Txapeldun handiak || SOCCER442 || football game

SOCCER442 football game

Txapeldun handiak

Txapeldun handiak
0 Comentarios - 1/52/53/54/55/5 - 5 / 1

Image2019/05/14

 

 

Gailurra zapalduta, han goitik gorria ikusten zen dena. Alhambra dotorearen koloreak sorginduta zegoen Granadako gaua. Sentipenezko sugarrek kiskalita. Ustekabean harrapatu izan balu bezala.

 

   Han goian, Veleta mendia, eta gorago, Mulhacen. Oihuak eta algarak entzuten ziren nonbait. Handik gertu, baina handik urrun ere bai. Festa zen. Txoria-txori hegan eta herri oso bat dantzan. Aspaldiko sentipenak berreskuratu genituen Granadan.

 

   1987ko ekainaren 27an Zaragozan ginen. Egarriz itota. Beroak jan beharrean. Hamaika emozio hamaika metroen bueltan. Atepean aingerua, eta haren inguruan taldekide prestuak. Haiek zabaldu zuten bidea. Eta 32 urteko lehortearen ondoren, lekukoa hartu dutenak iritsi dira. Irmo. Klubaren balioak ezin hobeto barreiatuz. Futbolaren arnasgune bilakatuta. Esentzia.

 

   Gazteak oso, bidean zailduak, gorabeherak gaindituz. Tontorra urrun zegoen, ibilbidea malkartsua oso. Muturreko zailtasuna. Dena zen berria: testuingurua, haien inguruko zalaparta, erronka bera. Nortasunez egin zioten aurre mamu handi bati. Handienari.

 

   Finala baino astebete lehenago Atletico Madrileko kirol zuzendaria Donostian izan zen, hitzaldi batean. Realeko kideak han ziren, eta Jorge Vilda Espainiako hautatzailea ere bai. Zurigorrien arduradun teknikoak hitza hartuta, euren azpiegituraren berri eman zuen. Liga irabaztear ziren (aste horretan lortu zuten), Bartzelonaren kaltetan. Blaugranek Txapeldunen Ligako finala jokatuko dute datorren asteburuan Lyonen aurka, eta ezin izan dute talde koltxoneroa azpiratu azken hiru denboraldietan. Atletico Madrilek emakumezkoen hamalau talde dituela jakin genuen hitzaldi horretan, atezainen eskola ospetsua ere bai, eta Zubietan Liga irabazi ondoren, Jose Luis Sanchez Vera entrenatzailea bere lantaldea osatzen duten hogei lagunekin azaldu zen prentsa aretora. Gorengo maila.

 

 

   Hitzaldi hartan, Jorge Vilda Espainiako hautatzaileak final batean arlo psikologikoak duen garrantzia nabarmendu zuen. Ororen gainetik. Hamaika ikusitakoak gara futbolean, eta buruak jokoan duen eragina erabatekoa da. Onerako eta txarrerako. Kopako finalaren astean, Juanan Larrañagak, 1987an Realarekin txapelketa irabazi zuen futbolariak, faboritoak beti ez duela irabazten nabarmendu nahi izan zuen. Zaragozan eurak ez zirela faborito eta, hala ere, kopa etxera ekarri zutela.

 

   Hasi zen norgehiagoka Granadan. Gola egin zuen Atleticok. Zurrunbiloaren mehatxua agerikoa zen, baina Realak berdintzeko gola berehala erdietsita, neurketak beste bide bat hartu zuen. Zutik eutsi zion erronkari talde txuri-urdinak, eta lan nekezari Nahikarik eman zion distira. Futbolari handiek egun seinalatuetan egiten dute aldea. Horietako bat da bera.

 

Arconada izan zen Realaren aingerua Zaragozan, eta Mariasun Granadan. Bi areatan sendo eta taldea ondo antolatuta zelaian. Aurrean, hamaika selekziotan ari diren futbolariak, Espainiako atezain titularretik hasi eta Ligako golegile nagusiraino. Talentuz jositako taldea.

 

   Denborak aurrera egin ahala, gailurra gerturatzen hasi zen. Alhambraren distirak indarra eman zion Gonzaloren taldeari. Eta harmailetan taldea hauspotzen ari ziren zaleek. Adin eta jatorri ezberdinetakoak. Euskal Herrikoak, Andaluzia, Madril eta Kataluniakoak. Hainbat Zubietako harmailetan lagun egin direnak. Oso estimatuak futbolarien artean.

 

   Anoeta konkistatu zuten lehenengo Realeko jokalariek, eta ondoren etorri denerako prestatu zuten jendea. Zaleak erakarri eta piztu. Hori lortu dute futbola ogibide ez duten txuri-urdinek. Pasioz. Profesionaltasun paregabearekin. Guztion eredu bilakatzeraino.

 

   Sandrak jaso zuen kopa Granadako zerura. Belaunaldi guztien ordezkaria. Belauna hautsi eta hurrengo partidan taldea hauspotzera bidaiatu zuen kapitaina. Harmailan, aldagelan, aulkian eta zelaian taldekideen helduleku izan dena.

 

   Gailurretik zoragarria ikusi behar da dena. Are gehiago, hamabost urteko bide luzea egin ondoren. Jende eta talde askoren lana, aitzindariak eta haztegia lantzen duten guztiak gogoan. 32 urte geroago, futbola pasio hutsez bizi duten horiek Realaren bigarren Kopa ekarri dute (hirugarrena, Donostiako Club Ciclistarena kontuan hartzen badugu), eta klubaren ardura da orain taldeari bultzada ematea, hazten jarraitzeko.

 

   Presidenteak ez zion begirik kentzen hainbeste izerdi eta esfortzu eragin duen garaikurrari. Zaleak pozarren hurbildu ziren Anoetara igande arratsaldean. Harro. Granadako txapeldunei esker. Eurek hartu dute aspaldiko txapeldunen lekukoa, eta txuri-urdinen ikur berriak bilakatu dira.

 

 

                                                                                                   Naxari Altuna (kazetaria)

 



COMENTARIOS

Añadir un comentario

:angry: :flowers: :blink: :pinch: :blushing: :crying: :ermm: :getlost: :grin: :happy: :hug: :kiss: :laugh: :blah: :smile: :sad: :tongue: :wink:





Developped by WWW.bitymina.com