Euri zaparrada! || SOCCER442 || el juego del futbol

SOCCER442 el juego del futbol

Euri zaparrada!

BLOG

Euri zaparrada!
0 Comentarios - 1/52/53/54/55/5 - 3 / 1

   Asteartean, euri zaparradaren erdian, beste aldeko itzalak ikusirik, bakarren batek pentsatuko zuen: alerta laranja! Haize bolada espero zen Anoetan; haize bortitza, baloia ondo mugitzen duen Bigarren mailako taldea argudiorik gabe uzteko. Euria, euri gehiago, berdegune bizkorra, jokalari teknikoak, biziak, Andaluziako talde bat aurrean, “zelai lehorretan trebatua” pentsatuko zuten hainbatek, baina topikorik ez Anoetan! Ito, azkenean, etxeko taldea egin zen, urak eta ezinak aurrean eramanda.

 

   Bigarren mailan ere jokatzen da. Kordoba jokatzera etorri zen. Ez ziren atzean sartu andaluziarrak eta Realak ez zuen aparteko grinarik erakutsi kanporaketa aurrera ateratzeko. Egia da bi eta hutsekoa ez zela urrun ibili lehen zatian, baina, joko aldetik, sentsazioa ez zen onegia. Ez zuelako zirt edo zart egiteko partida ematen. Realari martxa bat do bi gehiago falta izan zitzaizkion. Ez zuen aurkaria goian estutu, erasoko jokalariek apenas egin zuten hausturarik; mugimendu gutxi baloiaren aurretik, finean.

 

  Image Aurreneko golak ez zuen Kordoba desorekatu; Realak are gutxiago. #aurreraKopankanpainak ez zuen zelaian islarik izan. Ez, behintzat, grina aldetik. Partidak ez dira sare birtualean jokatzen, eta kanpoko zalapartak gabeziak agerian uzten ditu askotan. Realak baditu gabeziak; hobetzeko asko dago oraindik.

 

   Jose Luis Mendilibarrek, joan zen astean, Realaren aurka jokatu aurretik esandakoa: “… Rayoren kontra eroso aritu ziren txuri urdinak, aurreneko bi golen ondoren. Aurretik kanpoko taldeak izan zuen aukeraren bat, eta gola sartuz gero, segur aski bestelako neurketa izango zen. Guk ez diegu jokatzen utziko”. Astelehen hartan zaleak piztuta atera ziren Anoetatik. Gora begira. Ostiralean Osasunak bere entrenatzailearen asmoak bete zituen. Jendea etsita atera zen Anoetatik, zerua ukitu ezinik. Kopa partidarako animoak pizten ahalegindu ziren birtualki, baina zelaiak erakutsi du zaleek eskatzen dituzten jokalariekin ere Realaren jokoak gorabeheratsua izaten jarraitzen duela. Batera zein bestera, erregulartasuna falta du taldeak; jarraipena falta zaio, eta Kopako partidan gertatu bezala, grina ere bai, hainbatetan. Aurrelariak ez dabiltza fin ate aurrean. Euren konfiantzan eragina du horrek. Griezmann zerua bezala aritu da azken partidetan, grisa; Xabi Prieto itzalita dabil, Chory Castro  motel…

   Reala ez da kanporaketako taldea. Azken urte luzeetako ibilbidean erakutsi du hori. Kopako espiritua falta zaio. Bartzelonaren aurka galdutako final etsigarri hartan desagertu omen zen, eta hori duela ia 25 urte gertatu zen. Geroztik txapelketa horrek ixkin egin dio Realari, edo, hobeto esan, txuri urdinek bizkarra eman diote lehiaketari. “Talde koperoa” leloa entzuten denean, ñabardura jakin batzuk aipatzen dira. Realari falta zaizkionak.

 

   Asteartean, joko erritmotik, hortzak estutu eta #aurrreraKopan leloari zentzua ematetik urrun izan ziren, bigarren zatian batez ere. Akaso, kanporaketa Arcangel futbol zelaian geratu zen sentsazioa zutelako. Beharbada hala izan zen. Baina taldeak hotz utzi zuen jendea. Ez zen harmailetara heldu. Funtsean, Kordoba ez zen Rayo izan. Zirrikitu gutxi utzi zituen eta partida irabazteko zorian izan zen. Reala bi eta hutsekoa sartzetik bezain gertu izan zen talde andaluziarra neurketa irabaztetik. Lopez- Garai, Abel Gomez eta enparauak eskarmentu handiko jokalariak dira eta Kordobak argi du bere bidea Paco Jemezen garaitik. Rafa Bergesek jarraipena eman dio aurtengo denboraldian asmo horri. Kanporaketa honetan Realaren arazo batzuk agerian utzi ditu, eta hortik abiatuta badago zertan hobetu. Espiritu lehiakorretik hasita.

 

   Laranjaz jantzi zen Kordoba; larunbatean laranjen eskualdean arituko da Reala, zapore gazi-gozoa; sekula ez dago jakiterik. Eta berriro entrenatzailearen inguruko desadostasuna harmailetan. Horrek ez dio mesederik egiten taldeari. Eta asteartean, txantxa moduan, Kordobako zaleek ere Philippe Montanierren dimisioa eskatu zuten. Horrelako neurketek grisez janzten dute Reala, baina baliteke Mestallan suspertzea, horrelakoak direlako talde honen biorritmoak: estuasunean piztu egiten da. Horrek meritua  dauka, eta hala izan dadila, oso nekeza delako etxean “Montanier dimisión” leloa entzutea euria hasten den bakoitzean. Kopakoa amesgaiztoa izan dadila (hausnarketa sakona merezi du taldearen ibilbideak txapelketa horretan), Ligan azken bolada ez baita txarra. Baina orain euria ari du. Eguzkia zain da Valentzian.

 

 

 

                                                                                          Naxari Altuna (periodista) Image @naxaltuna



COMENTARIOS

Añadir un comentario

:angry: :flowers: :blink: :pinch: :blushing: :crying: :ermm: :getlost: :grin: :happy: :hug: :kiss: :laugh: :blah: :smile: :sad: :tongue: :wink:





Desarrollado por BIT&MINA