Iraultzak || SOCCER442 || football game

SOCCER442 football game

Iraultzak

Iraultzak
0 Comentarios - 1/52/53/54/55/5 - 1.5 / 2

Image2023/08/26

 

 

Duela urtebete ‘Romper el silencio’ deituriko dokumentala eskaini zuen Espainiako telebista kate batek. Lan horretan, Espainiako selekzioan aritutako hainbat futbolari azaltzen dira 27 urtean hautatzaile izan zen Ignacio Queredari buruz hitz egiten. Hura kargugabetu zutenean (2015ean), Espainiako selekzioan aspaldi aritu zen futbolari batek zera esan zidan, harriduraz: “Baina nola da posible hainbeste urte pasa eta gero gizon hori orandik hor egotea? Eta harrigarria da orduan ematen ziguten diru sari  bera eskaintzea futbolariei”.

 

   Galdera eginez gero, Estatuko futbol zale askok, gehienek ez esatearren, ez zuten jakingo Quereda nor zen. Futbola muturreraino eramaten duen herrialde batean. Irratietako tertulia ospetsuetan ez zen emakume futbolarien inguruan hitz egiten. Baina Kanadako Mundialetik etxera itzuli zirenean, orduan lurrikara sortu zen: hedabideetako lerro buru nagusietara jauzia egin zuten jokalariek.

 

    Espainiako selekzioa 2015 hartan aritu zen aurrenekoz Munduko Kopan. Ez zen bigarren fasera sailkatu eta futbolariek, Barajasko aireportuan lur hartu zutenean, hara hurbildu ziren hedabideen aurrean ozen eskatu zuten hautatzailearen dimisioa. Zergatik? Aldaketa sakonak nahi zituztelako: pertsonak tratatzeko eratik hasita, lan baldintza duinak, entrenamendu hobeak, txapelketa bat behar bezala prestatzeko plangintza serioa, eta errespetua.

 

Futbolari haien aurretik, hainbatek eta hainbatek bidea eginez izerdia baino gehiago utzi zuten zelaiaren gainean. Aitzindariak, bidegileak, pasioagatik futbolean aritzen zirenak, amateurrak (kirolaren esentzia), gizarteak ezartzen zizkien hainbat oztopo eta harresi gainditzeko borrokan.

 

   Kanadako Mundialera joan ziren futbolari haien keinua aitzindariekiko errespetua eta aitortza zen hein handi batean, hurrengo bidegileak eurak baitziren. Aitzindariak beste hainbat esparrutan; besteak beste, mugarri bat ezarri zutelako: aurreneko Mundiala jokatu zuten.

 

   Handik bueltan, han ziren, Barajasen, Ainhoa, Leire, Irene, Eli eta Erika, beste hainbat futbolariren artean. Euren nazioarteko jarduna kolokan jarri zuten eta, helburua lortu arren, hautatzailearen dimisioa alegia, futbolari batzuen amaieraren hasiera izan zen Espainiako selekzioan. Quereda ez zen gehiago izango hautatzailea, baina Jorge Vilda bere laguntzaileak hartuko zuen lekukoa.

 

   Vildari gonbita luzatu zioten hastapenean aipatu ‘Romper el silencio’ dokumentalean parte hartzeko. Ez zuen onartu. Futbolarien hitzak entzunda, arazoa pertsona jakin batena baino gehiago, egitura oso batena zela agerian geratu zen. Une hartan, Veronica Boquete zen Estatuko futbolaririk entzutetsuena: taldeko kapitaina. Nazioarteko klubetan ibilbiderik oparoena izan arren, bere lekua galdu zuen taldean: zigortu egin zuten, beste hainbatekin gertatu bezala.

 

   ‘Kanadako espiritua’ deitu zioten futbolari haiek Barajasko aireportuan sortu zen mugimenduari: elkartasuna, konpromisoa, adorea. Aurreneko lan-hitzarmena lortu arte ez zuten amore eman; profesionaltasunaren bidea zabaldu zuten, aitzindarien espiritu amateurrarekin. Futbolariak beti aurretik; agintariak gibelean, hedabide nagusiak ere bai, politikariak lo. Eta, bat-batean, presidente berria Espainiako futbol federazioan: Rubiales ospetsua. Futbolari ohia, futbolarien sindikatuko nagusia izandakoa, eta futbolaren gobernu burua. Izan daitekeen antolaketa hierarkikorik zurrunenean: FIFA eta UEFA erakundeen antzera. Herrialdeetako federazioak ez dira alferrik zuhaitz horien adarrak.

