Bideak eta ibilbideak || SOCCER442 || el juego del futbol

SOCCER442 el juego del futbol

Bideak eta ibilbideak

BLOG

Bideak eta ibilbideak
2 Comentarios - 1/52/53/54/55/5 - 5 / 1

Image2022/06/16

 

Frantzian daude munduko futbolari gazte onenak”. Esaldia Marcelo Bielsa entrenatzailearena da, Marseilla zuzendu zuen garaikoa. Argentinarrari ez zaio arrazoirik falta, Frantziako futbolaren izana eta bidea aintzat hartuz gero. Goi mailako kluben prestakuntza zentroak oparoak dira, Europako taldeek harribitxiak bilatzen dituzte han, eta gazteek etxean dute lekurik aproposena lehen kontratu profesionala sinatzeko.

 

   Diruak eta ospeak itsututa, hainbat izar goiztiar bidean galdu dira, ibilbide okerra eginda. Profesional izatera iritsi bai, baina aurreikusitako bilakaeratik urrun geratu izan dira. Frantzian, Antoine Griezmannen familiak aukeratu zuen bidea eredugarria izan da hainbatentzat. Hexagonoko harrobietan ez zuen lekurik aurkitu eta Realean hazi zen. Zubietan egindako lanari esker gazte mailako selekzioan jokatzen hasi, eta 19 urtez azpikoekin Europako txapeldun atera zen Normandian jokatutako txapelketan. Baina Frantziako selekzio gazte hartako izarra ez zen Griezmann; ezta Alexander Lacazette ere, garai hartan Lyonekin goi maila zapaldu zuen mutila. Gael Kakuta aurrelariarentzat ziren lerroburu nagusiak.

 

   Kakuta, begietatik sartzen zen futbolaria, Lens taldean hazi zen. Frantzia iparraldeko ikur handienetakoa da RC Lens: Sang et or, meatzarien omenez. Familia kutsuko kluba, Hexagonoan gehienak izan diren bezala. Zaleak bikainak dira. Futbola izan dute han denborapasa nagusia, eta Felix Bollaerteko harmailetan hori nabarmendu izan da.

 

    Gael Kakuta, belaunaldi gazte hartako ospetsuena, bidean galdu zen Chelseak bere atea jo zuenean. 16 urte zituen. Futbolaria eta Londresko taldea bera ataka batean sartu ziren.

 

Lensekin kontratua hautsi zuen futbolariak Chelseara joateko eta FIFAk biak zigortu zituen: Kakutari jokatzea debekatu zioten eta urdinei fitxatzea galarazi. TAS erakundeak, kirol arazoetarako epaitegiak, zigorrak ezerezean utzi zituen aurrerago. Nolanahi ere, Frantziako futbolaren harribitxiak kaltea egina zion bere buruari, kirol ikuspegitik bidean galdu baitzen: hamaika talde ezagutu ditu bere ibilbidean, eta bitxikeria gisa, Lensen ari da egun, duela hamabost urte kontratua hautsi eta gero. Bizitzaren parabola xelebrea.

2010ean Frantziarekin 19 urtez azpikoen Europako txapeldun atera zen talde hartako izarra itzali zen bitartean, haren itzalean aritu ziren Griezmannek, Lacazettek, Coquelinek edo Bakambuk ibilbide oparoagoa eta koherenteagoa egin dute.

 

   Marcelo Bielsa aipatu dugu arestian. Harekin hazteko zuen nahiagatik iritsi zen Lillera Nicolas Pepe aurrelari gaztea. Angers taldean ibilia zen eta aurrerapauso bat eman nahi zuen bere jardun profesionalean. 10 milioi euro ordaindu zituen Lillek. Pepek Frantziako talde on bat aukeratu zuen ikasten jarraitzeko, noraino irits zitekeen jakin gabe. Gaztea zen oraindik jauzi handiagoa egiteko; dohain bikainak zituen, eta bide egokia aukeratu zuen.

 

   Bi sasoi paregabe Lillen eta Arsenalek eraman zuen: 80 milioi euro ordainduta. Nicolas Pepek zur eta lur utzi zituen Frantziako zaleak, bere abiadura eta gol senarekin. Hegazkin bat fitxatu zuen Arsenalek. Baina Londresen ez ditu aurreikuspenak bete Angerseko futbolari ohiak. Premier Leaguen ez du Lillen erakutsitako maila berretsi.

 

   Eta haren dohainak eta aukeratutako bidea ikusita, ezinbestekoa da Realaren azken fitxaketa gogora ekartzea: Mohamed-Ali Cho. Peperen eta Griezmannen arrastoa jarraitu du 18 urteko aurrelariak. Parisen hazi ondoren, haren familiak argi ikusi zuen PSGk harrobia negozioa egiteko erabiltzen duela: Christopher Nkunkuren kasuan, adibidez. Evertonen akademiak bidean hazteko eskaini zion aukera lehenetsi zuen Choren familiak. Eta profesional izateko, Frantziako talde apal bati heldu zioten (SCO Angers), Nicolas Peperen bideari jarraituz. Pepek Lillen eman zuen hurrengo pausua; Chok, berriz, Griezmannen habia aukeratu du hazten jarraitzeko. Bide egokia, paregabea izan daitekeen ibilbidean.

 

   Frantziako Ligan jokatu eta Marseillaren nahiari izkin egitea ez da ohikoa. Parisekoa izaki, ulergarriagoa izan liteke, baina OM Frantziako futbolaren ikur nagusia da, zale kopuruari dagokionez, behinik behin. Leipzig, Eintracht eta Betis ere bide bazterrean uztea esanguratsua da.

 

    Mohamed-Ali Chok aurretik Denoueixek, Griezmannek eta Montanierrek hauspotu zuten taldea aukeratu du. Bada hari gidatzaile moduko bat Frantziako futbola eta Realaren artean.

 

   Harribitxi bat fitxatu dute txuri-urdinek. Bidea aukeratu du eta ibilbidearen maila bere hazkunde prozesuaren araberakoa izango da. Angersekin Lyonen aurka egin zuen partida da bere argazkirik ederrena: aurkariak erotu egin zituen bere abiadurarekin. Gola ez du ohiko bidelagun, oraingoz; zorroztu beharreko esparrua da. Frantziako 21 urtez azpikoekin elkartzen denean badu ikasteko adibide bat baino gehiago: Badiashile, Camavinga, Kalimuendo, Thuram, eta, batez ere, Gouirirekin.

 

   Bielsak aspaldi famatu zituen Frantziako futbolari gazteak.

 

 

 

                                                                                                NAXARI ALTUNA (kazetaria)

 

  



COMENTARIOS

nax
16/06/22 11:56PM


Eskerrik asko!


Name
16/06/22 10:20PM

????? Oso artikulu bikaina!!!


Añadir un comentario

:angry: :flowers: :blink: :pinch: :blushing: :crying: :ermm: :getlost: :grin: :happy: :hug: :kiss: :laugh: :blah: :smile: :sad: :tongue: :wink:





Desarrollado por BIT&MINA