Futbolaren isiltasuna || SOCCER442 || futboleko jokoa

SOCCER442 futboleko jokoa

Futbolaren isiltasuna

BLOGA

Futbolaren isiltasuna
2 Comentarios - 1/52/53/54/55/5 - 5 / 1

                                                                                                                                                                       2024-10-23

 

 

Israelgo futbol selekzioa Asiako txapeldun izan zen 1964an. Etxean jokatu zuten. Israelek ez du titulu gehiago goi mailako futbolean. 1970ean Munduko Kopan aritu zen, lehen eta azken aldiz, Asiako ordezkari gisa, Mexikon. Lau urte geroago, 1974ean, Asiako futbol federaziotik hanka egin zuen Israelek: kontinenteko herrialde arabiarrek ez zuten haiekin lehiatu nahi, etengabeko liskarren ondorioz.

 

   Boterea eta indarra bidelagun, Israel han-hemenka ibili zen bueltaka hogei urtean: Ozeaniako taldeekin orain, gero europarrekin. Azkenean, Europako futbol elkarteak besoak zabalik hartu zuen; UEFA ospetsuak.

 

   1994az geroztik, Israelgo selekzioa eta herrialde hartako futbol taldeak, Europako txapelketetan ari dira. Asian ez zuten begi aurrean ikusi nahi, eta FIFAren baitan dagoen federaziorik indartsuenak hartu zuen bere baitan. Mendebaldeak ekialde hurbileko mamuari atea zabaldu zion.

 

   Israel indarra da, dirua, boterea eta gehiegikeria. AEBen babesa du. Israelek bere Estatua okupatutako lurraldeetan hedatu zuen, Palestinako herria zapalduta: hango kirolarien egunerokoa baldintzatu, selekzioa erbestera kondenatu eta Palestinako futbolariei euren ligan jokatzeko hamaika oztopo jarrita. Beste herri bateko futbolariak diskriminatzea galerazita dauka FIFA erakundeak. Herria zapaltzeagatik, Nazioarteko Futbol Federazioaren arautegiko artikulu hori eta oinarrizko beste hainbat eskubide hausteagatik, 2024an hiru aldiz eskatu dio Palestinako Futbol Federazioak FIFA erakundeari Israel nazioarteko lehiaketetatik kanporatzeko. Aurreneko bi eskariei entzungor egin zien futbolaren gobernuak; hirugarren ahaleginari erantzun berri diote: ikusiko dutela. Baina zigorrik ez.

   Israelek Asiako federazioa utzi zuen aspaldi, eta orain UEFAk babestu du, Palestinako herria txikitzen ari den bitartean. Errusiako futbola aspaldi zigortu zuten, Ukrainaren aurkako inbasioaren ondoren. Errusiako selekzioa Eurokopa eta Mundiala jokatu gabe geratu da; hango klubak, berriz, Txapeldunen Liga, Europa Liga eta Konferentzia Liga barik geratu dira. Antzeko zerbait gertatu zen 1992an Jugoslavia zenarekin. Nazio Batuek Suediako Eurokopatik at utzi zituen plaviak, Balkanetako gerraren ondorioz.

 

   Israelgo liga jokoan da. Segurtasun neurriak direla eta, nazioarteko txapelketen etxeko neurketak Europako herrialde ezberdinetan sakabanaturik jokatzen dituzte. Hungarian da selekzioaren etxea: Debrecen eta Budapesten. Europako selekzioek ez dute inolako erreparorik Israelen aurka jokatzeko. UEFAk ez luke disidentziarik onartuko. Klubekin gauza  bera gertatzen da: Maccabi Tel Aviv Portugalen aritu zen, Bragaren aurka, eta ondorengo partidak erbesteko etxean. Eta zein da Maccabi Tel Aviven erbesteko etxea? Belgrad, Serbiako hiriburua.

