Austriako futbolaren erdigunea: Vienatik Salzburgora || SOCCER442 || el juego del futbol

SOCCER442 el juego del futbol

Austriako futbolaren erdigunea: Vienatik Salzburgora

BLOG

Austriako futbolaren erdigunea: Vienatik Salzburgora
0 Comentarios - 1/52/53/54/55/5 - 5 / 1

 

 

 

Image13/02/2018

 

  Viena atzean utzita, Bratislavara bidean, Europa erdialdeko istorio zaharrak pilatzen dira Danubio ibaiaren ibilian. Hankak lurrean ipini eta, hurrengo egunean, Trnavara eraman gaitu trenak. Kuriositateak bultzatuta. Futbol zelai berria dute Eslovakiako hiri horretan, dotorea. Uztaila da eta estadioaren kanpoaldean Spartak Trnavako zaleak Vienara eramango dituen bidaia antolatzen ari dira. Europa League txapelketa udako aurreneko egunetan jokatzen hasiko baitira Austria eta Eslovakiako klub xumeak. Austria Viena historikoaren aurkako lehia prestatzen ari dira Trnavako jarraitzaile sutsuak. Prater ospetsura bisita: Ernst Happel futbol zelai gogoangarria.

 

   Ernst Happel, bidaia hartako izen distiratsuetako bat. Austriako entrenatzaile handia gogoan. Feyenoord Europako gailurrera eraman zuen eta Hamburgorekin errepikatu zuen balentria urte batzuk geroago, Reala final erdietan kanporatuta. Europako Kopa bi talde ezberdinekin irabazi zuen aurreneko entrenatzailea izan zen, eta azpitxapeldun atera zen, beste behin, Brujasen aulkian. Txuri-urdinen nazioarteko ibilbidean  lehenengo aurkari austriarra, Happel jauna. Zigarroa ezpainetan. Kea zeriola. Vienatik Bratislavara bidea egiten duen baporeak bezala.

 

   Austriarrek aurrera egin zuten Spartak Trnavaren kanporaketa hartan. Mitropa Cup zaharraren istorioak urrun geratzen ziren, Matthias Sindelarrek bereak eta bi egin zituen garaiko pasadizoak. Paperezkoa omen zen gizona, arina, dotorea. Der Papierene. Garaiko artistarik distiratsuena baloia hanketan zuela. Munduko selekziorik onenaren izar nagusia zen:  Wunderteam (talde zoragarria) esaten zioten Austriari.

 

   30eko hamarkadan, Alemaniak Austrian eskua sartu zuenean, Hitlerri bizkarra eman zion Sindelarrek. Austria 1934ko Mundialean finalerdietara eraman zuen jokalariak uko egin zion germaniarren elastikoa janzteari. Hamarkada horretan baloia lurrera jaitsita erakustaldiak eman zituen han hemenka Wunderteam delakoak, Hugo Meisl entrenatzaileak gidatuta. Futbolaren historian erreferentzia den teknikaria, iraultzailea, orduko joera eta jokamolde nagusietatik urrun bizi zelako. Sindelar kapitaina bezala.

 

   Alemaniarrek zokoratu zuten paperezko futbolaria. Eta egun batean, emaztea eta biak hilda agertu ziren Vienako etxean. Berogailuaren gas isuriak eragin omen zuen senar-emazteen heriotza. Matthias Sindelar Austriak inoiz izan duen futbolaririk handiena da. Mitoa.

 

Wunderteamdelakoa ez genuen jokatzen ikusi, baina bai 1978-82 garaiko selekzioa. Jokalari bikainak zituen Austriak: Friedrich Koncilia atezainatik hasi eta Hans Krankl aurrelariraino. Baina tartekoek txunditu gintuzten: Bruno Pezzey liberoak, bereziki. Baloia hanketan, dotorea zen Eintracht Frankfurtekin UEFA irabazi zuen atzelaria. Gazterik hil zen, artean 40 urte ez zituela. Orduko bi liberorik handienetakoek amaiera tristea izan zuten: Pezzeyk eta Scirea italiarrak.

 

   Kurt Jara, Herbert Prohaska eta Walter Schachner ziren Austriako beste jokalari handiak (Bernd Krauss, Realeko entrenatzailea izan zena ere talde hartako partaidea zen). Futbolean ederki  jokatzen zuten, baina, tamalez, Espainiako Mundialean Alemaniarekin antolatu zuten tongo haren ondorioz ospetsu egin ziren. Aljeriako selekzioa haien biktima izan zen. Alemaniari mesedea egiteagatik, Belloumi, Madjer eta enparauak gehiago ikusteko aukerarik gabe geratu ginen uda hartan.

