Afrikako Kopa, oharkabean || SOCCER442 || futboleko jokoa

SOCCER442 futboleko jokoa

Afrikako Kopa, oharkabean

BLOGA

Afrikako Kopa, oharkabean
0 Comentarios - 1/52/53/54/55/5 - 5 / 1

Image

 

(2017-02-06)

Roger Millaren Makossa dantza irudikatu zuten Kamerungo zaleek harmailetan. Librevillen. Gabongo hiriburuan. Birritan astindu zituzten aldakak lehoi menderaezinen jarraitzaileek, Egipto finalean garaitu zuten golak ospatzeko. Eta, Kamerungo futbola mundu mailan ospetsu egin zuen aurrelaria oso gertu zen, mitoen artean. Kamarek, ordea, Samuel Eto’oren algarari erreparatu zioten. Roger Milla haren itzalean zen.

 

   Munduko Kopako golegilerik zaharrena da Milla. Bizitzako laugarren hamarraldian murgilduta zebilen, 1994an AEBetako Mundialean Errusiari gola egin zionean. Baina, jokalariek Henri Michel hautatzailearekin izandako arazoek txikitu egin zuten selekzio hura. Kamerunek galdua zuen hamabi urte lehenago Espainiako Munduko txapelketan erakutsitako freskotasuna. Jokatzeko eta irabazteko grina.

 

   Thomas N’Kono atezain handiak behin esan zigun: “Hastapenean talde bat ginen. Denek jokatzen genuen Kamerungo txapelketan. Eskaintzak iritsi ziren eta agintariek muturra barruraino sartzen dute. Egitura arazo handiak tarteko, azkenean tirabirak sortzen dira. Entrenatzaileen formakuntzari ez zaio garrantziarik eman; jokalari gutxi dira esparru horretan trebatzen direnak, eta kanpotik etorritako hautatzaileek ere nekez uztendute arrastorik”.

 

    Espanyolen ibilbide oparoa egin zuen N’Konok. Egun klub horretako atezainen prestatzailea da. Hamar urte egin zituen Kamerungo selekzioan lan horretan. Agintariekin talka egin zuen arte. Hango selekzioa ez da Afrika Kopako azken ekitaldietan izan. Kontinenteko ospetsuenetakoa izan arren, ez ziren sailkatu. Hegoafrikako Mundialean hondoa jo zuten. Herbehereak, Japonia eta Danimarkaren multzoan azken tokian sailkatu ziren kamerundarrak. Punturik gabe itzuli ziren etxera, zaleen sumindurarekin. Brasilgo Munduko txapelketatik ere eskuhutsik atera ziren 2014n.

 

   Talde hartako hainbat jokalari ospetsu selekziotik desagertu dira azken urteotan. Eto’o zen taldeko iparrorratza, zentzu guztietan. Hark ere talka egin zuen agintariekin. Berak bezala, taldekiderik gehienek Europan bidea egina zuten, eta 1982an Espainiako Mundialean aritu zen selekzioarekin alderatuta, jokalekua oso bestelakoa zen. Hierarkia kontua.

 

   2000. urteko Olinpiar Jokoetan urrezko domina irabazi zuen Kamerunek. Tartean, hiru aldiz eskuratu zuten Afrika Kopa. Baina, Mundialean kale. Italian, 1990ean jokatu zen Munduko txapelketaren irudiak ziren gogoangarrienak kamerundarrentzat. Roger Millak bereak eta bi egin zituenekoak. Ingalaterra estu hartu zuten final-laurdenetan, eta hortxe itzali zen Roger Millak gola sartzen zuen bakoitzean kornerraren makilaren aurrean egin ohi zuen Makossa dantza.

 

   Hamabost urte igaro dira Kamerunek Afrika Kopa azken aldiz irabazi zuenetik. Gabonera selekzio erabarritua eraman du Hugo Broos hautatzaileak. Bitxikeria gisa, Benjamin Moukandjo aurrelaria alde batera utzita, jokalaririk ezagunenak ordezkoen aulkian izan ziren Egiptoren aurkako finalean. Eta, aulkitik aterata markagailua irauli zuten. Nicolas N’Koulou Olympique Lyongo erdiko atzelariak eta Vincent Aboubakar, Besiktas taldeko aurrelariak, ahalbidetu zuten Kamerunen garaipena. Bosgarrena Afrikako Kopan. 2-1 Egiptoren aurka.

 

   Benetako lehoi menderaezinak izan ziren bigarren zatian Hugo Broosen mutilak. Partida amaieran TALDE bat izatearen garrantzia azpimarratu zuen entrenatzaile belgikarrak: “lagun taldea”, zioen. Arazoak arazo.

 

   Izan ere, Europako talde distiratsuetan ari diren hainbat jokalarik uko egin zioten Afrika Kopa jokatzeari. Roger Millak oso estu hartu ditu. Ajaxeko atezain  Andre Onanaren kasua da bitxiena. Amsterdamgo atean duen lehia ikusirik, titular izaten jarraitzeko aukera arriskuan ikusita, muzin egin zion selekzioan jokatzeari. Haren ordez, Fabrice Ondoa, Sevilla Atletico taldeko bigarren atezaina jarri du atepean Kamerungo hautatzeileak. Eta, Samuel Eto’oren akademiatik Bartzelonara joandako mutila izan da lehoirik menderaezinena Afrika Kopan. TALDE espirituaren garrantzia, eta itzaleko lanaren saria.

 

   Afrikako txapeldunen atezaina Sanchez Pizjuango aulkian eseriko da datorren asteburuan. Bigarren taldeko ordezko atezain gisa. Oharkabean iritsi zen, eta joan da, Afrikako Kopa. Beti bezain koloretsu eta bitxia.

 

 

                                                                            Naxari Altuna (kazetaria)  Image  @naxaltuna



COMENTARIOS

Añadir un comentario

:angry: :flowers: :blink: :pinch: :blushing: :crying: :ermm: :getlost: :grin: :happy: :hug: :kiss: :laugh: :blah: :smile: :sad: :tongue: :wink:





www.bitymina.com-ek garatua