulo Futre izan zen bigarren, Portorekin Europako txepeldun, eta Emilio Butragueño hirugarren tokian sailkatu zen. Sariaren inguruko albisteak tarte txikia bezain laburra hartu zuen garai hartako berripaperetan.
Butragueñoren aldeko kanpaina egin zuten Espainian, Real Madrileko aurrelariak Urrezko Baloia irabaz zezan. Baina garai hartan kontu hauek ez zuten orain duten oihartzunik. Errespetua zegoen, ororen gainetik: futbolari eta aurkariari errespetua.
37 urte geroago, Real Madrilek Emilio Butragueño bakarrik bidali du 2024ko Urrezko Baloiaren ekitaldira. Hasiera batean, berrogeitamar lagun bidaiatzekoak ziren, Real Madrileko futbolari batek saria irabaziko zuelakoan. Baina garaikurrik ezean, 1987an hirugarren tokian sailkatu zen futbolaria bidali dute soilik, zor zahar bat aldarrikatzera joango balitz bezala. Parisko ekitaldira ez da Real Madrileko ustezko garailea agertu, ume baten kasketarekin; presidente ahalguztiduna etxean geratu da, haserre; entrenatzaileak ere jaialdiari uko egin dio, elkartasun gisa. Urteko teknikaririk onenaren saria eman diote, eta ez da agertu.
Urrezko Baloia mundu osoko ehun kazetariren arteko bozketan erabakitzen da. Librea da. Aldizkari serio batek antolatzen du, serioa eta ospetsua: France Football delakoa.
Gullitek irabazi zuenean; Platinik, Beckenbauerrek edo Cruyffek, gizartea oso bestelakoa zen, balioak ere desberdinak. Zaleak zelaira begira ziren, jokoaz gozatzen, eta aurkariaren dohainak miresten zituzten. Ruud Gullitek 1987an irabazi zuenean asko poztu ginen. Futbolari izugarria zelako, zaldi baten modukoa. Milanen are distira handiagoa izan zuen. Real Madrilen borrero nagusia izan zen urte haietan Arrigo Sacchiren taldea.
Milango hainbat futbolarik eskura zezaketen Urrezko Baloia, euren maila eta taldearekin zuten konpromisoa ikusita. Marco Van Bastenek garaikurra irabazi zuen, bere distiragatik. Baina Franco Baresik, adibidez, ez zuen aukerarik izan.
Baresi kapitaina talde liluragarri hartako ardatza zen. Aurkariak jokoz kanpo etengabe uzteko arduradun nagusia. Beti urrats bat aurrera. Arerioa arnasik gabe uzten zuten italiarrek. Baresik agindua eman eta pauso bat aurrera egitea nahikoa zen. Bere argitasunak taldea piztu egiten zuen.
Ingurukoak hobetu egiten dituzten hainbat futbolarik ez dute Urrezko Baloirik eskuratu. Baresiren tankerako asko daude: Philip Lahm, esaterako; Busquets, adibidez; Xavi, Iniesta, Pirlo, edo David Silva. Euren argitasunarekin ondokoak hobeak egin dituztenak.
Full Story