Idazlea: Naxari Altuna (ETB-ko kazetaria)
"Vuelve la garra charrúa", galdetuta,
"y siempre estuvo ahí", erantzungo dizute uruguaitarrek. 1950, Maracana. 200000 zale harmailetan. Brasil-Urugai, Mundialeko finala: Obdulio Varela, Alcides Ghiggia, Juan Alberto Schiaffino. Uruguaitarren arima historia liburuetan gordeta dago. Diotenez, hiru pertsonek soilik isilarazi dute Maracana: Aita Santuak, Frank Sinatrak eta Gighiak. Musika fin eta leuna entzuten dut, Rio de la Platatik dator. Uruguai eta Argentina, oraingoz, ez dira elkarren aurka arituko. Pertsona bat pozik imajinatzen dut: Victor Hugo Morales. Uruguaitarra jaiotzez, agentinarra bihotzez... "arranca el genio del fútbol mundial... ta,ta,ta,ta... goool, goool, goool... Diegol, Diegol, Diegol...
Rio de la Platatik paseatzeko egun aproposa zen asteartea. Irudikatzen ditut ibaiaren bazter biak, zerua urdin eta zuri, eguzkiaren irria izkin batean. Agentina beti egon da; Uruguai urrunetik dator. Eduardo Galeanoren odak berreskuratu ditut.
Bada Argentina eta Uruguairen arteko liskar bat. Bien arteko muga elkartzen duen zubia itxita dago. Ezin da ertz batetik bestera igaro. Gatazkaren arrazoia, papera ekoizten duen enpresa batek sortutako afera. Alde batekoen irabaziek, albokoen zoritxarra irudikatzen dute. Eta zubi hori, soilik, futbol partida baterako zabaldu zuten: Mundialeko sailkatze fasea. Uruguai-Argentina.
Itzuli dira kantxeroak, Peñarol eta Nacionalen zantzuak. Bizirik zeuden; bizirik daude. Fernando Morena, Enzo Francescoli, Pablo Bengoetxea, Mario Saralegi, Ruben Sosa...
Diego Forlan atzo eta gaurko aurrelaria da. Mugimendu horiek, espazioa sortzeko duen sen hori, ezker-eskuinez gola marrazteko trebetasuna, futbolariarena da, eta futbola aspaldikoa da. Forlan, Pato Aguilerari, Antonio Alzamendiri eta Daniel Fonsecari begira hazi zen. Baina, berak, Argentinan ikasi zuen ofizioa: Avellanedako ilargipean. Uruguayo, uruguayo, uruguayo abesten diote zaleek. Belaunaldi berrien erreferentea. Oraingo gazteak Forlani begira hazten ari dira. Luis Suarez, Nacionalen Martin Lasarteren aginduetara aritu zena, horien artean. Nicolas Lodeiro ere laster hasiko da nabarmentzen.
Uruguai, hiru milioi biztanleko herrialdea da. Haur guztiek baloi bat dute besapean. Obdulio Varelak, Ghiggiak eta Schiaffinok bezala. Gaur, Montevideora begira jarri gara.
Naxari Altuna (ETB-ko kazetaria)