Etxeberria, Irigibel, Martin. Txikitan ikasi genuen hirukoa. Osasunaren aurrealdea osatzen zuten. Enrique Martin Monreal zen hirugarrena. Ezker hegaleko zorrotza. Bizkorra. Osasunarekin igo zen Lehen Mailara Condominako partida historiko hartan, Pepe Alzate aulkian zela. 1980ko ekainaren 1a zen. Aurrealde bortitza zuten nafarrek, taldeari nortasun berezia ematen ziona.
Handik bi urtera Real Madrilek fitxatu nahi izan zuen Enrique Martin Monreal. Eskaintza mahai gainean zuen Fermin Ezkurra presidenteak, baina klubak ez zuen onartu. Bazkideek babestu zuten erabaki hura. “Harrobiko kluba baldin bagara, gure jokalaririk onenak gorde behar ditugu, bestela ez ginateke koherenteak izango”. Presidentearen hitzak, bazkideen asanblada amaitutakoan.
Osasunak bidea egin zuen Lehen Mailan. Patxi Irigibelen hainbat golek Martinen usaina zuten; haren korrikaldi edo pase baten zapore gozoa. Arrastoa utzi zuen hamaika zenbakia bizkarrean zintzilik zeraman jokalariak. Condominako igoera hura makina bat izerdi bota ondoren iritsi zen.
Bi belaunaldi geroago, Bigarren Mailara itzuli zirenean, bidean erabat galduta zeudela, ezinezkoa zena egi bihurtzeko Enrique Martin Monreali deitu zioten. 1996/97 denboraldiko laugarren entrenatzailea zen. Rafa Benitezek hasi zuen ikasturtea; Pedro Mari Zabalzak ordezkatu zuen bidearen hastapenean; Miguel Sola iritsi zen ondoren; eta Liga amaitzeko bost partida falta zirela Enrique Martin Monreal jarri zuten aulkian. Osasuna 2.B Mailara begira zen aspaldi. Miraritzat zuten jaitsiera saihestea. Taxoaren ipini zituen begiak entrenatzaileak, Osasunaren etxean, bere etxean; eta hango bi gazterengan jarri zuen konfiantza osoa. Batak 17 urte zituen, besteak 20. Euskarria eta erasoko jokalaria. Pablo Orbaiz eta Roberto Martinez “Tiko”.
Enrique Martin Monrealen aurreneko partida Badajozen izan zen, Vivero futbol zelaian. Hutsean amaitzear zen norgehiagoka. Beste urrats bat 2.B Mailarantz, eta diru kutxa hutsik. Zorrak alde guztietatik. Akabo Fermin Ezkurrak eta bere kideek urteetan egindako lan paregabea. Martinek gauza bat argi zuen: Osasuna zer izan zen eta nola izan behar zuen. Badajozen, azken minutuan, Tikok jarri zuen etorkizuna eraikitzeko aurreneko harria. Gola, 89. minutuan. 0-1. Osasunak beste hiru partida irabazi zituen jarraian, eta mailari eutsi zion, Enrique Martin Monreal aulkian zela.
Suspertu egin zen Osasuna eta Lehen Maila zapaldu zuen, beste behin, Miguel Angel Lotinarekin. Baina, gorrien bidea onenen artean aurreko aldian bezala amaitu zen, urte batzuk geroago. Estu, zorrez josita. Eta haztegiari heldu zioten, egoera gordina den bakoitzean bezala. Jan Urbanek hasi zuen birmoldaketa lana, baina emaitza txarren ondorioz bota zuten, negu gorrian. Oso baldintza kaskarretan lan egin zuen poloniarrak. Jose Manuel Mateo jarri zuten haren ordez, baina aitaren batean kiskali egin zen. Azken aukeraren aurrean, Enrique Martin Monrealen atea jo zuten, beste behin, Osasunako agintariek. Klubak urteetan egindako hankasartzeak Ligako azken sei partidetan konpondu behar zituen. Berriro ere.
Sabadellen ginen azken partida komentatzen. Eta, ustekabean, kirioak dantzan izan genituen arratsalde osoan. Osasunak puntu bat nahikoa zuen amesgaiztoarekin amaitzeko 2.B Mailara jaitsita zegoen taldearen etxean. Kataluniarrak 2-0 hasi ziren irabazten. Bigarren zatia aurrera zihoan eta nafarrak jota zeuden. Eurak ere 2. B Mailara bidean. Itolarria. Izua. Harmailetako kolore gorria beltz bihurtzeko zorian. Asier Riesgoren geldituek hauspotu zuten taldea. Enrique Martin Monrealen bihotzak erronkari eutsi zion, eta azken aurreko bultzada eman zion aulkitik Osasunari. Gola iritsi zen, halako batean; eta erabakigarria, berdintzekoa, partidako azken jokaldian: Tikok Badajozen hemezortzi urte lehenago egindakoaren lekukoa hartu zuen Javier Flañok Nova Creu Altan. Taxoarek eman zion arnasa Osasunari.
Etxekoei helduta, betiko bidera itzuli ziren gorriak ikusi zituztenean. Beharrak jota, presidentearen hitzek ere bide hori hartu zuten. Baina bide horren defendatzailerik sutsuena entrenatzailea izan da: Enrique Martin Monreal. Berak hauspotu du Osasuna unerik zailenetan, eta taldea Lehen Mailan utzi du, gorputz eta arimaz.
Naxari Altuna (periodista) @naxaltuna