Eibarren funtsa || SOCCER442 || el juego del futbol

SOCCER442 el juego del futbol

Eibarren funtsa

BLOG

Eibarren funtsa
0 Comentarios - 1/52/53/54/55/5 - 2.333 / 3

Image(11/04/17)

 

Jose Luis Mendilibareta Eibar neurriko zapatak dira. Elkarbizitzak fruitu bikainak eman ditu. Dozena bat urte atzera eginda aurreneko aztarnak ageri dira: Gorka Iraizoz, Gaizka Garitano, David Silva eta Joseba Llorente taldeko ardatzak zirela. Asteburu honetan gertatu bezala, Balaidosen irabazi zuten txapelketako azken txanpan. Ostiralean mintzatu ginen horretaz Zaldibarko entrenatzailearekin. Irribarrea ageri zen haren aurpegian.

 

   Celta – Eibar hura 2. Mailan jokatu zen. Armaginek azken jardunaldirarte izan zuten Lehen Mailara igotzeko aukera. Azkenean, garaipen bakarrera geratu ziren. Arimaz eta gorputzez talde handia zen, joko koordenada argiekin; aldarteak, elkartasunak eta futbolarien kalitateak talde borobila osatu zuten. Gozamena zen Eibar jokatzen ikustea. Entrenatzailearen nahia garbi erakusten zuen taldea zen.

 

   Armaginek urrats handiak egin zituzten 2. Mailan izandako hemezortzi denboraldietan, Alfonso Barasoainen mirarietatik hasita. Bertako jokalariekin ibilbide paregabea egin zuten, lan eta sufrimendu handiz. Zutabeak sendoak ziren, Garmendia, Luluaga, Bixente, Artetxe eta enparauekin. Talde trinkoa; iragazgaitza. Eta horrek kondaira antzeko bat sortu zuen Eibar definitzerako orduan: “Atzean sartu eta zuzen jokatzen duen taldea. Indartsua”. Gerora, hainbat urtetan, errealitatea oso bestelakoa izaki, definizio horri eutsi izan diote han-hemenka.

 

   Jokamolde zaharretatik, lanaren eta elkartasunaren balioak ezagunak dira Ipuruan. 1991/92 denboraldian, artean garaipenak bi puntu balio zuenean, Eibarrek 19 gol alde eta 22 aurka izan zituen 38 jardunaldietan. Mailari eutsi zioten beste behin, Mikel Etxarri aulkian zutela. Zenbaki horiek oso esanguratsuak dira: talde lanaren indarra erakusten dute, izaeran eta arlo taktikoan. Denak bat eginda. Jokalariak oso kilometro gutxian sortuak ziren. Jose Inazio Garmendia kapitainak aldagelan esan ohi zuen moduan: “Aurten ere bazegok”. Heldulekua.

 

  

  

   Taldeak bilakaera interesgarria izan zuen hurrengo urteetan, beste era bateko baliabideekin. Jose Luis Mendilibar eta arlo teknikoaren ekarpena ezinbestekoa izan zen bidean hazteko. Periko Alonsoren taldearekin urte batzuk lehenago gertatu bezala, Lehen Maila hatz puntekin ukitu zuten. Ñabardura berriak ageri ziren jokoaren esparruan, betiko balioak oinarri. Egun indarrean daudenak.

 

   Gorabeherak gorabehera, funtsari eutsi zioten, eta Gaizka Garitano, Mendilibarren taldeko kapitain handia izan zenak, beste maila batean jarri zuen Eibar. Gorengo mailan.

 

   Gaizkaren lanari jarraipena emateko, maisua itzuli zen Ipuruako aulkira eta mundu osoa galdezka ari da: zein da armaginen sekretua? Funtsa, noski. Lehen eta oraingoa. Funtsa hori mamitu dutenek hauspotua.

 

   Eibar marka guztiak hausten ari da Lehen Mailan. Puntu kopurua eta aldeko golak gainditu ditu. Gol gehien egin duen bosgarrena da, Bartzelona, R. Madril, Atletico eta Sevillaren atzetik. Talde sendoa eta fina da, aldi berean. Azken urteotako eboluzioaren lekuko argia.

 

   Hobetzen jarraitzeko grina bizirik dago. Entrenatzailearen irribarreak erakusten du aldartea. Eta pozgarriena, bidean oinarriak ipini zituzten etxeko futbolarien aurpegiak ikustea da. Harmailetan, zoriontsu.

 

   Jose Luis Mendilibarrek kontratua luzatu eta Eibarren jarraituko du beste urtebetez. Arima. Zaldibarko entrenatzailearekin euren mailarik onena ematen ari dira zaharrak eta berriak, hangoak eta hemengoak: Yoel, Capa, Lejeune, Arbilla, Dani Garcia, Escalante, Pedro Leon, Inui, Adrian, Kike, Enrich… Ipuruan futbolari hobeak bilakatu dira.

 

   Esana du entrenatzaileak, futbolean orain zuria dena bihar beltza izan daitekeela. Pertsona eta metodo berak izanagatik. Baina, orduan ere, Garmendiaren hitzei lotuko zaizkie aurrera egiteko: “Aurten ere bazegok”. Muina.

 

 

 

                                                                                   Naxari Altuna (kazetaria)   Image  @naxaltuna



COMENTARIOS

Añadir un comentario

:angry: :flowers: :blink: :pinch: :blushing: :crying: :ermm: :getlost: :grin: :happy: :hug: :kiss: :laugh: :blah: :smile: :sad: :tongue: :wink:





Desarrollado por BIT&MINA