Eredu propioak || SOCCER442 || football game

SOCCER442 football game

Eredu propioak

Eredu propioak
0 Comentarios - 1/52/53/54/55/5 - 2.75 / 4

   ImageOstegun arratsaldea Urbietan. Hainbat gaztetxo baloiaren inguruan Gernikako futbol zelai nagusian. Metro karratuak taldeka banatu dituzte, haztegiko gazteen artean. Ikastolatik irten berriak dira. Botak jantzita, entrenatzaileari begira daude, ikasten jarraitzeko prest. Lanean hasi dira, jolasean.

 

   Entrenatzaileak dira gazte horien ikurrak. Ez nolanahikoak. Hainbat Gernika futbol talde nagusiko jokalariak. Lander Torrealdaikapitaina, Gorka Larruzea eta Ibon Entziondo, besteak beste. Gaztetxoek asteburuan lehiatzen ikusten dituzte harmailetatik. Ikastolatik irtetean, berriz, haiekin bat egiten dute. “Gernikaren funtsa da hori. Guk nagusiengandik jaso genuen bezala, orain guri dagokigu ematea. Ilusio handia egiten die gazteei gu beraien entrenatzaile izateak. Lotura berezia dago herria eta klubaren artean”. Gorka Larruzea erdilariaren hitzak dira, duela aste batzuk jasoak, talde nagusia zulotik atera nahian zebilela. Gernikan maila guztietatik igaro da Gorka , gora iritsi arte. Ander anaia ere taldean da, ezker atzelari.

 

   Ostegunean jai izan ohi du talde nagusiak. Horregatik gazteekin lasaiago aritzeko tartea izaten dute jokalariek. Eurek jasotako balioak txertatzen dituzte gazteen artean. Herriko semeak, hainbat kasutan, herriko taldearen zutabe. Haziak emango du fruitua gerora ere.

2. B mailan ari da Gernika. Hamar euskal talde dira guztira bigarren multzoan. Zortzi bizkaitarrak. Izaera ezberdineko taldeak, guztiak ere. Bereziena eta apalenetakoa da Gernika. Hirugarren mailatik igo zen duela bi denboraldi herriko dozena bat jokalarirekin eta mailari eutsi zioten. Aurtengo sasoia, ordea, ez zen batere ondo hasi. Jabi Luaces entrenatzailea ere klubeko talde ezberdinetatik igaro da. Une txar haietan Gernikaren izaera bereziari buruz galdetuta, aldagelaren garrantziaz: “Egia da herriko jokalari asko daudela hemen. Maila onekoak. Hori azpimarratu nahi dut. Askotan hitz egiten da aldagela bereziari buruz eta abar. Hala da, baina lagunak izatearekin bakarrik ez da nahikoa. Eta horregatik futbolari hauen maila goraipatu nahi dut. 2.B mailan ari dira lehiatzen”.

 

 

   Duela bi hilabete jaitsiera tokietan zen Gernika. Joan zen denboraldiko sendotasuna galduta, etxetik at batez ere. Bidean ikasten joan dira, okerrak zuzentzen, eta apurka apurka sendotasuna berreskuratuta emaitzak iritsi dira. Nola, gainera. Aurten partida bat aurrera ateratzea oso zaila da eta zazpi jarraian irabazi ditu Gernikak!

 

   Jabi Luacesen taldeak hirugarren tokian amaitu du lehen itzulia. Euskal talderik onena da, Leioa, beste talde apal eta eredugarria hurbil duela. Joan zen larunbatean 1-0 azpiratu zuten Logroñes Urbietan. Neurketa horretan herriko dozena erdi bat jokalarik hartu zuten parte.

 

   2. B mailara Txina eta Qatar aldetik erosleak iritsi dira azken boladan. Gernikan arnasgune paregabea dauka futbolak.

 

 

 

                                                                                             Naxari Altuna (periodista)  Image @naxaltuna



COMENTARIOS

Añadir un comentario

:angry: :flowers: :blink: :pinch: :blushing: :crying: :ermm: :getlost: :grin: :happy: :hug: :kiss: :laugh: :blah: :smile: :sad: :tongue: :wink:





Developped by WWW.bitymina.com