Baloiaren inguruko bizipenak || SOCCER442 || el juego del futbol

SOCCER442 el juego del futbol

Baloiaren inguruko bizipenak

BLOG

Baloiaren inguruko bizipenak
3 Comentarios - 1/52/53/54/55/5 - 1 / 1

Image2022/03/24

 

Rinat Dassaev atezaina hesia kokatzen. Michel Platini jaurtiketa egiteko prest eta bere aurrean lau futbolari: Anatoli Demianenko, Vassili Rats, Igor Belanov eta Pavlo Yakovenko. Printzeen Parkean 1986ko udazkenean jokatu zen partidaz gozatu, Sobietar Batasunaren joko erakustaldia aintzat hartu, eta izan zirenaz, elkarrekin bizi zutenaz hausnartzen hasi gara…

 

   1988ko Eurokoparako sailkatze fasea zen hura. Frantzia bide bazterrean utzita (0-2 Parisen), Europako txapelketako finalera iritsi zen SESB. Finalean amore eman zuten sobietarrek Herbehereen aurrean (2-0). Txapelketako lehen partidan ere elkarren aurka aritu ziren; hasi eta buka. Estreinako neurketa hartan Sobietar Batasuna garaile atera zen, baina lehiaketak aurrera egin ahala herbeheretarrak indartsuagoak bilakatzen hasi ziren: Koeman, Rijkaard, Gullit, Van Basten… Urteen poderioz benetako balioa eman zitzaion SESBen ibilbideari.

 

   Emaitzak alde batera utzita, egindako jokoagatik piztu zuten zaleen arreta sobietarrek. Hamabost Errepublikaren batasuna izaki, errusiarrak ez ziren selekzio hartako ardatza. Ez antzik ere. Dassaev atezaina handia zen, Errusiakoa; erdiko atzelarietako bat ere hangoa zen, Vaghiz Khydiatouline bortitza. Baina beste guztiak, edo gehienak behintzat, ukrainarrak ziren. Futbolari apartak.

 

 

Sobietar Batasuneko futbol federazioak Dinamo Kiev taldeari heldu zion, agian Europan garai hartan ikusi genuen talderik indartsuena. 1975ean Errekopa irabazi zuen Oleg Blokhin eta Vladimir Onischenko bikainekin. Talde hura ikaragarria izan zen; 1986an txapelketa bera eskuratu zuena ez zen gutxiago. Eta han ageri ziren protagonista gehienak, bi urte geroago Platiniren Frantziari aurre egiten Parisen. Frantziako kapitainak falta jaurtiketa egin aurretik aurrean aurkitu zuen hesia ikusita, futbol garai oparo haietara ihes egin digu gogoak. Futbol osoarena. Voetball football Ajax eta Herbehereak baziren, futbol mekanikoa ziren Dinamo Kiev eta Sobietar Batasuna. Mekanikoa, edo Loba entrenatzaile handiak zioen lez: zientifikoa.

 

   Futbolariak askotarikoa izan behar zuen. Atzelaria ez soilik atzelari. Defentsa lanari osorik emanak bizi beharrean, erasora begira jarri zituen Dinamo Kiev eta Sobietar Batasuneko selekzioa zuzentzen zituen entrenatzaileak. Horrela gozatu genituen begiak Kuznetsov, Rats, Demianenko eta enparauekin. Ordurako Ukrainak Urrezko bi Baloi irabaziak zituen, Sobietar Batasunaren izenean lortutakoak: Blokhin 1975ean eta Belanov 1986an.

 

   1986ko maiatzean Lyongo Gerland futbol zelaia Atletico Madrileko zalez lepo zela, Valery Lobanovskyren Dinamo Kievek  koltxoneroak 3-0 azpiratu zituenean Errekopako finalean, Chernobylgo ezbeharrak atsekabetuta ginen oraindik. Hondamendi nuklearra berriki gertatua zen, eta horren ondorioz Azov itsasaldera eraman zituzten inguruko haur guztiak. Haien artean zen Andriy Shevchenko, Sobietar Batasuna hautsi ostean, Ukrainaren izenean Urrezko Baloia eskuratu zuen aurreneko futbolaria. Blokhinek eta Belanovek anaia gazteari ongi etorria egin zioten futbolaren aldarean.