 

   Partizanek futbol zelaia utzi dio Maccabi ahalguztidunari: Israelgo kirolaren ikur nagusia. Bigarren Mundu gerran nazien aurka borrokatu ziren partisanoek sortu zuten Partizan  ospetsua. Grobari deiturikoa. Zuri-beltza. Bere saskibaloi taldeak Euroliga irabazi zuen 1992an, Balkanetako sarraskia puri purian zela. Etxeko partidak Fuenlabradan jokatu zituen. Kirola eta geopolitika. Bidegurutze horretan, saltsa historiko horren erdian, Realari dagokio orain Maccabiri bisita egitea, Partizanen zelaian. Europa Liga jokatzen ari baita Tel Aviveko taldea, UEFAren oniritziarekin.

 

   Nahasmenaren erdian, bakarren batek galdetuko zion bere buruari: eta noren alde egingo du Partizango jendeak? eta Izar Gorrikoek?

 

   FIFAk, “ikusiko duela” esan dio Palestinako futbol federazioari; UEFAk neurriak hartu izan ditu, baina soilik politika kirolarekin nahastea otu zaienen aurka. Politikak bizitzaren esparru guztiak zipriztintzen dituenean. Celtic Glasgowko zaleak estu hartu zituen, adibidez, Celtic Parken Palestinako banderak zabaltzeagatik.

 

   Palestinako ligak urtebete etenda darama; orain Libanokoa, Israelen azken erasoen ondoren. FIFAk, bien bitartean, “ikusiko duela”. Baloia jira-biraka, Israelgo futbola indarrean, ezer gertatuko ez balitz bezala, eta palestinarren txikizioa gure begien aurrean, begi bistan. Milaka herritar erailda: zahar, gazte eta ume.

 

   Palestinako selekzioa Asiako Kopan lehiatu zen iragan otsailean. Ordurako, erbestean zuten aterpea. Kuala Lumpur edo Doha izan dira, besteak beste, palestinarren bigarren etxea; sorterritik urrun betiere.

 

   Israelen indar erakustaldia hazten ari zela, Palestinako selekzioa Qatarrera abiatu zen, Asiako Kopan euren izana aldarrikatzera, Ataa Jaber futbolari ospetsua tartean zela.

 

   Ataa Jaber kapitain lanetan aritua zen Israelgo 21 urtez azpiko selekzioan. Maccabi Haifan hazi zen, eta Israelgo ligan bidea egiten jarraitu zuen duela bi urte FC Ashdod taldea utzi eta Azerbaiyango txapelketara joan zen arte. Bide horretan egindako hausnarketak, bere arbasoen herrialdearekin jokatzera eraman zuen. Palestinako hiritar bilakatu ondoren, Asiako Kopan aritu zen urte hasieran. Traidoretzat jo zuten Israelen. FC Ashdod, bere talde ohiak, Israelgo hiritartasuna kentzeko eskatu zien agintariei; haren betiko bitartekariek lan harremana eten zuten futbolariarekin; Maccabi Haifa, bere aurreneko taldeak, erdilariaren aztarnak ezabatu zituen klubaren artxibotik. Ataa Jaber Israelgo futbolaren unibertsotik desagertu zen. Qatarren ari da orain, Javi Martinezen taldean.

 

   Txileko Lehen Mailan jokatzen duen Palestino kluba da Israelen gehiegikeriak publikoki salatu dituen klub bakanetarikoa. XX. mendearen hasieran Palestinatik ihes egindako herritarrek sortu zuten Club Deportivo Palestino. Turkiarren jazarpenak itsaso zabalera kondenatu zituen milaka palestinar, eta diaspora bitxia sortu zuten euren sorterritik milaka kilometrora. Palestinako liga bertan behera utzi zutenean, Txileko Palestino taldea inoiz baino gehiago bilakatu da palestinarren ordezkari nagusia munduan. Futbolaren bitartez, euren izana aldarrikatzeko duten bozgorailurik indartsuena da. Bakanetarikoa futbolaren unibertsoan.

 

 

 

                                                                                                                                                      Naxari Altuna



COMENTARIOS

Añadir un comentario

:angry: :flowers: :blink: :pinch: :blushing: :crying: :ermm: :getlost: :grin: :happy: :hug: :kiss: :laugh: :blah: :smile: :sad: :tongue: :wink:





www.bitymina.com-ek garatua