Arazotik etekinera || SOCCER442 || football game

SOCCER442 football game

Arazotik etekinera

Arazotik etekinera
0 Comentarios - 1/52/53/54/55/5 - 5 / 1

Image2018/12/07

 

 

Partida bat baino gehiago dela entzun izan dugu betidanik. Haiekin hitz eginez gero argi geratzen da hori. Baina futbol partida beste edozer gauzaren gainetik jartzea da kezkagarriena. Interesak agintzen du, eta interesak anitz dira.

 

   Globalizazio hitza futbolera zabaldu zen aspaldi. Talde batek munduko edozein txokotan izan ditzake zaleak. Tokian tokiko edonorentzat inpertsonala den taldea, bakar batentzat bihotzekoa suerta daiteke, egungo zabalkunde fenomenoak bultzatuta. Ohikoa bihurtu nahi dute txapelketa partida bat beste kontinente batean jokatzea.

 

   Buenos Airesera iritsita, futbol kontuak aipatuz gero, ‘Boca ala River?’ galdetuko dizu hango futbolzaleak. Bombonera bertatik bertara ezagutzea izaten da kanpotarren ilusioetako bat. Monumental futbol zelaia ere bai, beharbada, baina Boca Juniorsen etxeak miresmen berezia sortzen du turista futbolzaleengan. Boca auzoak mistika berezia du. Futbolak bultzatuta iristen dira hainbat Boca Errepublika deitzen duten lurraldera. Buenos Airesko egonaldian Argentinako Superclasico esaten dutena egokitzen bada, hura ikustea lehentasuna bilakatzen da. Amets.

 

   Futbolaren antropologian lekurik bereziena du Boca Juniors eta River Plateren arteko lehiak. Beharbada ez da halako ondorio soziala duen lehiarik munduan. Kirolean hainbeste erabiltzen den ‘hil edo biziko’ delakoak topikoak hausten ditu bi horien kasuan. Ez da klixea.

 

   Hurbileko aurrekariak ikusita, Libertadores Kopako finalaren itzulerako partida non jokatu baino, jokatu behar ote zen da galdera. Argentinako presidente Mauricio Macrik zera esan zuen finala Boca Juniors eta River Plateren artean izango zela jakin zenean: “Galtzailea nola geratuko den, horrek kezkatzen nau”.

 

   Berak ere gertutik bizi du. Macri, Boca Juniorseko presidentea izan zen hamabi urtez. Bombonera futbol zelaia eraberritu zuen bere agintaldian, eta gailurra 2000. urtean jo zuen,  Kontinente Arteko finalean Real Madril azpiratuta. Juan Roman Riquelmek agintzen zuen zelai erdian.

 

 

    Macrik futbola barrutik ezagutzen du. Xehetasun guztiak ezagun ditu. Badaki kluben inguruan zer mugitzen den, eta, oro har, Argentinako futbolak duen arazo nagusia zein den: indarkeria eta ustelkeria. Errepublikako presidentea den aldetik, bertatik bertara bizi du herrialdearen egoera, eta futbola errealitate horren erakusle besterik ez da. Pasioa eta interesa nahasirik daude.

 

   Galtzaileak nola geratuko diren kezkatzen zuen Macri finala hasi aurretik, baina finalak herrialde osoa zipriztindu du, galtzaile bilakatzeraino. Galtzaile, futbolzaleak ez direnak ere. Futbolzalerik ez bada Argentinan.

 

   Barra brava hitza bolo-bolo dabil azken aldian. Antolatutako muturreko zaleak dira horiek. Harmaila kontrolpean dutenak, klubean eragina izateraino, eta hainbatetan futbolariak beldurtuta izaten dituzte. Futbola negozio gisa bizi dute jarraitzaile horiek. Askotan zaleen artean lidertza izatea da garrantzitsuena, botereari eusteko. Arazoa ez da River eta Bocarena soilik. Argentinako futbolean zabalduta dagoen gaitza da.

 

   Herrialde hartako erakundeek ez dute bitartekorik jarri arazoa bideratzeko (gobernua eta federazioa buru direla); Argentinako agintarien arduragabekeria CONMEBOLera iritsi da, Hego Amerikako konfederaziora, eta haiek Libertadores Kopako finala beste kontinente batera eramatea erabaki dute. Europara. Real Madrilen futbol zelaiak hartuko du argentinarren arteko lehiarik sutsuena.