 

   2019an Frantziako Mundialak sekulako oihartzuna izan zuen irudi ikuspegitik. Zaleak emakume futbolariak gehiago jarraitzen hasi ziren, berriemaile berezien figura zabaltzen hasi zen, eta txapelketa iritsi zenean hedabide batzuk euren kirolean sakontzen hasi ziren, analisiekin, kalitatezko informazioarekin. Estaturako irudiak zabaldu zituen telebistak hainbat futbolari, futbolari ohi eta entrenatzaile eraman zituen platora. Beste aurrerapausu bat zen hori. Olatu bat irudikatu genuen. Uhin indartsua.

 

Baina usteak erdi ustel. Indar hori baliatu beharrean, Estatuko futbolaren oilar nagusiak botere eta harrokeriazko borroka batean murgildu ziren, buru belarri. Emakume futbolarien bilakaera? Bost. Baina futbolari horiek gazteei bidea erakusten jarraitu zuten. Eredugarri izaten. Euren aurrekoak izan ziren bezala.

 

   Greba bat egin behar izan zuten lan-hitzarmena lortzeko. Urteak pasa dira eta hitzarmen hori ez dute berritu. Liga profesionala omen, baina txapelketako hainbat jokaleku ez dira profesionalak, ez behintzat lehen mailakoak. Eta hor trebatu dira denborarekin munduaren gailurrera iritsi diren futbolariak.

 

   Aldarrikapenetan, Estatu Batuetako jokalariak izan dira gidari nagusiak. Onenak ziren zelaian, euren egiturak aspaldi zirelako egokiak, eta berdegunean irabazteaz gain hortik kanpo ardura bat zutela argi izan dute beti. Munduko eta Olinpiar Jokoetako txapeldunen ahotsak muga eta oztopo handiak gainditzen lagundu du. Arestian aipatu Kanadako Mundialaren atarian FIFAri erronka jo zioten txapelketa belar artifizialean jokatuko zelako. Hori ez zen duina goi mailako fubolarientzat. Lau urte geroago, Frantzian jokatu zen Munduko txapelketan, baldintzak zeharo aldatu ziren. Eta amaitu berri den Mundialean diru sariak, aurreko ekitaldikoekin alderatuta, halako hiru izan dira. Nork eragin du hori? Behetik gorako mugimendua izan da. 

 

   Duela urtebete Espainiako selekzioa Eurokopako final-zortzirenetan geratu zen txapelketatik at. Ingalaterrak kanporatu zuen. Eta hamabi hilabete geroago espainiarrek eskuratu dute Munduko txapelketa aurkari berdinaren aurrean. Futbolaren ikuspegitik, jokoa aintzat hartuta, prozesu luze baten ondorioa izan da, klub profesionalek emakumeen talderik ez zutenean baino askoz lehenago hasitakoa, klub profesionalek pausua eman zutenean asko hobetu dena. Talentuari bitarteko egokiak eskaintzen dizkiozunean horrelako gauzak gertatzen dira. Baina fubolarien ustetan, selekzioan ez ziren baldintza horiek betetzen. Eta 2015ean Kanadatik bueltan gertatu bezala, aurrera egiteko tresnak eskatu zituzten. Jarrera batzuk aldatzea. Errespetua. Irene, Ainhoa, Nerea, Amaiur, Lucia, besteak beste, tartean ziren.

 

   Denen artean federazioa estutu zuten. Zenbait gauza aldatu ondoren (arduradun berdinekin), batzuk itzuli ziren eta barrutik jarraitu dute lanean, bidea egiten. Besteek itzultzeko nahikoa ez zela iritzi zioten. Eta, orain, duela urtebete egitura ustela salatu zuten horiei arrazoia ematen hasi dira hainbat lekutatik, uda osoa Mbappé gora Mbappé bera ibili diren horietatik hasita, emakume futbolariak Australia eta Zeelanda Berrian sekulakoa egiten ari ziren bitartean.

 

   Eurak dira Munduko txapeldunak: emakume futbolari aitzindariak, Mundialean izan direnak eta han izateari uko egin ziotenak. Munduko txapeldunak, boterekeriaren, harrokeriaren eta oportunisten aurrean. Rubiales hierarkia ahalguztidun baten katebegia da, futbol profesionalean eta futboletik at ere indarrean dena. Boteredunak eta morroiak. ‘Romper el silencio’ ikusi eta agintariak aldatuta ere, arazoak indarrean jarraitu duela agerian geratu da, errotuta dagoelako. Horretan ere iraultza bat behar da.

 

                                            

                                                                                                                             Naxari Altuna (kazetaria)



COMENTARIOS

Añadir un comentario

:angry: :flowers: :blink: :pinch: :blushing: :crying: :ermm: :getlost: :grin: :happy: :hug: :kiss: :laugh: :blah: :smile: :sad: :tongue: :wink:





Developped by WWW.bitymina.com