Argentinako Mundialean ikusi genuen falta jaurtiketa hura ezin dugu burutik kendu. Teofilo Cubillasek egin zuen gola. Eskoziaren atea zulatu zuen Peruko hamarrak. Atzera begira jarri ginen, eta hegoamerikarren izanaz jabetu. Jokoz dotoreak, eta eragingarriak, Mexiko’70etik aurrera.
Cubillas, Chumpitaz eta enparauak mito dira Perun. Geroztik ez dute belaunaldi hoberik ezagutu han. Argentinako Mundial gorabeheratsuan etxeko selekzioaren aurka 6-0 galdu izanak min handia egin zien, esamesak zabaldu baitziren emaitza haren inguruan, baina futbolari bikain haiek arrasto sakona utzi zuten eta Perun 36 urte zain izan dira euren selekzioa berriro ere Munduko Kopan ikusteko.
Liman zehar bueltaka, orain gutxi arte, garai bateko izarren irudi eta mezuekin egindako iragarkiak ikus zitezkeen dendetako afixetan, hiritarren autoestima indartze aldera. Urteak igaro dira, asko, eta bidean futbolari onak izan ditu Peruk: Chemo Del Solar, Roberto Palacios, Claudio Pizarro… Baina horiek ez dute sekula Munduko Kopa jokatzeko aukerarik izan.
Peruk, duela egun batzuk, Kroaziaren aurka jokatu zuen Mundialerako prestaketa bidean. Partida hasi aurretik Cubillas handia omendu zuten. Nene Cubillas, Alan Rough, Eskoziako atezaina aho bete hortz utzi zuen futbolaria. Bera eta futbol zale guztiak.
Ricardo Gareca argentinarrak eraman du Peruko selekzioa Errusiako Mundialera. Talde fina da. 70eko hamarkadan izan zutenarekin ezin alderatu, baina futbolari onak ditu. Horrelako taldeen ekarpen freskoak eskertzen dira txapelketa handietan. Peruk ez du bere esentzia galdu.
Afrikak ordezkaritza berri samarra izango du Errusian, eta aspaldiko partez Maroko eta Egipto ikusiko ditugu Mundialean; txapelketa jokatu zuten aurreneko afrikarrak. Herve Renard eta Hector Cuper hautatzaileek egitura sendoa eman diete bi selekzioei. Talentu handiko futbolariak izan ditu beti Marokok, ikusteko politak direnak, baina talde lanean makalak askotan. Egipto, Afrikan titulurik gehien duen selekzioa izanagatik, Munduko txapelketan ez da ohiko selekzioa. Hossam Hassanen ondorengoa da Mohamed Salah: kontinenteko izar berria. Arestian aipatutako bi selekzioak, Senegal, Nigeria eta Tunisia bezala, futbolari interesgarriekin iritsiko dira Errusiara. Afrikak urrats bat aurrera egingo al du? Aspaldiko erronka da.
Islandia eta Panama aurrenekoz arituko dira Munduko Kopan. Italia, Herbehereak, Txile, Estatu Batuak bezalako selekzioak kanpoan geratu izanak handiagoa egiten du 300.000 biztanle dituen uhartearen balentria. Lanketa berezia egin dute islandiarrek euren futbola garatzeko, eta Mundialean ez dira kasualitatez izango. Frantziako Eurokopan estreinakoz aritu ziren txapelketa handi batean, Ingalaterra mendean hartuta. Azpiegitura berriekin, entrenatzaileak trebatuz, formakuntza izan da arrakastaren oinarria. Europa ekialdeko futbolak behea jo duen garaian, iparraldetik haize freskoa dator: Danimarka, Suedia eta Islandia talde lanaren paradigma dira.
Herbeheretako zaleak alaienak eta koloretsuenak izan ohi dira horrelako kirol ekitaldietan. Atsegin handiz hartuko dute haien lekukoa islandiarrek. Euren ospakizun solemnearekin. Hainbat lekutan zabaldu dena. Futbolaren inguruko zalaparta leuntzen lagunduko dute Islandiako zaleek.
Panama ere Mundialean ikustea gauza berria da. Ustekabekoa. Estatu Batuak klasikoa bide bazterrean utzi zuten panamarrek. Aspaldi eman zigun Kolonbiako zale batek hango izarraren berri: “Cucuta Deportivo taldeko jarraitzailea naiz eta gure jokalari kuttuna Blas Perez golegilea da. Panamakoa”. Baina hango golegileei buruz ari garelarik, bi oso gogoan izan beharrekoak dira. Handiak biak ere, aitzindariak Panamako futbolak oihartzuna izan zezan: Rommel Fernandez da bat, Tenerifen, Valentzian eta Albaceten aspaldi aritu zen golegile bortitza, auto istripuz zendu zena; Julio Cesar Dely Valdes da bestea, Oviedon, Malagan, Clagliarin, PSGn arrastoa utzi zuen bederatzia.
Futbolean izen gutxikoak diren selekzioek tarteka artistaren bat ezagutzera ematen dute. El Salvador, Panamaren antzera, ikusminik sortu gabe abiatu zen Espainiako Mundialera, 1982an. Eta, han, gerora, artisten artean artistena ezagutu genuen: Jorge González, Magico ospetsua.
Horrelako harribitxiak behar ditugu.
Naxari Altuna (kazetaria)