Itsasora begira || SOCCER442 || football game

SOCCER442 football game

Itsasora begira

Itsasora begira
0 Comentarios - 1/52/53/54/55/5 - 5 / 2

Image2019/10/10

 

 

 

 

Itsasontzi bat infernutik ihesi. Itsasoan bueltaka, portura begira. Hondartza gertu dago, jendea eguzkipean etzanda, uretan jolasean dira umeak. Udako kronika beltza. Ez dago porturik ontzian daudenentzat. Ateak itxi dituzte Europako agintariek, erantzunkizuna besteari leporatuz. Uda lehorra da mediterraneoan eta futbol talderik boteretsuenak apurka apurka etxera itzultzen ari dira, munduan zehar jira-biraka ibili ondoren, diru kutxa majo lodituta. Hasi da denboraldia.

 

   Talde handiak ez dabiltza oso fin. Uda nahasia izan da eta aurreneko emaitza txar eta lesio andanarekin atzera begira jarri dira protagonistak: taxuz lan egin gabe ez dago oinarri sendorik. Beste interes batzuk gailendu dira bidean, globalizazioaren izenean. Zaleen aurretik bezeroak asetzeko tentazioa. Mundu mailako izarrak bilatzen dira, urruneko zaleak telebista bitartez gerturatuko dituztenak.

 

   Afrikatik heldu ziren aspaldi denboraldi hasiera honetan zeresan handia ematen ari diren bi futbolari gazte. Egun batetik bestera izar bihurtu nahi dituzte, euren nerabezaroan. Eta halako batean, Rio Antonio Mavubaren istorioa etorri zaigu gogora, bere familia Angolako gerratik iheska zebilela Atlantikoaren erdian jaio zen mutilaren bizipena. Ama Angolakoa eta aita Zairen jaioa. Futbolaria. Mafuila Mavuba aitak Alemaniako Mundiala jokatu zuen 1974an, Leopardoekin (Zaireko selekzioaren goitizena). Mwepu Ilunga xelebrearen taldekidea, beraz.

 

  Frantzian lur hartu zuen familiak. Bordele inguruan zabaldu zizkion munduari begiak seme jaioberriak eta oso gazte zela galdu zituen gurasoak. Aita futbolaria izan zela jakin zuenean, haren arrastoari jarraitu zion, aldarte onean. Girondins Bordeaux futbol taldearen prestakuntza zentroan hazi zen, eta 2004ko urtarrilean, itsaso zabalean jaio eta handik hemeretzi urtera, Frantziako lehen mailan egin zuen debuta Bordeleko talde ospetsuarekin. Euskarri ibiltariak Frantziako hautatzaile berriaren jakin-mina piztu zuen berehala. Raymond Domenechek elastiko urdina janzteko aukera eskaini nahi zion Mavubari, baina halako batean konturatu ziren apatrida zela: itsasoaren semea, gerratik ihesi Atlantikoaren erdian jaioa. Horrek ez zuen balio Frantziako selekzioan jokatzeko. Domenech hautatzailearen nahiak ahalbidetu zuen Rio Antonio Mavuba Frantziako hiritar bilakatzea, Errepublikaren interesa tarteko. Handik urte gutxira, hexagonoko periferietan bestelako errealitatea azaleratu zen; gizartearen ezberdintasunak eta injustiziak agerian geratu ziren kale protesten bitartez. Banlieue direlakoak sutan ziren, etorkinen bizi baldintza eskasak salatzeko.

 

   Bien bitartean, bide oparoa egin zuen futbolean Mavubak: 2011n Liga eta Kopa irabazi zituen Lille taldearekin, kapitain gisa, eta 2014ko Mundialean aritu zen Frantziako selekzioarekin. Duela urtebete amaitu zuen bere jardun profesionala. Orain bere jatorriari heldu dio, Kongo aldean egoera tamalgarrian bizi diren umeak babestu eta hezitzeko ahaleginean. Rio Antonio Mavubak ez du sekula irribarrea galdu.

 

   Lemazain lanetan aritu zen erdilaria txundituta dabil azken boladan, Frantziako futbol zale guztiak bezala, hamasei urteko euskarri bati begira. Rennes Kopa txapeldunak jokalari garrantzitsuak galdu ditu udan, eta jokoaren iturburuan nerabe bat ageri da, taldearen zutabe: Eduardo Camavinga. Liga hasieran (Kopako finalean bezala), PSG azpiratu zuten bretainiarrek, eta Roazhon Parkeko zaleak aho bete hortz utzi zituen Angolan jaiotako erdilariak. Argi berezia izan zuen bere taldeak egun hartan, futbolari gazteak gidatuta. Erakustaldia eman zuen Camavingak. Handik aurrera, Rennesen partida guztietan Europako talderik boteretsuenen begiraleak ageri dira harmailetan, harribitxiaren maila baieztatzeko. Futbolariaren distirak erakarrita, Frantziako federazioa bitarteko guztiak erabiltzen ari da erdilari gazteak hango selekzioarekin jokatzeko aukera izan dezan. Izar handia aurreikusi dute. Grandeur-aren izenean, Frantziaren itzalean geratuko da Angola.

 

   Katalunia aldean antzeko fenomenoa bizi dute Ansu Fati aurrelariarekin. Giro nahasian, talentuz eta freskotasunez maitemindu ditu Bartzelonako zaleak Ginea-Bissaun jaiotako mutilak. Messi berria omen. Gazte mailatik talde nagusira egin du jauzia eta bulegoetan gorriz jantzita ikusi nahi dute, bere pasaportean Ginea-Bissau jartzen duen arren. Espaniako Erresumak salbuespenak egiten omen ditu hiritar berriak besarkatzeko. “Interes orokorraren” izenean. 17 urtez azpikoen Munduko txapelketa ate joka dugu, baina hareago jo dute Espainiako agintariek: 21 urtez azpikoekin eramatea pentsatu dute eta nagusiekin joan beharko lukeela dioenik ere bada. Ansu Fatik hamasei urte ditu, eta duela hilabeterarte Masian hazitako gazte afrikarra zen.

 

 

                                                                                               Naxari Altuna (periodista) @naxaltuna

      



COMENTARIOS

Añadir un comentario

:angry: :flowers: :blink: :pinch: :blushing: :crying: :ermm: :getlost: :grin: :happy: :hug: :kiss: :laugh: :blah: :smile: :sad: :tongue: :wink:





Developped by WWW.bitymina.com