 

   Anton Polster aurrelari handia izan zen hurrengo belaunaldiaren buru. Andreas Herzog ezker fin eta zorrotzaren laguntza izan zuen selekzioan, Sevillarekin 1989/90 denboraldian 33 gol erdietsi zituen aurrelariak. Austria Viena eta Rapid taldeko ikurrak izan ziren bi horiek, hurrenenez hurren, lurralde hartan historikoki nagusi izan diren klubetako armarriak.

 

    Vienako talde horiek izan dira Austriako ospetsuenak, Errekopako finala hirutan  jokatuta. Tirol aldean Innsbruck  sasoiko izan zen aspaldi, baina Salzburgo da UEFAko finala  jokatu duen bakarra. SV Austria Salzburg zen hasieran, eta diruaren eraginez maiz aldatu du bere izena Mozarten jaioterriko taldeak: 1993/94 denboraldian Casino Salzburg bezala ageri zen Inter Milanen aurkako UEFAko finalean. Italiarrak txapeldun atera ziren, bi partidetan gol bateko aldeaz irabazi ostean. Europako Kopa, Errekopa eta UEFAko Koparen garaian, Austriako taldeak galtzaile izan ziren jokatu zituzten lau finaletan. Salzburgo ospetsu egin zen 90eko hamarkada horretan Austriako bi jokalari iritsi ziren Realera: Markus Pürk eta Dietmar Kühbauer. Ez zuten arrastorik utzi elastiko txuri-urdina jantzita.

 

   Morea eta zuria ziren Salzburgoren betiko koloreak; babesleen eraginez, ordea, izaera eta izana aldatuz ibili da aspaldi honetan. Kluba multinazional handi baten eskuetan geratu den arte, egungo futbolaren zezenak harrapatuta. Haztegi transnazional antzeko bat osatu eta 19 urtez azpiko Europako txapelketa (Youth League) irabazi zuen iaz Salzburgok, finalerdietan Bartzelona eta finalean Benfica azpiratuta. Bertako eta atzerriko hainbat futbolariz hornitu dute harrobia eta talde nagusia. Oso bitxia da Austriako Bundesligan talde bat Afrika, Asia eta Brasilgo jokalariz beteta ikustea. Herrialde hartako indartsuena bilakatzeraino. Baina ez du Txapeldunen Liga jokatzeko aukerarik izan, Austrian inoizko azpiegiturarik onena izan arren. Hori ez da nahikoa izan Europako onenen artean aritzeko.

 

   Roger Schmidt entrenatzaile alemaniarrak gailurrera eraman zuen Salzburgo duela urte batzuk. Guardiolaren jakin-mina piztu zuen talde haren jokoak, bere izaera erasokorragatik. Goian estutzeko erakusten zuen grinak harrituta utzi zuen entrenatzaile kataluniarra, eta Bayern Munichen zela, gertutasuna baliatuz, Schmidten taldea ikustera joaten zen ahal zuen bakoitzean. Roger Schmidt Leverkusenek eraman zuen gero, eta Oscar Garcia Junyent kataluniarrak hartu zuen haren lekukoa aulkian. Jonathan Soriano golegile handia buru zuela, Austrian dena irabazi du azken urteotan Salzburgok. Espainiako Ligara itzultzeko eskaintzak jaso zituen egun Txinan ari den aurrelariak, baina atzetik zituen taldeek ezin zioten Salzburgon irabazten zuen dirutza ordaindu. Austriako futbolaren erdigunea Salzburgora mugitu zen aspaldi, bere kolore zurigorri berriekin.

 

   Nolanahi ere, erroei eutsita, egungo futbolak hartu duen norabidearekin bat egiten ez duten zaleek bizkarra eman zioten klubari. Arima berreskuratu nahi izan zuten, garai bateko elastiko morea eta zuria jantzita. SV Austria Salzburg birsortu zuten, orduan, “Against modern football” lelo ospetsuari men eginez.

 

   Danubio zaharrak badu memoria.

 

 

                                                                                                                 Naxari Altuna Image



COMENTARIOS

Añadir un comentario

:angry: :flowers: :blink: :pinch: :blushing: :crying: :ermm: :getlost: :grin: :happy: :hug: :kiss: :laugh: :blah: :smile: :sad: :tongue: :wink:





Desarrollado por BIT&MINA