 

   10.000 kilometro egin beharko dituzte zaleek Amerikako txapelketa nagusiko partida erabakigarria ikusteko. Duela bi aste,norgehiagoka hasi baino lau ordu lehenago Monumental futbol zelaiko harmailak betetzen hasi ziren 60.000 jarraitzaileak aho bete hortz geratu dira. Akaso, bakarren bat izango da Santiago Bernabeun, patrikak ondo urraturik: hegazkin bidaia, ostatua, eta finala ikusteko sarrera Argentinan baino dezente garestiagoa dela kontuan hartuta.

 

   Riverren zelaian baino 20.000 zale gehiago sartzen dira Santiago Bernabeun. Harmailak lepo izango dira, Espainia aldean bizi diren argentinarrek hauspotuta; Europako beste lekutatik joandako herrikideekin batera. Sarreren negozioa itzela da. Eta agintariek Bernabeuko palkoko egonaldia baliatuko dute futbolaren diplomaziak ahalbidetzen dituen kontaktuak eta negozioak egiteko. Zurikeriak.

 

   Argentinako presidente Macrik partida ikusteko asmoa baldin badu, erosoago sentituko da Bernabeuko palkoan Monumentalen baino. Babesleentzat, telebista kateentzat, irudia Europatik mundura zabaltzea errentagarriagoa da. Eta horri segurtasun gastuak erantsi behar zaizkio. Nork ordainduko ditu? Zalaparta Buenos Airestik Madrilera eramango dute. Barra brava direlakoei bidaia eragoztea omen zen helburuetako bat, baina nonbaitetik agertuko direla iragarri dute.

 

   Arazo bikoitza: Madrilen eta Buenos Airesen. Eta, bien bitartean, futbolaren inguruan hitzik ez. Zertan dira bi taldeak? Zeintzuk dira finaleko jokalaririk azpimarragarrienak?

 

   Neurketa Argentinatik ateratzea erabakita, bazen leku egokiagorik Europan. Zergatik ez Genoa? Hango portutik iritsi ziren itsasontziz Buenos Airesera Boca auzoari bizia eman zioten italiarrak. Boca Juniors kluba haiek sortu zuten, eta futbolaren inguruko liskarrak sorrera bertatik agerian geratu ziren. Ez zen adostasunik taldeak jantziko zuen elastikoaren kolorearen inguruan. Eztabaida era orijinal batean konpondu zuten: “Kaira iristen den hurrengo ontziaren bandera hartuko dugu kamisetaren koloretzat”, bota zuen batek. Suediatik heldu zen itsasontzi hori. Xeneizeak dira Boca Juniorsekoak, Zenatik (Genoa, ligur hizkeraz) joandakoak. River Plateko presidenterik mirestuenetakoa ere italiarra zen jaiotzez: Antonio Vespucio Liberti. Peronen garaian Genoan kontsula izan zen, Monumental futbol zelaia eraiki zuen Riverreko agintaria. Antonio Vespucio Liberti da estadioaren izen ofiziala, haren omenez. Eta River Plate ere Boca auzoan sortu zen, urte batzuk geroago handik alde egitea erabaki zuten arte.

 

   Ez dira gutxi bi elastikoak jantzi dituzten futbolariak. Erabakia latza izaten da, zaleen erantzuna ikusita. Batetik bestera egin dutenen artean, italiar jatorriko argentinarrak nabarmendu dira: Gatti, Ruggeri eta Caniggia dira adibide batzuk. Baina negozioa beste leku batean dago. Real Madrileko presidentea eskuzabala izan omen da.

 

   Finala amaitzen denean benetako arazoak indarrean jarraituko du Argentinan.

 

 

 

                                                                                                Naxari Altuna (kazetaria) 



COMENTARIOS

Añadir un comentario

:angry: :flowers: :blink: :pinch: :blushing: :crying: :ermm: :getlost: :grin: :happy: :hug: :kiss: :laugh: :blah: :smile: :sad: :tongue: :wink:





Developped by WWW.bitymina.com