Duela urtebete, Josh Cavallo Adelaide United taldeko futbolariak homosexuala dela adierazi zuen sare sozialetan. Bideo hartan hunkituta eta urduri azaltzen zen. Beldur zen jendeak nola erantzungo zuen. Futbol munduak, batez ere. Horrek agerian uzten du gaia tabu antzekoa dela gizonezkoen futbolean. Goi mailako hainbat futbolari ospetsuk Josh Cavallo australiarraren keinua txalotu zuten.
Adelaide Unitedeko atzelariak, Mundiala Qatarren jokatuko zela jakinda, bere kezka azaldu zuen. Australiako selekzioak hura deituz gero? Ordurako, Herbehereetan abian zen 2020ko Eurokoparako ONE LOVE ekimena, LGTBI kolektiboak eta beste hainbatek jasaten duten diskriminazioa salatzeko kanpaina. Budapesteko egoitza eta Orbanen gobernua begiz jota zuten. Municheko Allianz Arenaren perimetroa ortzadar kolorearen argiekin piztu zuten Alemania vs Hungaria partida bezperan. UEFAk estu hartu zuen Alemaniako federazioa. “Ekintza politikoa” bertan behera uztera behartu zuten. Ortzadarra itzali zen.
Bundesligak tinko erantzun zuen hurrengo denboraldian, kapitainei LGTBI kolektiboaren aldeko mezua duen besokoa erabiltzeko baimena emanez. Kornerreko banderatxoak ere horrela apaindu zituzten. Orain, UEFAk Eurokopan egindako mehatxua Qatarren gauzatu du FIFAk. Zigor hotsa entzuten duten bakoitzean federazioak eta futbolariak dardarrean hasten dira.
Harry Kane, Ingalaterrako kapitainak, bere federazioaren babesa zuen, zigorra zigor. Baina FIFAk, ortzadarraren besokoa eramateagatik ezarriko duen zigorraren berri eman bezain pronto, ONE LOVE ekimenarekin bat egin zuten selekzioek amore eman dute. Sentipena eta beldurra nor baino nor gehiago. Beldurra nagusi, azkenean: FIFA garaile. Josh Cavallok kontrako bidea hartu zuen, kosta ala kosta.
Ingalaterraren kasuan, indar sinboliko handia du gertakariak. Besokoa eraman nahi zuten, zigor ekonomikoa ordaintzeko prest omen zeuden, baina FIFAk kapitainari txartel horia aterako ziola esanda, burua jaitsi eta aurrera.
Amal Fashanu Ingalaterrako ekintzailea da diskriminazio kontuetan. Premier Leaguen badira futbolari homosexualak, beldurrez bizi direnak, eta haiei laguntzen saiatzen da Justin Fashanu Fundazioaren izenean. Duela urtebete, bere izena eman nahi ez zuen futbolari batek elkarrizketa eskaini zion THE SUN egunkariari. Sentitzen zuen beldurragatik bere taldeari laguntza psikologikoa eskatu ziola aitortu zuen. Amal Fashanuren babesa du bidean aurrera egiteko.
Homofobiaren aurka konpromiso argia du 80ko hamarkadan Wimbledon taldeko golegile handia izan zen John Fashanuren alabak. Etxetik datorkio kezka hori. Ez zuen ulertzen bere osaba Justinek bizi zuen sufrikarioa. Eta horren aurrean oldartu zen.
Nottingham Foresteko aurrelaria izan zen Justin Fashanu. Golegile ospetsua. Baina bizitza maldan gora jarri zitzaion 1990ean homosexuala zela aitortu zuenean. Bere anaia Johnek, Amalen aitak, bizkarra eman zion. Irratian entzuten zuenean “Justin Fashanu, futbolari homosexuala…” sutan jartzen omen zen. Alabak haserrearen zergatiaz galdetuta, John aitak muturra okertzen zuen.
Justin Fashanuk bere buruaz beste egin zuen 1998an. 37 urte zituen. Ingalaterrako futbola jota geratu zen, eta haren ilobak osabaren izena duen fundazioa sortu zuen futbol munduan edozein diskriminazio sufritzen dutenei laguntzeko. FIFAk Harry Kane eta beste kapitainei ezarritako debekuak talka egiten du bete betean Ingalaterran eta Bundesligan, esaterako, arrazakeria eta homofobiari aurre egiteko adostutako keinuekin.
Ingalaterrako kapitainak, ortzadarraren besokoaren ordez, diskriminazioaren aurkako beste bat jantzi du Iranen aurkako partidan eta Ingalaterrako hamaika futbolariek belauna lurrean ipini dute, Black Lives Matter mugimenduak kirol munduan zabaldu duen ekintza irudikatuz. FIFAkerien aurrean, futbolaren bidezidorrak.
Naxari Altuna @naxaltuna