Argia || SOCCER442 || football game

SOCCER442 football game

Argia

Argia
0 Comentarios - 1/52/53/54/55/5 - 1 / 1

Image   2023/07/29

 

   Itzalean ere argi. Real Madrilen aurkako azken partidan emandako joko erakustaldiak itxi zuen bere ibilbide oparoa. Eta, bitxia da: zurien presidenteak inoiz pentsatuko zuen zuriekin jokatzeko jaio zela; Bartzelonak ere damua izango zuen. Nola ez zen egokia izango David Silva blaugranen garairik oparoenean jokoari distira emateko? Baina haiei izkin egin zien kanariarrak. Beste bide  batzuk aukeratu zituen zoriontsu izateko, eta Euskal Herrian birritan gozatu dugu.

 

   Larunbat eguerdia zen. Ipuruan entrenamendua amaitu berri Eibarrek, igandeko partida jomugan. 2004/05 denboraldia. Armaginek fitxatu berri zuten erdilari txiki baten zain ginen. Begira, horko hori bere aita da, esan zigun batek. Valentziak bere semea fitxatu zuenean, aitari lana eman zion klubak: Paternako entrenamendu zelaien zaindaria zen. Aitak jokalekua zaintzen zuen, semeak jokoa.

 

   Jose Luis Mendilibar, Eibar taldeko entrenatzailea atera zen lehengo. “Zer, norbaiten zain”. Bai horixe. Silvarekin elkarrizketa hitzartu genuen. 18 urterekin iritsi zen Eibarrera Valentziaren haztegitik. Turiako hiriburura, berriz, Argineguinetik (Kanariar Uharteak). Eta Kanaria Handiko herrixka hori aipatzen dugularik, bakarren batek pentsa dezake han, futbolaren ikuspegitik, mikroklima antzeko bat ote dagoen: David Silvak hango beste artista baten bideari heldu nahi zion; Juan Carlos Valeron zuen ispilu.

 

Mendilibarrek irribarre batekin erantzun zigun: “Hau ez da kikiltzen. Entrenamenduetan dantzan jartzen ditu besteak. Nortasun handiko mutila da. Oso lehiakorra”. Eta nola gozatu genuen denboraldi hartan. Aurrelariagoa zen Silva, erdilariaren arima zuen aurrelaria. Gaizka Garitanok eta Moises Hurtadok zaintzen zuten haren bizkarra, eta Joseba Llorenterekin bereak eta bi egiten zituen erasoan David Silvak. Baina bere jokaldirik ederrena Lleidan egin zuen, luzapenean, markagailua bana zela, garaitzeko gola sartzeari uko egin zionean, aurkari bat lurrean min hartuta ikusi zuelako. Baloia kanpora bota zuen 92. minutuan.

 

   Lehen Mailara igotzeko zorian izan ziren armaginak. Gutxi falta izan zitzaion Mendilibarren taldeari. Azken jardunaldira arte igotzeko aukera izan zuen Eibarrek. Baina amaitu zen denboraldia, eta irribarre batekin agur esan genion Silvari. Haren arrastoa oso sakona zen; ez genuen berehalakoan ahaztuko. Valentziak ez zion jokatzeko aukera eman hurrengo sasoian, baina ez zen Euskal Herrira itzuli. Lehen Mailarako zegoen kanariarra, baina atlantiko aldera jo zuen, Vigora. Celtak erakutsi zuen onenen artean lekua zuela. Baina txokoren batean gordea zuen Euskal Herria David Silvak… gero arte esan zuen.

 

   Celtarekin maila bikaina erakutsita, orduan bai, Valentziak atea zabaldu zion eta han erakutsitako distirak Espainiako selekzio nagusira eraman zuen.

 

   Viena, 2008ko uztaila: Espainia – Errusia finalerdiaren astea. David Silva handik zebilen bueltaka: Xavi, Iniesta, Cazorla, Cesc… erdilari txikien loraldia zen. Luis Aragonesek haiengan sinistu zuen. Eta Ipuruan, larunbat goiz hartan bezala, guk David Silvarekin hitz egin nahi genuen. Baina ez Eurokopaz, Espainiako selekzioaren ibilbideaz. Euskal Herriko bere oroitzapenez mintzatu nahi genuen Argineguingo futbolariarekin. Futbol eta giza ikuspegitik. Hiru urteren buruan, Ipuruatik Praterrera jauzia egin baitzuen, eta guk ibilbide oparoaren iturburura jo nahi genuen: Eibarren bizitako urte hura, lokatzez beteriko negu gorria, eta udaberriko ilusio hura. Armaginekin bizitakoa bere kirol ibilbidean mugarria izan zela aitortu zigun.

 

   Izan ere, David Silvarekin hitz egitea lortu genuen. Zertaz mintzatu nahi genuen aipatu genionean, beste elkarrizketa guztiak albo batera utzi zituen. “Ez, nik hauekin hitz egingo dut”, esan zien gainerakoei. Begiek dir-dir egin zioten Euskal Herrian bizitako urte hura gogora ekarri genionean. Goraintziez eta esker onez bete zuen berriketaldia.

 

   Valentziatik Manchesterrera, hamar urteko gozamena Cityrekin, eta gozatu ederra eman zien Ingalaterrako futbol zaleei. Zelai guztietan argi berezia ageri zen Silvak baloia ukitzen zuenean. Zoriontsua zen eguneroko lanean, lehiakorra lan saio guztietan, adeitsua jendearekin eta zaleen kuttuna. Jokoa aberasten zuen bere argitasunarekin, armonia sortzailea. Zoriontsu egin zuen jendea eta, esker moduan, Etihad zelaiaren kanpoaldean eskultura bat egin zioten Manchester Cityri agur esan zionean.

 

   Eta Euskal Herria aukeratu zuen bere ibilbidea amaitzeko. Hasi eta buka gurean. Eibarren bere ibilbide profesionala hasi zuenetik hamabost urte pasa ziren Donostiara iritsi zenean. Futbolaren arima izan da David Silva; Realaren argia. Itzalean ere argi. Bat eta bakarra.

 

 

                                                                                                               NAXARI ALTUNA (kazetaria)

  



COMENTARIOS

Añadir un comentario

:angry: :flowers: :blink: :pinch: :blushing: :crying: :ermm: :getlost: :grin: :happy: :hug: :kiss: :laugh: :blah: :smile: :sad: :tongue: :wink:





Developped by WWW.bitymina.com