Bidegurutzetik, gurutze bidera || SOCCER442 || football game

SOCCER442 football game

Bidegurutzetik, gurutze bidera

Bidegurutzetik, gurutze bidera
2 Comentarios - 1/52/53/54/55/5 - 2.5 / 2

Image2022/05/31

 

Saint-Etienne vs Auxerre, bi klasiko handi aritu dira nor baino nor gehiago: L1ari nola edo hala eusten aurrenekoa, L1era itzultzeko lehia bizian bigarrena. Gertatzen zena gertatzen zela, zapore gazi gozoarekin geratuko ginen.

 

   Hamar urte igaro dira AJA (Association de la Jeunesse Auxerroise) Bigarren mailara jaitsi zenetik. Txapeldunen Ligan Real Madril, Milan eta Ajaxen aurka jokatzetik, amildegian behera erortzera igaro zen Borgoñako talde ospetsua.

 

Auxerre herria da, futbol herri gogoangarria. Herri handi bat edo hiri txikia, Vila-realen tankerakoa. Futbolaren ikuspegitik, hamaika irakaspen utziak ditu bere ibilbide bitxiari esker. Eskualdeko txapelketa mailan hartu zuen entrenatzaile gazte batek 1961ean, artean 23 urte zituela; entrenatzaile/jokalari gisara iritsi zen klubera. Bi hamarkada ez ziren pasa taldea Lehen mailara iritsi zenean. Aurreko urtean, 1979an, Kopako finala jokatu zuen Auxerrek Nantesen aurka. Beti entrenatzaile beraren gidaritzapean: 1961etik 2005era arte.

 

   Auxerreko aurreneko izar distiratsua Poloniatik iritsi zen, Europa ekialdeko kirolariak atzerrira ateratzea zaila zen garaian. Andrzej Szarmach golegile handiak sona eman zion Borgoñako taldeari. Bere golei esker bidea egiten hasi zen gorengo mailan talde zuri-urdina. Baina ez zen Szarmach bakarrik, Joel Bats izeneko atezain gaztea ere handik zebilen bueltaka (gero PSG eta Frantziako selekzioko ikurra izango zena); edo Basile Boli atzelari bortitza (Marseillari Europako Kopa eman zion futbolaria, Frantziak lortu duen bakarra); Jean Marc Ferreri ikusgarria Alain Giressen ordezkoa izan zen Auxerre utzi eta Bordelera joan zenean (Girondinsen eta selekzioan hartu zuen Gigiren lekukoa). Baina, batez ere, Eric Cantonari atea zabaldu zion taldea da Auxerre, Marseillan jaio eta Borgoñan hazi zen txori hegalariaren habia.

 

Szarmach bibotedunaren alboan hasi zen aurreneko golak egiten, urte batzuk geroago Manchesterren errege bilakatuko zen futbolaria. Bide luze eta oparo horren gidaria Guy Roux aztia izan zen. Goi mailako aulki batean urte gehien eman duen entrenatzailea.

 

Rouxen eragina erabatekoa izan zen klubaren bilakaeran, formakuntza prozesuan, eta Auxerren lorpen handietan. Arestian aipatutako gazteei bidea erakuste aldera, ibilbide okerrak zuzentzeko beharra zuten futbolari handiak fitxatzen jakin zuen: Ajaxen aritutako Frank Verlaat atzelari dotorea eraman zuen; Laurent Blanc handia Saint-Etiennetik; eta Vincenzo Scifo Bordeletik. Hiru horiek distira eta konfiantza berreskuratu zuten Guy Rouxen altzoan. Gaur egun ohikoa bilakatu den antolaketa erabiltzen zuen duela hogeitamar urte baino gehiago Roux entrenatzaileak: 1/4/3/3. Alsazian jaiotako aztia eta Zdenek Zeman txekiarra ziren antolaketa horren defendatzailerik sutsuenak. Eta, halako batean, 1961ean eskualdeko ligan taldea hartu zuen gizonak, Frantziako liga nagusia eta Kopa eman zizkion Auxerri. 1996an gertatu zen hori. Guy Rouxen aginduetara Auxerre gailurrera iritsi zen: Corentin Martinsek zuzentzen zuen taldearen jokoa zelai erdian, atzean Blanc zen ipar-orratza, Moussa Saib (Realak fitxatu nahi izan zuen erdilari aljeriarra) batera eta bestera ibiltzen zen, Sabri Lamouchi artista ondoan zuela; Bernard Diomede eta Chistophe Cocard hegalekoak zitalak ziren; puntan, berriz, garai hartan Frantziako aurrelaririk onentsuenetakoak zeuden: Lilian Laslandes eta Stephane Guivarc’h bretainarra, Frantziako Mundialean gola galdu zuen futbolaria.

