Bordeaux, c’est fini! || SOCCER442 || el juego del futbol

SOCCER442 el juego del futbol

Bordeaux, c?est fini!

BLOG

Bordeaux, c’est fini!
2 Comentarios - 1/52/53/54/55/5 - 5 / 1

Image2022/05/23

 

 

1982ko abendu hasieran gizon txiki hura ikusi genuen Arcachonen, hilabete batzuk lehenago Sevillan gol eder hura sartu zuena; Mundialeko finala jokatzeko erabakigarria izango zela uste genuena.

Frantzia eta Alemania nor baino nor gehiago ari ziren Sanchez Pizjuanen. Harald Schumacherrek ospitalera bidali zuen Patrick Battiston atzelaria, hortzak txikituta eta konortea galduta. Thriller kutsuko partida hura Munduko txapelketen historia liburuetan ageri da, letra larriz. Eta, bai, telebistari josita, Alain Giresse handiaren gola erabakigarria izango zelakoan finalari begira jarri ginen.

Espainiako Mundialean nabarmendu zen Michel Hidalgoren taldea, baina Alemaniak bi goleko atzerapena izan arren, Frantziak luzapenean lortu zuen aldea ezerezean utzi zuen. Penaltietan garaile atera zen Mendebaldeko Alemania. Orduan konturatu ginen, beste behin, nor zen benetako otsoa. Gary Linekerrek gordin sufritu eta ondo azalduko zuen urte batzuk geroago.

 

   Alain Giresse, Girondinseko kapitaina, kirol ekitaldi bateko sari banaketa egitera hurbildu zen Arcachonera. Haren jokoak, maisutasunak,  harrapatu gintuen 1982ko uda hartan, eta harrezkero ez genion begirik kendu. Betiere Jean Tigana prestuaren babesean. Battiston atzelari sendoa Bordelen batu zitzaien Saint-Etienne ospetsua atzean utzita. Marius Tresorrekin klase handiko atzealdea osatu zuen. Bi horiek Girondinsen formakuntza zentroa zuzendu zuten urte askotan. Futbolari handiak atera ziren Haillango zelaietatik: Bixente Lizarazu eta Christophe Dugarry, Munduko txapeldunak, azpimarragarrienak. Nortasun handiko jokalariak, Frantziako futbolean arrasto sakona utzi duen klubean: FC Girondins Bordeaux (FCGB), eskapularioaren taldea.

Euskal Herriko futbolari errepublikarrak hartu zituen bere baitan Francoren diktadura garaian. Eta 80ko hamarkadan, euskal taldeen urterik oparoenekin bat eginda, Frantzian errege izan zen Bordeaux. Presidente xelebrea zuten orduan, Claude Bez, Marseillako buru Bernard Tapierekin tirabira latzak izan zituena. Karisma handiko pertsonaien garaia zen. Baina berdegunean, glamourra irudikatzen zuen Giresse kapitain txikiaren taldeak. Ardorik onena dastatzearen parekoa zen Bordeaux taldeaz gozatzea. Liga eta Kopa txapeldun. Europan ere gailurretik gertu: 1985ean finalerdietan amore eman zuten Juventusen aurka. Bixente Lizarazu Parc Lescureko harmailetan zen itzulerako neurketan, garai hartan haztegian trebatzen ari zen etorkizuneko kapitaina, Giresse eta enparauen arrastoari jarraiki.

 

 

   1991n Bigarren mailara jaitsi ziren, Bez presidentearen kontuak garbiak ez zirelakoan. Eta hurrengo belaunaldiak Europako aurreneko finalera eraman zuen Girondins: Lizarazu lemazain, Zinedine Zidane eta Dugarry lagunak alboan zituela. Milan kanporatu zuten gauean Parc Lescurek eztanda egin zuen. Eta etorri ziren urte are oparoagoak: 1999ko liga titulua, Johan Micoud, Ali Benarbia, Sylvain Wiltord eta Lilian Laslandes bikainekin. Marseillaren aurkako hogeitamar minutu haiek liluragarriak izan ziren: lau gol aurreneko ordu erdian!!! Txapeldun izateko lehia estua zen. Eta Europako partida handi haiek… Kontinente osoko begiraleek tribunaren goiko eserleku guztiak hartzen zituzten.

Hamar urte geroago, Laurent Blanc aulkian zela, beste liga bat eskuratu zuten. Yoann Gourcuffen denboraldia izan zen. Bat eta bakarra. Baina handia. PSGri sartutako gol ikaragarria izan zen futbolari finaren gailurra.

 

   Urteak pasa ziren, eta ohiturak aldatu. Parc Lescure, gero Chaban Delmas izan zena, alde batera utzi eta Matmut Atlantique berria eraiki zuten Bordeleko lakuaren ondoan. Etxeko berotasuna eta gotorlekuaren indarra galdu zituen Girondinsek. Frantziako hainbat taldek azken boladan hartu duten bide okerretik jo eta jota amaitu du eskapularioaren taldeak: identitatea galduta, nortasunik gabe, odol ustuta. Erreferente handiak historia liburuetan geratu dira, pasarte distiratsuak ere bai; taldea hautsita dago eta harmaila suminduta. Atzerriko inbertsio funtsak Frantziako taldeak suntsitzen ari dira. Jabe berriek futbol taldeak kromoak balira bezala elkar trukatzen dituzte. Gerard Lopez, Girondinseko jabeak bereziki. Lillen, Mouscronen eta Boavistan izan zuten haren berri.

 

   FC Girondins Bordeaux, Frantziako ligako monumentu handia Bigarren mailara jaitsi da. Sailkapenari so egin eta azken tokian ikustea harrigarria da. Baina taldearen jokoa aintzat hartuta, bada ulergarria. Zilarrezko mailatik hainbat klub ospetsu igaro dira azken urteotan: Nantes, Monako, Lens, Auxerre, Metz, Bastia, Sochaux… eta, berriki, Michel Platini bultzatu zuen Nancy ospetsua 3. mailara jaitsi da.

 

   1982ko neguan bertatik bertara ikusi genuen Alain Giresse kapitain hilezkorra iragan astean entzun genuen pena handiz mintzatzen maisutasunez gidatu zuen taldearen inguruan. Itzuliko al dira? Eta nola? Noren eskutik? Hori da galdera nagusia. Egungo futbolaren ekosistema oso gorabeheratsua da.

 

 

                                                                                                                                Naxari Altuna (kazetaria)



COMENTARIOS

Añadir un comentario

:angry: :flowers: :blink: :pinch: :blushing: :crying: :ermm: :getlost: :grin: :happy: :hug: :kiss: :laugh: :blah: :smile: :sad: :tongue: :wink:





Desarrollado por BIT&MINA