FIFA erakundeko presidente ohi Joseph Blatterrek esan berria da: “Munduko Koparen antolaketa Qatarri ematea akats handia izan zen”. Futbol agintaritzaren jainko izandakoak bere iritzia eman du zalapartaren erdian. “Herrialde txiki bat ez da egokia horrelako txapelketa bat antolatzeko”, gaineratu du suitzarrak. Horretan geratu da bere ahots kritikoa. Gertatu direnak eta gertatzen ari direnak gertatuta. Blatterrena galanta da. Qatarreko hautagaitza bultzatu ez izanaren bere benetako arrazoia, sinestezina.
2010eko abenduaren 2an, 2018 eta 2022ko Munduko Kopak antolatuko zituzten herrialdeak aukeratu behar zituzten. FIFAko presidenteak amets galaktiko bat egi bihurtu nahi zuen: Errusia eta Estatu Batuei Mundiala antolatzeko ardura emanda, Bakearen Nobel saria jasoko zuela uste zuen. Gerra hotzaren amaiera biribila.
Gianni Infantinok, Blatterren ordezkoa futbolaren gobernuan, Munduko Koparen argiarengatik izan ez balitz, Qatarren egin beharreko aldaketek hamarkadak beharko zituzketela adierazi berri du. Beltzetik zurira.
Mundialeko bi egoitzak aukeratzeko bozketa egin baino egun batzuk lehenago, Parisen hasi zen petrodolarren dantza. Eliseo jauregian Nicolas Sarkozy, Errepublikako presidentea, Qatarreko egungo Emirra, eta Michel Platini UEFAko presidentea batu ziren, besteak beste, mahaiaren inguruan. Futbolaren diplomazia gori-gori. Mundiala hizpide, eta negozio biribila mahai gainean: PSGren salmenta, Al Jazeeraren menpeko BeIn Sports katearen sarrera Frantzian, eta hegazkin militarrak erosteko tratua. Frantziaren interesen arabera, Qatar zen Mundiala antolatzeko herrialderik egokiena. Uste argi horrekin zutitu zen bilera hartatik UEFAko presidentea. Estatu Batuei bere botoa emango ziela agindu arren, arabiarren aldeko kanpaina egiten hasi zen bapatean.
Michel Platini futbolari handia izan zen. Frantziak inoiz izan duen handiena, beharbada. Jokatzen ikusi genuen, eta ikaragarri gozatu ‘10’ paregabearekin. Zelaiko aginte makil bera erabili zuen bulegoetan. Baina zaleen lilura berdegunean piztu zuen: Nancy, Saint-Etienne, Juventus eta Frantziako selekzioarekin. Erasoko erdilaria izanik, hiru aldiz izan zen Italiako Ligako golegile nagusia, Maradonaren garaian, eta hirutan irabazi zuen Urrezko Baloia.
Berdintasuna eraman nahi zuen futbol mundura, Italiako txapeldunak eta Albaniakoak Europan lehiatzeko eskubide bera izan zezaten. Baina bidean usteltzen hasi zen. Blatterrek bere ordezko gisa nahi zuen FIFAn. Platinik harengandik jasotako eskupekoak bi horien amaiera bultzatu zuen futbolaren agintaritzan. Platini afixatik erori zitzaigun. Muturreko galanta.
Borondateen aldaketa abian zen. Michel Platini, “Qatar indartsu dator” esanez hasi zen jendea ohartzen. Basamortuaren erdian udan jokatzea ezinezkoa zen, baina zerbait asmatuko zuten hori konpontzeko. FIFAk bere arauak ezarri izan ditu beti Munduko Kopa antolatu duen herrialdean. Oraingo honetan ez, ordea. Qatarrek agintzen du. Beste inork ez zukeen futbol egutegi bat hankaz gora jarriko. Babesleak, akordio komertzialak, diru iturri berriak… Qatar Foundation, Qatar Airways… Boterekeria eta klub-estatuen sorrera. Petrolioa eta gasaren indarra.
FIFAren egitekoa futbola zaintzea da. Futbolariak dira aktore nagusiak. Egutegiak puztearekin batera, lesioak ugaldu dira, eta hainbat futbolarik euren kirol ibilbideko unerik garrantzitsuena galduko dute. Ez da arazo horren aurka egingo duen sindikaturik, talderik, federaziorik… Federazioak dagokien kontinenteko erakunde nagusiaren baitan baitaude (UEFA, Conmebol, CONCACAF…), eta denak FIFAren esku. Infantinok soka gehiago estutu nahi du, Mundiala bi urtean behin jokatzeko asmoarekin.
2015ean FIFAko goi-bilera Zurichen egiten ari zirela, FBIko kideak Baur au Lac hotel distiratsuan sartu ziren gauez, Conmebol eta CONCACAFeko hainbat agintari atxilotuta. Bakarren batek ihes egin zuen handik, arriskua usainduta. Estatu Batuak 2022ko Mundialik gabe geratu ziren, eta futbolaren oinarriak astindu zituen hango administrazioak. Qatarreko hautagaitzaren inguruko botoen salerosketak ataka batean jarri zuen FIFA erakundea. FIFAGATE, deitu zioten. Blatterrek dimisioa eman zuen, eta Gianni Infantinok haren lekukoa hartu zuenean, Qatarren hautagaitza berretsi zuen.
