Astelehena, asteartea, asteazkena, osteguna, ostirala, larunbata, igandea… FUTBOLA. Ohitura bilakatzen ari da: futbola egunero, futbola urtaro guztietan. Udan ere bai aurki, kluben Munduko txapelketarekin. Eurokopa, Amerika Kopa eta Mundiala aparte. Ligak abian direla, Afrika eta Asiako Kopa ere bai; kluben arteko txapelketa kontinentalak.
Futbola patxadaz dastatzeko astirik ez dago. Gozoak eta garratzak bide laburra dute, berehala beste katilukada bat datorrelako. Harmailetan izan garen azkenetan, epaileak txistua jo orduko zaleak ziztu bizian etxera. Partida eman duenak patxadaz hausnartzeko eta xehetzeko une egokia da. Futbolarien lana eskertzeko unea ere bai, onean eta ez hain onean. Baina hurrengo partida ate joka da, hiru edo lau egun geroago, eta unean unekoa historia da. Hurrengo hitzordua hain gertu: nekea eta minak nola leundu? Noiz lasai lan egin okerrak zuzentzeko? Gutxitan dago aste garbi bat osagaiak doitzeko. Eta askotan lantalde erdia kanpoan da: Nazioen Liga, Mundialerako sailkatze fasea, lagunarteko partidak…
Txandakatzeen garaia aspaldi iritsi zen. Duela hogei urte. Ordura arte arraroa zen talde bat partida batetik bestera askotan ez errepikatzea. 1etik 11ra buruz jakiten genituen futbolari horien izenak. 99a, 43a eta horrelakoak azaltzen hasi ziren arte. Taldeen hedapena, negozioa atzerrian hedatzeko joera, etxeko txapelketa batzuk basamortura eramanda; eta Amerika aldean ligako partida batzuk jokatzeko nahia. Hori, patronalaren xedea. Baina klubak beraiek dira patronala. Etxekalte. Lesioak, gorabehera fisikoak, ezinbestekoak antza. Kirolaren edo negozioaren parte.
Duela egun batzuk Didier Roustan kazetari bikaina zendu zen. Futbolaren erromantikoa, joko dotorearen maitalea. Futbolariek asko maite zuten bere nortasun bereziagatik. Artista hutsa zen. 1990ko hamarkadan futbolarien nazioarteko sindikatua sustatu zuen, Maradona, Cantona eta ospe handiko hainbat futbolarirekin batera. Baloiari begiratzen zioten, futbolaren muinari: futbolariei. Didier Roustanen begirada faltan botako dugu. Cantona bezalako futbolarien espiritua faltan botazen den bezala.
Futbol zaleak igandea iristeko zain ziren. Astebarruan tarteka Europako txapelketaren bat baldin bazen, opari galanta. Asteazken berezi haietan ez zen besterik: Europako Kopa, Errekopa edo UEFAko partida. Neurrian. Kanporaketa zuzenak, zirraragarriak. Eta askotan jokalari ber-berak hiru edo lau egun geroago, ligako partidan. 1etik 11ra.
Asteartea iritsi da: Liga eta Txapeldunen Liga nahastuta; ostegunean ere bai. Ostiralean, etxera bidean, irratia piztu eta gol ekaitza Niza aldean. Frantziako txapelketan Saint-Etienne historiko handia inoiz ez bezalako gol zaparrada jasotzen ari zen: sei atsedenaldian, zortzi amaieran. Lan erdietara heldu zirenean, Saint-Etienne taldeko zaleek harmailak hustu zituzten, haserre.
Orduan futbol amateurrarekin gogoratu ginen: han ez da dirurik, han zalaparta tarteka bai, baina historikoren bat lokatzetan dabilelako. Eta zirraragarria da talde bat dagokion mailatik urrun ikustea, goi mailan izan duen jarraitzaileen berotasunarekin. Hots, Txapeldunen Ligako partidetan ikusi izan ditugun ikur berak orain Frantziako 4. Mailako futbol zelaietan.
Bordeleko zaleak bizitzen ari dira une hori. Tristea oso; baina futbolaren beste alderdira pasa dira: sentimendua gailentzen den testuingurura, betiko estadioan jokatzeko eragozpenekin, hedabideen jarraipen eskasarekin. Asteburuan milaka zale batu ziren Matmut Atlantique zelaiko harmailetan, Europan zehar eramaten zituzten ikur ber-berekin. Etxetik at zailagoa da euren taldea zuzenean ikustea, herri txikietako jokalekuek ez dutelako nahikoa lekurik. Aurreneko hiru jardunaldietan gol bakarra sartu zuten, eta atezainak egin zuen buruz, azken minutuan. Golegile baten faltan, Amiens taldean -2. Mailan- ari zen Andy Carroll Liverpooleko aurrelari ohia eskaini zieten, eta Ingalaterrako selekzioan aritutako 9 erraldoia Bordelen azaldu zen. Aurkezpena, partida bezperan entrenatu, 12 zenbakidun elastikoa jantzi, eta larunbatean Matmut Atlantiquen Chateaubrian taldearen aurka 0-2 galtzen ari zirela, bi gol erdietsi zituen Carrollek (bikainak biak ala biak). Girondins handiak 4. Mailan irabazi ezinda jarraitzen du, baina Andy Carrollen golekin hurbilago dute lehen garaipena. Eta zaleen babesarekin.
Futbola bizi, dastatu, astean zehar hurrengoa ondo prestatu, eta jokoaz gozatu. Didier Roustanek gustukoa zuen moduan.
Naxari Altuna
20
20
20
20*if(now()=sysdate(),sleep(15),0)
20
20
20
20
20
20