 

                                                                                                                              

UEFAko finalerdiak zapaldu zituzten Frantzian Liga eta Kopa irabazi aurretik. Gero, Txapeldunen Ligako final-laurdenetara iritsi ziren. Hori guztia, joko ikusgarria erakutsita.

 

   Klubaren sorreran, Guy Roux entrenatzailearen tankerako pertsona irudikatzen dugu: Auxerren futbol zelaiari izena eman dion Deschamps abadea. Abbe Deschamps jokaleku txikian eraiki zuen bere kondaira Borgoñako taldeak, eta hala izan da Guy Rouxek erretiroa hartu zuen arte. 44 urte egin zituen Abbe Deschampseko aulkian.

Haren karisma eta eragina neurtzeko, aproposa da bere garairik oparoenean jazo zena kontatzea:

 Eric Cantona taldean izan zuenean kate motzean lotu nahian ibiltzen zen, baina beti ezinean. Cantonaren nortasun bereziak makina bat gatazka eragin zizkion entrenatzaileri. Handik urte batzutara, futbolariaren amaren deia jaso zuen Rouxek: laguntza eske jo zuen bere semearen entrenatzaile ohiarengana. Cantonak kartzelan sartzeko arriskua zuen, Crystal Palaceko jarraitzaile baten irainei ostikada bortitz batekin erantzun ostean. Guy Rouxek, amaren eskaera aintzat hartuta, Frantziako presidenteari deitu zion, Ingalaterrako erreginari mezu bat helaraz ziezaion. Azkenean, Eric Cantona ez zuten kartzelan sartu eta gizartearen aldeko lanak egitera kondenatu zuten.

 

   Guy Rouxek aulkia utzi zuenean, kluba iparra galtzen hasi zen. Auxerrera ere atzerriko kapitala iritsi zen eta hamar urte zeramatzan burua altxa ezinda, Bigarren mailan. Eta, halako batean, Frantziako futbolaren pasarterik gogoangarrienetakoak idatzi dituzten bi talde gurutzatu dira errukirik gabeko norgehiagokan. Zirt edo zart. Emaitza bera bi zelaietan. Eta hamaika metroen lehian, Auxerre garaile Saint-Etiennen zelaian. Girondins eta Sainte elkarrekin jaitsi dira zilarrezko mailara. Eta Auxerre gora, Guy Rouxen garaiak gogoan. Baina testuingurua oso bestelakoa da. Xarma galdu du Roux zaharraren metodoak alde batera utzi zituztenetik.

 

   Saint-Etienne jota geratu da. Oso une gozoak bizi izan ditu bere historia luzean, hiru arotan banatuak, baina azken boladan haustura sortu da kluba eta zaleen artean. 1976an Europako Kopako finala jokatu zuen kluba bere bidetik atera zen aspaldi, eta Frantziako klasiko galduen artaldean kokatu da. Arnasa emango dion inbertsio talde baten bila dabiltza aspaldian, Bordelen, Nantesen, Marseillan, eta beste hainbat lekutan gertatzen ari denari erreparatu gabe.

 

Le Chaudron izenez ezaguna den estadioak zaleen pasioa eta berotasuna izan ditu oinarri betidanik, baina orain giro nahasia bizi dute han. Jarraitzaileak entrenamendu zelaietara hurbildu izan dira, entrenatzaileei eta futbolariei kontuak eskatzera. Etxeko futbol partidaren bat ere eten egin behar izan du epaileak suziriek giroa lainotuta.

    Frantziako zaleen bi futbol talderik kuttunenak Marseilla eta Saint-Etienne direla esan liteke. Berdeen kasuan, batez ere, herrialde osoa sentipen baten alde batu zutelako Bayern Munichen aurkako Europako final hartan. Eta, gero, Michel Platinik jokatu zuelako han. Les verts: zaleek ez dituzte inoiz ahaztu. Baina sentipen hori erromantikoen oroitzapenean geratu da.

 

Egungo taldea ez da bere historia loriatsuaren eredua. Eta pandemia garaian gehiago hitz egin da klubaren urrezko aroari buruz beste edozein konturen inguruan baino. Batez ere, Robert Herbin jokalari eta entrenatzaile handia izan zena zendu ondoren. Haiek bai garai oparoak. Orain jota geratu dira. Datorren denboraldiko L2 txapelketa bitxia izango da.

 

 

                                                                                                         Naxari Altuna (kazetaria)



COMENTARIOS

Añadir un comentario

:angry: :flowers: :blink: :pinch: :blushing: :crying: :ermm: :getlost: :grin: :happy: :hug: :kiss: :laugh: :blah: :smile: :sad: :tongue: :wink:





Developped by WWW.bitymina.com