Uda hasierako bizipen mundialak || SOCCER442 || el juego del futbol

SOCCER442 el juego del futbol

Uda hasierako bizipen mundialak

BLOG

Uda hasierako bizipen mundialak
0 Comentarios - 1/52/53/54/55/5 - 5 / 1

 

Image2022/06/26

 

Futbol-Estatuen garaia bizi omen dugu. Ekialde hurbileko jekeek, aspaldi honetan, Europako klub ospetsuak erosteko erakutsi duten grina dela eta. Fair-play delakoa (joko garbia), zelaiko jarrerari lotuta zegoen garai batean; gaur egun, berriz, basamortutik etorritako jabe berrien azpijokoa zigortzeko sortu duten araua da gehiago. Neurriz jokatzea bilatzen du futbolaren gobernuak, diruaren poderioz neurri guztiak gainditu diren garaian.

 

Ez da jekeen ardura soilik. Dirua erruz dutenek beste hainbat hauspotu dituzte, diru kontuen injenieritzan trebatzeraino.

 

   Petrodolar hitza futbolari lotuta ezagutu genuen aspaldi. Urteak pasa dira. Garai batean izar beteranoak erakartzen zituzten Emirerrietatik, dirutza ordainduta, hango jekeen apeta asetzeko. Petrolioa urruneko futbola zipriztintzen hasi zen.

 

   2022ko Mundiala laister ate joka izango dugu. Normalean, jokoan beharko zukeen jada. 1978an Argentinako Munduko Kopa hego hemisferioko neguan jokatu zen, eta negu gorria izanagatik, ez zen Argentinako udan jokatu: hots, mendebaldeko neguan. Europako txapelketen egutegiak ezin ziren ukitu.

 

Oraingo honetan, ostera, basamortuko beroak eta petrodolarrek indar handiagoa erakutsi dute FIFAren aurrean, Mundiala mendebaldeko neguaren atariraino eramateko.

 

   Akabo, esaterako, 1982ko uda sargori hartan, Sarrian, Brasil eta Italiaren artean sentitu genuen zirrara haren pareko bizipenak. Italiarik gabe Munduko Txapelketa umezurtz geratzen dela esan ohi da; bigarrengoz jarraian gertatuko da hori. Baina, umezurtz, umezurtz, zalea geratu da, lau urteroko uda berezi horiek zerbait faltako dutelako.

 

   Eta uda berezi horietako batean jabetu ginen Emirerrietako nagusien indar eta botereaz.

 

   Valladolidera joko dugu, halako batean; duela berrogei urteko arratsalde bero batera. Jose Zorrilla berria sasoi hartan sortu zen, eta Espainiako Mundialeko egoitza izanik, oso partida berezia hartu zuen: Frantzia vs Kuwait.

 

   Kuwait aurrenekoz sailkatu zen Munduko Kopa jokatzeko. Carlos Alberto Parreira brasildarra zen hautatzailea: sei Mundialetan beste horrenbeste selekzio zuzendu dituen entrenatzailea. Inork baino gehiago.

 

 Asia eta Ozeaniako eremuen artean bi txartel ziren jokoan: Kuwait nagusi izan zen; Zeelanda Berriak eskuratu zuen bigarrena. Biak hala biak estreinakoz arituko ziren Munduko Txapelketan. Ordurako, arazo geopolitikoek eragin handia zuten futbolean, eta sailkatze fasean harreman petralak zituzten Txinak eta Saudi Arabiak parte hartu zutenez, haien arteko norgehiagokak Malaisian jokatu ziren: Kuala Lumpur hiriburuan. Bitxikeria horrek gure jakinmina piztu zuen: herrialdeen arteko liskarrak, Kuala Lumpur… mundu mapan begiratu eta leku berriak ezagutzeko nahia.

 

   Frantziako selekzioa glamourra zen; Kuwait, ostera, misterioa. Are gehiago, Jose Zorrillako palkoan janzkera bitxiarekin turbantedun gizasemea telebistatik ikusita. Frantzia 3-1 irabazten ari zela, Alain Giressek laugarrena erdietsi zuen. Aurkarien atzealdea iltzatuta geratu zen, zaleen harridurarako. Kuwaiteko futbolariek epaileari kargu hartu zioten, txistu hotsa entzun zutela esanez. Baina Stupar errusiarrak ez zuen txisturik jo. Harmailetatik omen zetorren hotsa.

 

   Nahasmenaren erdian, Fahid Al-Ahmad Al-Sabah Kuwaiteko federazioko presidentea, eta herrialde hartako emirraren ahaidea, palkoa utzi eta zelaira jaitsi zen epailearekin haserre. Bere futbolariei berdegunea uzteko keinua egin zien. Inor ez zen ausartu nagusiari ezer esatera. Egoera xelebrea izan zen, Mundialean aurretik bizi gabea. Azkenean, jekeak estututa, partidako epaileak Frantziaren laugarren gola baliorik gabe utzi zuen. Maxime Bossisek egin zuen lau eta batekoa minutu batzuk geroago.

 

   Bitxikeria xelebre hartatik hainbat urte pasa dira, lau hamarkada, eta gertakari hura ikusi zuen bakarren batek gogora ekarriko zuen egunotan, Mundiala udan jokatuko ez dela ikusi eta negu atarian non izango den kontuan hartuta: Qatarren, Doha hiriburuaren bueltan.

 

   Egutegi aldaketa, txapelketak erditik hautsita, bidean zendutako langileak txapelketarako azpiegiturak eraikitzen, oinarrizko eskubideen urraketak… zenbat gorabehera.

 

   Mundiala, Espainiako Superkopa… eta mundu mailako beste hainbat kirol ekitaldi ere bai. Futbola; eta ospe handiko futbol taldeak ere petrodolarren esku geratu dira. PSG eta Manchester City dira ospetsuenak: Qatar vs Arabiar Emirerri Batuak.

 

   Aspaldi erakutsi zuen bidea Fahid Al-Ahmad Al-Sabah jekeak, Jose Zorrillako palkotik zelaira salto egin zuenean.

 

 

 

                                                                                                                    Naxari Altuna (kazetaria)



COMENTARIOS

Añadir un comentario

:angry: :flowers: :blink: :pinch: :blushing: :crying: :ermm: :getlost: :grin: :happy: :hug: :kiss: :laugh: :blah: :smile: :sad: :tongue: :wink:





Desarrollado por BIT&MINA