Pasiozko zoramena || SOCCER442 || el juego del futbol

SOCCER442 el juego del futbol

Pasiozko zoramena

BLOG

Pasiozko zoramena
0 Comentarios - 1/52/53/54/55/5 - 0 / 0

Image07-03-2018

 

Rue Negresko zeharkatuz, han ageri zen futbol zelai bitxia. Zeruaren aurrean zabalik, garai hartan. Partida eguna zen, eta eguzkia ezkutatzen hasi orduko zaleak estadioaren inguruan jira-biraka hasiak ziren. Jarraitzaile zahar batekin solasean hurbildu ginen sarrerarko atera. Taldearen inguruko kontuak gogoratzen hasita, “La coupe aux grandes oreilles…”, zioen agure gogoangarriak, animalia handi bat irudikatzen ariko balitz bezalako keinu esanguratsuak eginez besoekin. Hori baitzen, eta baita, klubaren garaikurrik preziatuena: belarri handien trofeoa.

 

   Euskal herritar batek jaso zuen Frantziako klubek orain arte eskuratutako Europako Kopa bakarra. Aurki 25 urte beteko dira Didier Deschamps kapitainak, Basile Boli erdiko atzelariaren gol bati esker, koparik loriatsuena belarrietatik hartu eta Marseilla osoa dantzan jarri zuenetik. Bernard Tapie presidentearen agintaldiko gailurra. Hortik aurrerakoak, klubaren geneetan hain ohikoak diren gorabeherak: 2. Mailara jaitsiera ligako partida erabakigarri baten emaitza adosteagatik; eta hamaika presidente, entrenatzaile, kirol zuzendari eta jokalari etengabeko joan- etorrian.

 

    Hiria bera da aldakorra ez den bakarra. Izaera. ´L’OM c’est nous´ ozenki dioen ahotsa. Nekez izango da Marseilla baino futbol hiri sutsuagorik. Harrotasun handiz erakusten dute paparrean daramaten izarra: 1993ko maiatzaren 26an Municheko Olympiastadionean zerutik jaitsi zutena. Frantziako futbolean aurrenekoa, eta bakarra, oraingoz.

 

 

Belarri handiak irudikatu zizkigun zale zaharrak hexagonoko futbol talderik sutsuenaren etxean ginela jakinarazi zigun. Jakina zen, baina, badaezpada, jakinaren gainean jarri zigun, irribarre maltzur batekin. Gau hartan, nostalgiaz beteriko partida jokatu zen Velodrome futbol zelai berezian: Olympique Marseilla vs Saint-Etienne. Askorentzat Frantziako ikur nagusiak direnak, historia eta karismagatik. Denboraren poderioz, konturatuta gaude badela sekula aldatzen ez den beste gauza bat: Van Halenen musika, harmailak hankaz gora jartzen dituen Jump abestiaren danbatekoekin. Hala izaten zen, Jean-Pierre Papin buru zela, taldea aurkariarekin batera zelairatzen zen unean; eta, 30 urte geroago, errituala errepikatu egiten da.

 

   Klubak Marseillako hiritarren izaera harmarrian txertatu zuen; edo, zaleek bere egin dute klubak taldearen ikurrari ipini zion leloa. Ez dakigu zer izan zen lehenago. Droit au but, denek partekatzen duten sentipena da: zuzen, gola erdietsi arte; helburura zuzen. Erdibiderik gabe. Marka hori sakon dute Olympique Marseillaren unibertsoa osatzen dutenek. Kontraesanean bizi dira, ordea; mutur batetik bestera jauzi eginda, Jump abestiari helduta, agian. Jokalari eta entrenatzailerik sutsuenak eta patxadatsuenak berdin maite izan dituztelako. Emozioak bidelagun.   

 

   Marcelo Bielsak taldea zuzendu zuenean, neurriko zapata aurkitu zuten entrenatzaileak eta klubak. Aspaldi ez zen horrelako kimikarik sortu Velodromen. Juventusen aurkako adiskidantzazko neurketa batean goia jo zuen futbol zelaiak, jendez lepo. Jokoa muturreko pasio bihurtu zuen Rosariokoak, eta, taldeak muga handiak izan arren, zaleen grina asetzea lortu zuen. Harremana hautsi zen arte. Bielsak sentitu zuen ezin zuela jendea zoritontsu egiten jarraitu, eta emozio horiek sortzeko aukerarik izan ezean, bide bazterrean geratu zen. Bielsa ikurtzat dute Marseillan; Raymond Goethals zaharra, Europako Kopa irabazi zuen aztia bezalaxe. Entrenatzaile bereziak biak ere. Baina, beste muturrera joanda, patxadatsuak direnak ere erreferente dira han; jokalari eta entrenatzaile arrakastatsuak: Deschamps, Laurent Blanc, Franck Leboeuf, Robert Pires, Eric Gerets belgikarra, edo Rudi Garcia, egungo entrenatzailea, hurrenez hurren.

