Galdutako kanporaketak || SOCCER442 || futboleko jokoa

SOCCER442 futboleko jokoa

Galdutako kanporaketak

BLOGA

Galdutako kanporaketak
0 Comentarios - 1/52/53/54/55/5 - 5 / 1

Image2021/02/25

 

Nola egin aurre galduta dagoen kanporaketa bati? Futbolariek kolpe zitala jaso zuten joaneko partidan, zaleen ilusioa itzali zen, errealitate gordina gora eta behera. Ze irakaspen uzten du horrelako egoera batek? Nondik heldu, baina, itzulerako neurketari? Hamaika iritzi eta gogoeta interesgarri bat: muturreraino lehiatu agertoki paregabean, zailtzeko prozesuaren parte garrantzitsu gisa. Eskarmentua.

 

   Ipuin tankerako istorioa jarraian. Benetazkoa. Gertakariaren irakaspenik onena, emaitzaren gainetik: galdutako kanporaketa bati nola aurre egin. Jarrera.

 

   Frantzia Europako txapeldun izan zen 1984an. Formakuntzan trebatutako herrialdea, belaunaldi bikaina zuten urdinek. Michel Platini zen ikur nagusia, Frantziak inoiz izan duen futbolaririk handiena. Juventus taldeko izarra zen ordurako, baina ez zuen bide erraza izan. Nerabezaroan Metz taldeak baztertu egin zuen. Txikiegia, ahulegia omen. Urte batzuk geroago gauza bera gertatu zitzaion Antoine Griezmanni. Metzek ez zuen asmatu, begirada okerraren poderioz. Indarra, sendotasuna lehenetsi zuten orduan.

 

 

Girondins Bordeaux izan zen ligako txapeldun aurreko denboraldian (1983/84), eta Monako azpitxapeldun. Kopako finala printzerriko taldeak eta Metzek jokatu zuten. Ezustekoa eman zuten granatek. Luzapenean gailendu zen Frantzia iparraldeko taldea (2-0), eta hurrengo  sasoian Errekopa jokatzeko txartela eskuratu zuen.

 

    Final-hamaseirenetan txapelketako mamuetako bat egokitu zitzaion Metz apalari: Bartzelona. Athleticek irabazi zituen Espainiako Liga eta Kopa aurreko sasoian. Zurigorriek Europako Kopa jokatu zuten eta blaugranak Kopako azpitxapeldun gisa sailkatu ziren Errekopa jokatzeko. Bartzelonak Terry Venables entrenatzaile ingelesa fitxatu zuen, Schuster, Archibald eta enparauak gobernatu asmoz. Izarrak zituen aurrealdean, eta oso talde sendoa atzean: Urrutikoetxea; Gerardo, Alexanko, Migueli, Julio Alberto. Ez ziren makalak. Metz oso bestelako taldea zen.

 

   Futbolari ezezagunak zituen talde frantziarrak. Izarrik ez zen han. Taldea zen. Sendoa. Luc Sonor eskuin atzelariak gero bidea egin zuen Monakon, Vincent Bracigliano bide oparoa eginda iritsi zen Nantesetik, eta etorkizuneko futbolaria Carmelo Micicce aurrelaria zen. Baina karismari dagokionez, Philippe Hinschberger aurrelariak utzi zuen arrastoa. Taldeko erreferente nagusia zen. Hemezortzi denboraldi egin zituen talde nagusian.

Baina Bartzelonaren aurkako kanporaketa hartan bi futbolari nabarmendu ziren ororen gainetik; Toni Kurbos erdilariak eta Jules Bocande aurrelariak onena lehiaren amaierarako utzi zuten. Dena galduta zirudien, ordea.

