Ispiluaren aurrean || SOCCER442 || futboleko jokoa

SOCCER442 futboleko jokoa

Ispiluaren aurrean

BLOGA

Ispiluaren aurrean
0 Comentarios - 1/52/53/54/55/5 - 3 / 2

Image2020/05/12

 

   Hauskorrak gara. Oso. Sistema bera hauskorra da. Urruneko arazoa zelakoan, jokoz kanpo harrapatu du egitura osoa: goitik behera. Eraikitako jokalekua indartsua, osasuntsua zelakoan. Gabeziak agerian geratu dira; borondateak eta grinak, izerdiak eta elkartasunak leundu dute gainezka egin duen egituraren ezintasuna. Maskarillen beharraren irizpide aldaketak, testen misterioa, aldi baterako lan erregulazio txostenak, etxealdia, deskonfinamendua, politikarien arteko ika-mikak eta kontraesanak, lan merkatuaren prekarizazioa, hainbat jardunen etena, langabezia, osasun sarearen kolapso arriskua, beharra dutenen zaintzaren garrantzia, grafikoak, zifrak, kurbak eta ratioak. Eguneroko kezka eta paisaiaren parte bihurtu dira. Argiaren abiaduran bizitzetik, makina itzaltzera. GAME OVER. Egitura hauskorraren erdian, gizaki euskorrak.

 

   Hainbat gauza duela ez hainbeste utzi genituen lekuan daude. Guri begira. Baina ez, derrigorrez, gure zain. Gizaldi oso bat pasa dela ematen du. Argiaren abiadan bizitzetik erabateko itxialdira aitaren batean pasatzearen shock-egoera. Egunerokotasunaren arnas faltak itota. Normaltasuna, amets bihurtua. Gauza xumeen balioa gogoaren erdigunean. Hainbaten gogoeta.

 

 

   Handitik txikira. Buztinezko oinak agerian. Ahuldadea. Ustezko handitasunean. Jende ilara amaigabeak saltoki handietan. Etxe ondoko dendak, gertukoak, goxoak, beti bezain leial. Eta bakarti. Haiek hustu ziren eta orain haiekin gogoratuko dira, bat-batean. Guk hara joaten jarraituko dugu. Nagusien istorioak entzutera, haien bizipenak, artisauen irakaspenak jasotzera. Etxean bezala inon ez. Jende pilaketa eta zalapartatik urrun.

 

   Halako batean, kalera atera da mundua, tropelean. Ilunabarrarekin batera, bidean izoztuta geratu zen presak hartu du krisiaren hasierako txalo zaparradaren grina. Zurrunbiloa, berriro ere: arnas estua.

 

   Futbolariak ere aspaldi dabiltza itzuli nahian. Gutxi batzuen kasua izango da balizko itzulera. Futbol profesionalak ahalegin berezia egin du, protokolo marduletan katramilatuta, errota berriro ere martxan jartzeko. Irizpide ekonomikoak bultzatuta. Zuloa itzela izango litzatekeelakoan. Soldata murrizketak izan dira, eta aldi baterako lan erregulazio txostenak nonahi. Futbola arimarik gabe itzuliko da. Zalea bezero bilakatuko da etxeko pantailaren aurrean. Baina futbol profesionalak aurrera egingo du, hainbat eztabaiden erdian.Tirabira franko izan dira bidean. Interes komunaren azpian, iritzi dibergenteak. Distantzia soziala osasun bermearen ardatzetako bat izaki, nola jokatu arrisku horrekin? Kezka hori izan dute eta badute futbolariek; pudorea ere bai, testak “ezinbestekoak” diren hainbati baino lehen eurei egin izanagatik. Futbolari batek planto egin du: Fali, Cadizeko atzelariak. Lehen Mailara igotzeko borrokan dira andaluziarrak eta, bere hitzetan, “gorengo mailan jokatzeari uko egiteko prest” azaldu da, inor arriskuan ez jartzeari lehentasuna emanez.

 

    Industria hitza inoiz baino gehiago entzun dugu azken asteotan futbolari lotuta. Negozioa salbatzeko aitzakian. Erromantizismoaren azala aspaldi kendu zioten. Kontratu eta soldata potoloak jokoan dira. Klub batzuek bereak eta bi egin dituzte euren helburuak bete ahal izateko, diru-kutxa hautsez harrotuta. Agintarien kezka futbol profesionala hauspotzea da: negozioa. Haien begietara errentagarria ez den futbola bide bazterrean geratu da: emakumezkoen Lehen Mailatik beherako guztia. Agintariek futbolari buruz hitz egiten dutenean bi maila agerian geratu dira: euren futbola eta beste futbola. Azken horrek gorpuzten du jardunaren jatorrizko grina: espiritu amateurra.

 

    Bi hilabete luze daramatzagu jokoaz gozatu gabe. Hori gutxienekoa da, pertsonak kinka larrian izanda. Hala ere, hutsunea nostalgiaz bete da, sormena erein zuten aspaldiko artisau batzuk bidean geratu direlako azken egunotan: futbolak industria deritzoten kutsua hartu baino lehen, gerora futbol modernoak bere egin dituen hainbat printzipio eta asmo hezur-mamitu zituztenak. Orain berrogei urteko kontuak dira. Ororen gainetik, jokoa arnasten zen garaikoa.

 

   Frantzia, futbolaren abangoardia izan zen 70eko eta 80ko hamarkadetan formakuntza arloan. Europan aurreratuenak ziren. Jokoarekiko sentsibilitate berezia erakutsi zuten garai hartako entrenatzaileek. Arrastoa utzi zuten. Mutikotan gure arreta piztu zuten horietako bi zendu berri dira. Haienganako jakin-mina euren taldeen jokoak sortu zuen. Garaikideak biak ere: Michel Hidalgo, “Football Champagne” izendatu zutenaren gidaria, eta Robert Herbin, Saint-Etienne handiaren sortzailea. Garai haietara jauzi eginda, egungo futbolari modernoen prototipoak ikus ditzakegu: Osvaldo Piazza Kaiser txikitik hasi, Gerard Janvion eta Gerard Farison hegaleko atzelari luze eta sakonekin jarraituz. Atzelari erasokor iraultzaileak guztiak ere, Saint-Etienne Frantziako talde kuttunarekin. Futbolari beste zapore bat eman zioten berdeek. Frantziako selekzioak jaso zuen, neurri batean, talde haren egitura. Michel Platini iritsi zen urte batzuk geroago, eta 80ko hamarkada kolorez margotu zuten. Entrenatzaile humanistak ziren bi talde haietako lemazainak. Hori azpimarratu dute euren futbolari izandakoek. Futbola, futbol bete-betea zenekoa.

 

   Humanistak, garaiotan beharrezkoak ditugun artisau horiek.

 

 

 

 

                                                                                                                    Naxari Altuna

                                                                                                                                                @naxaltuna



COMENTARIOS

Añadir un comentario

:angry: :flowers: :blink: :pinch: :blushing: :crying: :ermm: :getlost: :grin: :happy: :hug: :kiss: :laugh: :blah: :smile: :sad: :tongue: :wink:





www.bitymina.com-ek garatua