Marseilla, sumendi bortitza || SOCCER442 || el juego del futbol

SOCCER442 el juego del futbol

Marseilla, sumendi bortitza

BLOG

Marseilla, sumendi bortitza
0 Comentarios - 1/52/53/54/55/5 - 0 / 0

Image2023/09/21

 

 

Zer ari da gertatzen Marseillan?

Galdera ez da berria. Eta egunek aurrera egin ahala, agian zaharra ere bilakatu da, ordu gutxian hango futbol taldearen inguruan sortu den enegarren lurrikarak kluba hankaz gora jarri duelako.

 

   Astelehen ilunabarrean Olympique Marseillako jarraitzaile talderik sutsuenetako liderrak Pablo Longoria presidentearekin bildu ziren. Oviedon jaiotako agintaria mehatxatu zuten. OMko zaleen etsipena taldearen emaitza kaskarren ondorioa da, joko eskasarena. Txapeldunen Ligako aurrekanporaketan Panathinaikosek bide bazterrean utzi zuen, penaltietan. Kolpe latza jaso zuten Stade Velodromera hurbildu ziren zaleek. Beste bat. Hurrengo egunetan zenbait jokalarik taldea utzi zuten, tartean Dimitri Payetek, azken urtekotako ikurrak. Zaleen kuttuna. Mateo Guendouzi euskarriak ere hanka egin zuen.

 

   Ligan justu antzean dabil taldea, jokoz batez ere, eta igandean Toulousen aurka hutsean berdindu ondoren harmailak eztanda egin zuen. Ez da aurreneko aldia, ez da azkena izango.

 

   Frantzian zaleek sekulako indarra eta boterea dute. Klub baten egunerokoa aztoratzeko gauza dira. Jarraitzaile talde antolatuen buruak futbolariak bezain ospetsuak dira. Onean izugarrizko giroa sortzen dute (Marseillaren partidak ikustekoak dira), txarrean arriskutsuak bilakatzen dira.

 

   Duela bi urte, taldea gainbeheran zela eta, zaleek euren indarra erakutsi zioten klubari, Commanderie  kirol hirian sartu zirenean. Sekulako liskarra sortu zen han, suziriak eta bortizkeria tarteko. McCourt familia estatubatuarra da klubaren jabea eta erabaki latza hartu zuen nagusiak, garaiko presidentea kargugabetuta. Zaleekin bilerak egin zituzten, haietako batzuk atxilotu, eta jarraitzaileak lasaitzeko presidente berria izendatu zuten: ordura arte kirol zuzendari izandako Pablo Longoria gaztea.

 

   Aurreneko hilabeteetan giroa baretu zen; Jorge Sampaolirekin taldea Txapeldunen Liga jokatzeko sailkatu zen. Baina Marcelo Bielsak duela zortzi urte bezala, Sampaolik hurrengo denboraldia hasi aurretik dimisioa eman zuen. Lehenago, Andre Vilas-Boas portugaldarrarekin gauza bera gertatu zen. Aste gutxi batzuk behar izan ditu Marcelinok erabaki bera hartzeko. Marcelino Garcia Toral uztailean iritsi zen Marseillara, Igor Tudor aurreko entrenatzaileak ez zuelako kontratua berritu nahi izan… taldea Txapeldunen Ligako aurrekanporaketara eraman arren. Bi gainditu behar zituen multzoen fasean aritzeko. Eta hirian, zaleek eta kazetariek, arreta guztia balizko azken kanporaketan jarria zuten. Sporting Braga izango ote zen aurkaria? Baina Olympique Marseillak kale egin zuen aurreneko ahaleginean eta ez zen bigarren kanporaketarik izan eurentzat.

 

Pablo Longoria oso estu hartu zuten Toulousen aurkako partidaren biharamunean. Eta presidentea ikaratu zen. Ezagun zuen Marseillako giroa. Onerako eta txarrerako. Lurrikara sortzen denean, sumendiak eztanda egin eta gero, ikaratzeko modukoa da. Giro horretan iritsi zen espainiar gaztea agintera. Eta, orain, bere kideekin batera, ardura behin behinean uztea erabaki dute. Ondorengo orduetan jakingo da neurri hori behin betikoa izango den ala ez.

 

   Pablo Longoriak bi egun geroago elkarrizketa eskaini zion Marseillako La Provence egunkariari. Hiru orrialde bete zituen bere erantzunekin. ‘Shock’ egoeran zegoen. Han ez da giro lan egiteko eta horregatik Marcelino entrenatzailea eta bere lantaldearen erabaki irmoa. Ez dira itzuliko.

 

   30 urte bete dira Olympique Marseillak Europako Kopa irabazi zuenetik. Frantziak klub mailan duen izar bakarra. Didier Deschamps zen taldeko kapitaina eta hura entrenatzaile zela eskuratu zuen OM ospetsuak bere azken liga titulua. Aurrekoa, hamazazpi urte lehenagokoa zen: Bernard Tapie presidente zenekoa.

 

   Tapie, ‘the boss’ Marseillako zaleentzat, eredua eta ispilua da haientzat bere aro arrakastatsuagatik. Baina zerua ukitu zuen bezala, infernura erori zen, 1993an Valenciennesen aurkako liga partida konpondu zuelako. Iruzurragatik zigortu eta futboletik bota zuten. Taldeak larrutik ordaindu zuen presidentearen boterekeria: Bigarren mailara jaitsi zuten.

 

   Bernard Tapie aurten zendu da. Marseillan asko miresten dute eta horren lekuko zaleek eskaini zioten agurra. Irizpide horretatik abiatuta, urteetan Velodrometik igaro diren jabeak, presidenteak, haren itzalean izan dira. Tapiek zaleei indar handia eman zien eta belodromo zaharra sumendi bat bezalakoa da.

 

 

 

                                                                                                 Naxari Altuna (kazetaria)

 


 



COMENTARIOS

Añadir un comentario

:angry: :flowers: :blink: :pinch: :blushing: :crying: :ermm: :getlost: :grin: :happy: :hug: :kiss: :laugh: :blah: :smile: :sad: :tongue: :wink:





Desarrollado por BIT&MINA