Ortzadarraren oihua. Zubi luze batek hamar futbol zelai batzen ditu lurralde handi honetan, hamaika koloreko zaleei eskua luzatuz. Ez da arraroa txinatar bat brasildarrez mozorrotuta ikustea. Ohikoa bihurtu da hegoafrikarrak Espainiaren koloreekin janztea. Eguneroko kontua da ertamerikarrek elkarri babesa ematea.
Mundial berezia da hau. Ezberdina. Urruna. Hegoafrika ez da futbol eremu ohikoa. Orlando Pirates eta Kaizer Chiefsen arteko derbiak ez du halako zalapartarik sortzen. Egunotan, ordea, Hego hemisferioko txoko honetan, zalaparta mundiala sortu da. Mundua Hegoafrikari begira jarri zaiolako, eta hegoafrikarrek atea zabaldu diote munduari. Turuta hotsa da bertakoen ahotsa; ozena, sakona, astuna. Tuuuu? It's time for ayoba!
Mundial honek hamaika kolore ditu. Inoiz baino kosmopolitagoa da. Munduko txapelketan amerikar kontinenteko zaleak nabarmentzen ari dira, eta eurekin bat egin dute kontinente hartako selekzioek. Txikienatik hasita. Guaraniek indartsu jo dute. Uruguaik, beste hainbeste. Charruen Mundiala dirudi, Maracanazoaren 60. urtemugan. Txilen, Beausejour, aita maputxea duen aurrelariak jaso du bandera. Carlos Caszely, Ivan Zamorano, Marcelo Salas, eta Humberto Suazo bera, itzalean utzi ditu. Mexikon Chicharito denen ahotan dabil. Chicharo Hernandez, Hugo Sanchez eta Javier Agirreren garaiko selekziokidearen semea. Bizia, azkarra. Argentinak bolboraz bete du biltegia.
Eta Brasilek O fabuloso atera du Il fenomenoren ordez. Torcidak "
retranqueiro" oihu egiten dio Carlos Dunga hautatzaileari. Jokalari zenean bizi eta sentitutakoa aulkitik erakusten eta gauzatzen saiatzen da. Carlos Alberto Parreiraren dizipulua da: gogoratu, 1994ko Mundiala, euskarri defentsibo bikoitzaren mugarria, Dunga, Mauro Silva, Mazinho, Cesar Sampaio. Tele Santanarekin zerikusirik ez. Gogoratu, 1982ko Mundiala, futebol artearen garaia, Junior, Toninho Cerezo, Eder, Falcao, Socrates... "
Retranqueiro", zuhur jokatzen duelako. Gilberto Silva eta Felipe Melo dira 1994ko Dunga eta Mauro Silva (honek ez du parekorik), edo Mazinho eta Cesar Sampaio. Zaleek "
retranqueiro" esaten jarraitzen dute, baina irabaziz gero, banderari eusten diote: ordem é progresso!
Afrikarrekin sekulako atsekabea hartu dut. Ez dute ikasten. Bertako hautatzaileekin izan dituzte emaitzarik onenak (Hassan Sheata Egipton, Rabah Saadane Aljerian...), baina atzerritarrak fitxatzeko ohiturarekin jarraitzen dute. Etorri bezala joan egiten dira, herrialdearekin inolako loturarik izan gabe. Euren kultura eta ohiturak ezagutu barik. Paul Le Guen, Sven Goran Eriksson eta enparauak talde bila ariko dira, honezkero, Afrika ahaztuta.
Europa zaharra, inoiz baino zaharragoa txapeldunaren eskutik. Italia mágica entzuten zen ekaineko gau bero hartan Berlinen. Zidaneren irria itzali zen egunean. Azzurrien etxea erortzen ari da.
Frantzian oilarrak burua galdu du. Garai batean, Laurent Blanc "
Le President" delakoak eta DD ilehoriak oilategia ederki antolatua zuten. Orain, Raymond Domenech, bere hautuak astrologiaren zeinuei jarraituz hartzen dituen hautatzaileari oilarrek barre egin diote. Nagusia etxetik kanpo dagoenean bezala, haurrek dena hankazgora jarri dute. Ugazaba etxera etorri eta oilarrek iseka egin diote. Sekula ikusi gabea. Ingalaterra justu antzean dabil, Fabio generalarekin. Atezainekin bueltaka. Kalean taxiak geratzeko ere arazoak dituzte. Peter Shiltonen garaiak urrun geratu dira. Eta Espainia esnatu dela ematen du. Tuuuuu, agian vuvuzelen hots ozenari esker.
Ayoba!
Naxari Altuna (ETB-ko kazetaria)