 

   Europako Kopa zerura jaso zuen kapitain lapurtarrak eman dio OM ospetsuari orain arte eskuratu duen azken liga titulua. Didier Deschampsek, Frantziako hautatzailea egun, Marseillarekin Europan zehar izan zen urteetan gauza bat nabarmentzen zuen ororen gainetik: ‘Europe, c’est le haut niveau’. Goi mailaren exigentzia. Ondo zekien hori, jokalari garaitik. Bere aginduetara Txapeldunen Ligan aritu zenetik, Marseillak argi-ilun handiak izan ditu. Europan utzi zuten azken irudia nahikoa goibela da, harmailak zimel. Klubaren gorabeheren neurgailurik zorrotzena. Lekutan da Paris,  etsai bihurturiko aurkaria. Futbolaz gaindi. Jabe dirudun berria izaganatik, egitura tekniko sendoarekin (Andoni Zubizarreta eta Rudi Garcia dira oinarri nagusiak), merkatuan ez dute garai bateko lehiakortasunik, eta aurreko urteetako etsipenak hainbat egitasmo eraman ditu aurrean.

 

   Txapeldunen Liga jokatzeko txartela eskuratzea da Marseillaren helburu nagusia. Monaco eta Lyonekin azken hatseraino borroka egin beharko du Rudi Garciaren taldeak. Eta, Europan, beste koska bat igo nahi dute, garai bateko mailara hurbiltzeko. 2004an jokatu zuten azken aldiz UEFAko finala, Valentziaren aurka; Didier Drogba zen orduan taldeko ikur nagusia. Boli Kostako aurrelariak, lehenago Papinek bezala, edo Josip Skoblarrek aurretik, zaleen gogoa asebetetzen zuen: droit au but. Baina orain ez daukate maila horretako golegilerik. Hala ere, zaleek estutu egiten dute taldea. Paparrean txartatuta daramaten izarra hatz puntarekin seinalatuz. Enzo Francescoli, Chris Waddle, Papin, Karl-Heinz Forster, Carlos Mozer, Rudi Voller, Abedi Pele, edo Fabien Barthez bezalako izar handiak irudikatzen dituzte ametsetan. Handiak ikusi dituztelako Velodromen. Une gogoangarriak, eta tamalgarriak ere asko.

 

   Kontraesanen, ametsen eta etsipenaren erdian, bi futbolari handi. Marseillan jaioan biak ere. Izaeran muturrekoak: Eric Cantona eta Zinedine Zidane. Biek ihes egin zieten klubeko begiraleei. Auxerrera joan zen bata; Cannesera bestea. Biak ala biak, OMeko zaleak. Cantona gero fitxatu zuten, enfant terrible bilakatua. Marseillatarren artean marseillatarrena. Klubaren egiturak ez zuen indar nahikorik haren grina eta jenioa jasateko. Urtebete eskas iraun zuen, eta soilik Ingalaterran aurkitu zuen neurriko aldartea. Zidane, Cannesen jokalari ari zenean ere, Velodromeko harmailetan ezkutatzen zen tarteka, Francescoli jokalari kuttuna isilean hauspotzeko. ZZ oso ona zen jada Cannesen, hala ere bere bihotzeko taldeak ez zuen sekula fitxatu: Bordelen zuen hurrengo geltokia Zizouk, futbolean arrasto sakona uzteko bidean. Harribitxi handia alde egiten utzi zuen Marseillak. Aurrerago, Samir Nasri azaldu zenean, gazterik galdu zuten, Europako beste kluben baliabide ekonomikoei ezin aurre eginda. Maxim Lopez izan daiteke hurrengoa.

 

   Gorabeherak gorabehera, halaxe sartu zen Olympique Marseilla XXI. mendean. Izar iheskorrari begira. Zale sutsuen oihuak hauspotuta. Haiek dira, azken batean, OM. Hori aldarrikatzen dute: ‘L’OM c’est nous, et le Vélodrome c’est chez nous(Marseilla gu gara eta Velodrome gure etxea), aldarriarekin. Indar handia dute klubaren egunerokoan.

 

   Duela aste batzuk, OM-Bordeaux partida bezperan tirabira handia sortu zen klubeko zale-talde eta agintarien artean. Olympique Marseillaren inguruko dokumental baten harira, filma ekoiztu zuen enpresak neurketa hasi aurretik tifo bat egitea adostu zuen klubarekin, ikus-entzunezkoa iragartzeko. Gerard Depardieu aktorea (protagonista nagusia) bertan izango zen, kanpainari distira emateko. Zale-taldeak asaldatu egin ziren asmo horren berri jakin zutenean. ‘Betidanik guk antolatu izan ditugu animazio ekitaldiak (tifoak), eta ez dugu negozioaren aurrean amore emango’, haien erantzuna. Tartean, Marseille Trop Puissant , 1994an sortu zen kolektiboaren ahotsa zegoen. Izen egokia, beharbada, Marseillako jarraitzaileen izaera azaltzeko: indartsua, sutsua, pasioz gainezka. Eta grina horrek batzuetan mugak gainditzen ditu.

 

   Marseilla zerbait berezi bezala dute, bakarra. Frantziatik haratago. Marseilla, OM unibertsoan bizi da, bere kontraesan eta gorabeherekin.

 

 

 

                                                                                      Naxari Altuna (periodista)   Image  @naxaltuna



COMENTARIOS

Añadir un comentario

:angry: :flowers: :blink: :pinch: :blushing: :crying: :ermm: :getlost: :grin: :happy: :hug: :kiss: :laugh: :blah: :smile: :sad: :tongue: :wink:





Desarrollado por BIT&MINA