 

   Joaneko neurketa Saint-Symphorien futbol zelaian jokatu zen 1984ko irailean. Bartzelona 2-4 gailendu zen han. Ez zegoen eztabaidarik itzulerako neurketari begira. Jean-Philippe Rohr erdilariak SO FOOT aldizkarian gogoeta hauxe egin zuen joan zen astean: “Gutxitan sentitu nintzen hain txiki aurkari baten aurrean. Talde ona ginen, baina haien sendotasuna eta abiadura aparta zen”. Metzeko futbolarien jarrera, itzulerako partidari aurre egiteko era da istorio honetako irakaspenik ederrena.

 

 

 

    Gozatu eta lehiatu

 

   Duela astebetera arte granateak ziren Camp Noun lehiaketa ofizialean gailendu ziren Frantziako talde bakarra. PSGren erakustaldiari esker (1-4), 1984ko Metzen balentria gogoratu zuten Frantzian. Bartzelonara aukerarik gabe iritsi zen taldearen istorioa.

 

   Partida bezperan Camp Noun entrenatu ziren, Europako neurketetan ohikoa den bezala. Agertokiarekin txundituta, esperientzia parebagea zenez haientzat, entrenatzaileari lan saioa luzatzea eskatu zioten futbolariek. Bi ordu eta erdi aritu ziren berdegunean, gora eta behera. Bi ordu eta erdi, partida bezperan!!! Sari potoloa zen haientzat Bartzelonaren zelaia zapaltzea; harmaila handi haiek ikustea. Joaneko emaitzak (2-4) txikiago bilakatu zituen aurkariarentzat eta haren inguruko hedabideentzat.

Bezperako entrenamenduaren ostean, bapo afaldu eta garagardo batzuk hartu zituzten. Conde de Godo tenis saria jokatzen ari  zen egun haietan Bartzelonan. Hotelean Mats Wilander tenislari ospetsuarekin topo egin zuten Metzeko futbolariek, eta harekin blagan aritu ziren. Bidaiaren beste oroigarri ahaztezina izango zen frantziarrentzat. Partida iritsi zen arte.

 

   Irratia piztuta genuen. Goool oihu egin zuen esatariak. Bartzelonak hartu zuen aurrea markagailuan: Carrascok gola. Kanporaketa are erabakiagoa zegoen: 5-2. Baina Metzeko futbolariak loturarik gabe zelairatu ziren Camp Nouko berdegunera. Emaitzari izkin eginda. Eurek, soilik, futbolean jokatu nahi zuten munduko zelairik ospetsuenetako batean. Joaneko partidan egindakoa hobetzea zen haien helburu bakarra. Baloiarekin gozatzea.  Jokatzen jarraitu zuten, lehiatzen, eta golak iristen hasi ziren: Toni Kurbosek hiru; Tente Sanchezek bere atean bestea. 1-4 amaitu zen partida. Metzek Bartzelona kanporatu zuen. Egunotan gogora ekarri dute Frantzian futbolari haiek nola egin zioten aurre galdutako kanporaketa bati. Irakaspen bikaina izan zen Metzeko futbolarientzat. Futbola berarentzat. Kanporaketan aurrera egin izan ez balute ere, bideak erakutsi zien galduta zegoen lehia nola bizi.

 

   Sekulako oihartzuna izan zuen Metzen balentriak Europa osoan. Baina bidean bizi eta ikasitakoa are aberatsagoa izan zen. Hurrengo kanporaketan Dinamo Dresderen aurrean amore eman zuten frantziarrek. Arrastoa utzita, ordea, lehiaketa bizitzeko erakutsi zuten jarreragatik. Granateek bosgarren amaitu zuten Frantziako txapelketan. Bartzelonak, ostera, Liga irabazi zuen denboraldi hartan eta hurrengo sasoian Europako Kopako finalera iritsi zen.

 

 

                                                                                                               Naxari Altuna (kazetaria)



COMENTARIOS

Añadir un comentario

:angry: :flowers: :blink: :pinch: :blushing: :crying: :ermm: :getlost: :grin: :happy: :hug: :kiss: :laugh: :blah: :smile: :sad: :tongue: :wink:





www.bitymina.com-ek garatua