 

   1988an Europako azpitxapeldun atera ondoren, Seulgo Olinpiar Jokoetan urrea dastatu zuen CCCPk Brasilen aurrean, Alexei Mihailitchenko, beste ukrainar bat buru zela, Dinamo Kieveko erdilari fina. Romario eta Bebeto ziren seleçaoko izar nagusiak.

Garai hartan ez ziren ukrainarrak soilik. Georgiatik ere ekarpen paregabea egin zioten SESBeko selekzioari, Dinamo Tblisiren eskutik: Alexander Chivadze atzelari dotorea, Vitaly Daraselya (Espainiako Mundialaren ostean auto istripuz hil zen futbolari fina) edo David Kipianiren bitartez. Bielorrusiakoa zen selekzio hartako beste ardatzetako bat: Sergei Aleinikov.

 

   Nolanahi ere, 1986ko udazken hartan Printzeen Parkean Platini eta bere kideen aurrean distira erakutsi zuen talde hartan ukrainarrak izan ziren nagusi. Alexander Zavarov, Tsar goitizenez ezaguna, denen gainetik aritu zen gau hartan. Platiniren lekua beteko zuen aurrerago Juventusen. Zavarov eta Yakovenko; Yakovenko eta Yaremchuk; Yaremchuk eta Belanov… taldekide eta selekzio kide, betiere Dinamo Kieveko entrenatzailearen inguruan.

   Ukrainarrak ugaltzen joan ziren, Oleg Protassov, Gennadiy Livtotchenko eta hainbat futbolari distiratsurekin. Haiek amaitu ziren eta Ukrainak beste urrezko aro bat ezagutu zuen XX. mendearen amaieran, Sobietar Batasunetik aske, artean Lobanovsky aulkian zela. Shevchenko eta Sergei Rebrov aurrelariek eman zioten ospea talde hari. Camp Nouko 0-4koak arrasto sakona utzi zuen.

 

   Handik aurrera oligarken aroa zabaldu zen. Shakhtar Donetsk bultzatu zuen Rinat Akhmetov dirudunak, eta geroztik itzalean geratu da Dinamo Kiev: futbol eskola aparta sortu zuen kluba. Vladimir Putin, hain futbol zalea izaki, ederki ospatuko zituen Ukrainako futbolari oparoen garaipenak CCCPren izenean. Orain San Petersburgen jarriak ditu begiak, Zenit talde kuttunean. Diruz josi dute, baina nazioartean ez du Dinamo Kiev handiaren sonarik lortu. Futbol kontuetan nostalgiari heldu beharko dio Errusiako nagusiak, Lobanovsky estrategaren handitasunaz jeloskor akaso.  Belaunaldi hartako futbolariek Sobietar Batasunaren izenean ospatutako golak, irabazitako norgehiagokak eta elkarrekin egindako bidea ez dute ahaztu: pertsonen arteko harremanetan oinarritutako bizipenak. Hori baita kirola. Bidea elkar errespetatuz egin zuten. Bereizketarik gabe. Boterea ez da hori ulertzera iristen.

 

 

                                                                                                                                Naxari Altuna (kazetaria)



COMENTARIOS

Name
02/04/22 11:32PM

Aupa Naxari!
Oso interesgarria. Mila esker!!!!


Name
01/04/22 05:12PM


Estimatua dago.


Name
01/04/22 03:09PM

Beste behin, zorionak!!!!!
Zu irakurtzea, plazer ikaragarria da.


Añadir un comentario

:angry: :flowers: :blink: :pinch: :blushing: :crying: :ermm: :getlost: :grin: :happy: :hug: :kiss: :laugh: :blah: :smile: :sad: :tongue: :wink:





Desarrollado por BIT&MINA