Azpiegiturak eraiki behar ziren: estadio berriak, errepideak, hotelak… Dirua ez zen arazo. Arazoa, egitura horiek sortzeko izerdia odol bihurtu izana da. 2021eko otsailean THE GUARDIAN egunkariak 6500 langile migratzaile baino gehiago zendu zirela salatu zuen ikerketa baten ondoren. India, Pakistan, Nepal, Bangladesh eta Sri Lanka utzi zuten hainbat gizasemek Qatarren utzi zuten euren bizia. CO2 isurketa gehien duen herrialdeetako bat ere bada Qatar, berez, eta are gehiago Munduko Kopak sortuko duen kaltearekin.
Baina FIFAren egitasmoak aurrera jarraitu zuen; futbolarien ilusioa han jokatzea zen, eta zalapartaren erdian, zaleak galderak egiten hasiak ziren: “zilegi al da Mundial hori jokatzea?”. Bundesligako jarraitzaileek, aho batez, ezetz esan dute. Boikota deituta.
Argentinan jazo zen, 1978an. Argentinako diktadurapean jokatu behar zen urte hartako Mundiala. Jorge Videla Monumental estadioan azaldu zen batzorde militarreko beste goiburuekin. Desagertutakoak eta torturatuak anitz ziren. Eta Riverren zelaitik gertu preso zeudenek, Kempesen golek sortutako orroekin leuntzen zuten samina. Kontraesan krudela. Frantzian sortu zen Mundialari bizkarra emateko kanpaina. Baina militarrek irudimenari heldu zioten, euren izana zuritzeko: “Los argentinos somos derechos y humanos” leloarekin.
FIFAren ikuspegitik, Munduko Kopa begiak goxatzeko sortua zen, inolaz ere kontzientziak astintzeko. Sepp Blatter, ordurako, Joao Havelange buru zuen nazioarteko erakundean sartuta zegoen.
Qatarren inguruan ere ez da giro. Oinarrizko eskubideen urraketak nabarmenak izanik, estadioen distirak kontzientziak itsutu nahi ditu.
Zaleek etxetik egin beharko dute hausnarketa. Frantzia, Alemania, Ingalaterra, Herbehereak, Belgika, Danimarka, Suitza eta Galeseko kapitainek besoan eramango duten ortzadarrak harrapatuko ditu. Eta galderak egitera behartu. LGTBI kolektiboaren aurkako diskriminazioa salatuko dute zortzi selekzio horiek. Eta, beharbada, FIFAk zigortu egingo ditu. Ez baitu kirol esparrutik kanpoko adierazpenik onartzen. Horregatik, ez du baloraziorik egin duela gutxira arte selekzio mailan munduko golegilerik oparoena izan den Ali Daei irandarra bere herriko emakumeak defendatzeagatik atxilotua izan denean. Futbola eta politika betiere eskutik hartuta.
Hummel arropa enpresa Danimarkako selekzioaren hornitzailea da. Baztertuak eta gutxietsiak direnekin sentsibilitate berezia agertu izan du beti. Afganistango emakumezkoen futbol selekzioaren arropa eurek ekoizten dute, eta askatasunaren aldeko borroka horretan nabarementzen dira. Danimarkako selekzioaren entrenamendu elastikoei “oinarrizko eskubideak guztiontzat” leloa erantsi zioten. Baina FIFAk debekatu egin die elastiko horiek erabiltzea. Hori adierazi zuen joan zen astean Danimarkako federazioak. Kamiseten koloreak, ordea, ez ditu nazioarteko futbol erakundeak aukeratzen, eta Hummelek beltzez margotu du selekzioaren hirugarren elastikoa. Langileek Qatarren jasan dituzten baldintzak salatu nahi ditu.
Futbola, askatasun eta sormen eremua da. Mundiala, berriz, kultura ezberdinen kolore festa. 32 herrialdetako zaleak Doha hiriburuan batuko dira, segurtasun neurriez josita, mugaz beterik. Bi aplikazio jaitsi behar dituzte mugikorrean, eta horrekin eduki guztiak kontrolpean izango dira. Kalean ezingo da edan, elkarri maitasuna adierazteko ere komeriak. Baina baloia bueltaka ibiliko da, jekeen begien aurrean. Ez da futbol herrikoia.
Frantziako federazioak euren zaleentzako elkargune irikia egin nahi zuen Dohan, baina garestia omen. Azkenean, bost izarretako hiru hoteletan topagune pribatu bat antolatuko dute, 30 euroko sarrera ordainduta.
RMC irrati katean entzun genituen Dohara iritsi ziren Frantziako selekzioko aurreneko zaleak. Indiatik joandakoak. Mundialeko antolatzaileek gonbidatu dituzte, mundu osoko beste ehunka zalerekin batera, azken urteetan Qatarren alde sare sozialetan egin duten lanagatik. Albistea Herbehereetako telebista publikoak zabaldu zuen duela aste batzuk.
Artifizialki eraikitako Munduko Kopa. Zale xumeak, bien bitartean, urrun dira, milaka kilometrora. Egungo futbolaren bezero bihurtuta.
Naxari Altuna (@naxaltuna)