Bi oilarren erdian || SOCCER442 || futboleko jokoa

SOCCER442 futboleko jokoa

Bi oilarren erdian

BLOGA

Bi oilarren erdian
0 Comentarios - 1/52/53/54/55/5 - 3 / 2

Image2019/11/19

 

Astelehena. Egun erabakigarria  izan behar zuen korapiloa askatzeko. Itxaropena. Urtebeteko negoziaketak ustelak izan dira, eta futbolariek soka muturreraino tenkatu ondoren, halako batean, irtenbiderik ez zen lekuan bi konponbide posible ageri dira mahai gainean. Iturria zabaldu eta dirua ei dago. Bat-batean.

 

   Duintasuna, futbolarien aldarriaren muinean; dirua, gastua, etekin eza, agintarien kezka. Azkenerako, irudi eskubideen lehiak baldintzatu du lan-hitzarmenaren afera. Langileak elkarrekin daude; zelaiaren beste aldean, ostera, bestelako norgehiagoka jokatzen ari dira erakundeak, boterea eta interesa ardatz dituen indar neurketa.

 

   Futbolariek “aski da!” esan zuten duela aste batzuk. Grebarako deia egin zuten aho batez, lan-hitzarmena gutxieneko baldintzetan sinatzeko negoziaketak kale egin eta gero. Hemezortzi aldiz bildu ziren sindikatuak eta Kluben Elkarteko ordezkariak . Ahalegin antzuak, guztiak ere.

 

   Bi muga. Marra gorria jarri zuten alde biek. Bakoitzak bereari eutsi dio. Bitartekaritzak ere huts egin du: Estatuko ordezkaritza tartean, Kirol Kontseilu Goreneko arduradunak eta Lan Ministeritzako kideak. Azkenean, arazoaren muina irudi eskubideen auzira bideratu da.

  

   Estatuko futbolaren irudi eskubideak ditu Mediapro produktorak. Espainiako Futbol Federazioak hamaika auzi ditu enpresa horrekin. Gizonezkoen esparrutik dator liskarra eta ezinikusia. Aspaldikoa. Futbol Liga Profesionala (LFP) eta Federazioa (RFEF) muturka dituena Tebas (LFPko presidentea) vs Rubiales (Federazioko burua).

 

   Emakumezko Kluben Elkarteko kideek Mediaprori eman zizkioten euren irudi eskubideak, Federazioaren haserrea piztuz. Espainiako Futbol Federazioak beste asmo bat zerabilen eskuartean txapelketa hauspotzeko. Haren eskaintzak Mediaprok klubei ematen dien diru kopurua bikoiztu baino gehiago egingo zuen. Baina taldeek euren bidea egiten jarraitu nahi zuten, Federazioa orain arte ez delako emakumezkoen Ligaz arduratu. Bere konpetentzia izanagatik, utzita zeukan erabat. Aurreko agintarien axolagabekeria. Testuinguru horretan, klubek  ez zuten gogo onez hartu egitasmo berri bat “ezarri nahia” . Eurak alde batera utzi izana leporatu zioten Federazioari eta sokatiran ari dira geroztik. Duela lau urte Tebasen altzoan sortu zen Emakumezkoen Kluben Elkartea. Lehen Mailako hamasei taldeetatik hamairu ditu bere baitan (Bartzelona, Athletic eta Real Madril izango dena ez dira erakunde horretako kideak).

 

   Greba eguna hurbildu ahala, botere norgehiagokaren inguruan taktikak eta estrategiak azaltzen hasi dira. Mediapro produktorak hamabi klubekin duen akordioa haustea eskaini zuen, baldintza batekin: 1,5 milioi euro jarrita, jardunaldi bakoitzean bi partida irikian emateko eskubidea izatea. Handik bi egunera, Federazioak ordagoa jo zuen, lan-hitzarmena sinatzeko behar den dirua mahai gainean jartzeko prest zegoela esanez. Baina horretarako, klubek Mediaprorekin duten akordioa haustea ezinbestekoa da. Inolako baldintzarik gabe. Klubak ataka batean daude. Korapiloa askatzeko Mediaprorekin adostasun batera iristeko eskatu dio Kluben Batzordeko presidenteak Federazioari. Rubiales ez dago horretarako prest.

 

   Astelehen erabakigarria konponbiderik gabe itzali zen. Etsigarria. Egun horretan, Luis Rubiales Federazioko presidenteak futbolaren begirada Saudi Arabiara bideratu zuen. Han jokatuko da Espainiako Superkopa. Gizonezkoena. Lau talde joango dira Jeddahra urtarrilean, petrodolarren truke. Zaku bete diru itzuliko dira etxera Federazioa eta parte hartuko duten klubak: Bartzelona, Real Madril, Atletico Madril eta Valentzia. Oinarrizko eskubideak zapuztuak dauden herrialdean Espainiako Ligaren irudia zabaldu nahi dute. Emakumeen askatasuna bereziki zapaldua da Saudi Arabian, eta hango erakundeekin adostu omen du Espainiako Federazioak  emakumeek partidetara joateko aukera izatea. Halaber, emakumezkoen txapelketa bat abian jarri eta ikuskaritza lanak egiteko hitza eman bide du Luis Rubiales Espainiako Futbol Federazioko buruak. Emakumezkoen Espainiako Superkopa, aitzitik, ez da jokatuko. Oraingoz. Atletico Madrilek eta Realak nor baino nor gehiago izan behar zuten txapelketa horren aurreneko ekitaldian. Federazioa Saudi Arabiara begira jarri zen egun berean lan-hitzarmenaren auzia konpontzeko enegarren bilera akordiorik gabe amaitu zen.

 

   Astelehen euritsua. Etenik gabeko ur jarioa. Futbolariak ekaitzaren erdian. Euren gutxieneko baldintzak jasoko dituen lan-hitzarmena bide bazterrean da, zain; errentagarritasunaz eta diru galeraz hitz egiten duten agintarien ika-mikei begira. Futbolariak erdigunean jartzen ez dituzten bitartean, jai daukagu; inbertsioa da gakoa, etorkizuneko jokalekua emankorragoa izan dadin. Hori izan beharko litzateke interes bakarra. Interes kolektiboa.

 

 

 

                                                                                                         Naxari Altuna (kazetaria)  @naxaltuna



COMENTARIOS

Añadir un comentario

:angry: :flowers: :blink: :pinch: :blushing: :crying: :ermm: :getlost: :grin: :happy: :hug: :kiss: :laugh: :blah: :smile: :sad: :tongue: :wink:





www.bitymina.com-ek garatua