GOLEGILE EZEZAGUNAREN ARRASTOA || SOCCER442 || futboleko jokoa

SOCCER442 futboleko jokoa

GOLEGILE EZEZAGUNAREN ARRASTOA

BLOGA

GOLEGILE EZEZAGUNAREN ARRASTOA
1 Comentarios - 1/52/53/54/55/5 - 3 / 2

Image2021/09/29

 

Delioren lau gol haiek bere talde ohiari (Stade Reims); Rouenen aurkako erakustaldia urez gainezka egin zuen berdegunean; igoera eta titulua hurrengo denboraldian (1977/78): Nottingham Forestek bezala. Garaikideak, Monako eta Foresten balentriak.

 

   Delio Onnisek bost aldiz irabazi zuen golegile nagusiaren saria Frantziako ligan, eta gurasoen etxera zaku bete gol itzultzen zenean arazorik gabe mugitzen zen Buenos Aires aldean. Inor gutxik ezagutzen zuen han.

 

   Italian jaioa, Argentinan hazi zen, eta Stade Reimsek eraman zuen Frantziara 70eko hamarkadaren hasieran. Atzerritar kopurua mugatua zen  garai hartan Europako txapelketetan. Reims ospetsuak Carlos Bianchi fitxatu zuenean Delio Onnisi hegalak moztu zizkioten.

 

   Europako Kopako finala jokatu zuen Frantziako aurreneko taldearekin Monakon estreinakoz aritu ostean amari eskutitza bidali zion: “Egunen batean han jokatzeko deitzen badidate oinez joango naiz. Leku zoragarria da”. Bianchik bidea itxi zion Stade Reimsen, eta Deliok Monakoren deia jaso zuen, ustekabean. Ez zuen zalantzarik izan, Printzerriko taldea bigarren mailan izan arren.

 

Louis II zaharrean aurkariaren atea hamaika aldiz zulatu ondoren, Monakoko zaleen artean ez dago haren parekorik. Urte erdia ematen du han, bestea Argentinan. Eta Montecarlon azaltzen den bakoitzean “Deliooo, Deliooo” oihu egiten dio jendeak. Golegile handia izan zenean bezala. Frantziako ligaren historian gol gehien egin duen futbolaria da: Leo Messik Ligan bezala, Gerd Mullerrek Bundesligan, Silvio Piolak Italian eta Alan Shearerrek Ingalaterran bezalaxe… Baina Delio Onnis jokatzen ikusita,  beste xarma bat dauka, bere apaltasunean: le renard des surfaces.

 

   Hark zabaldu zuen golaren bide oparoa. Haren arrastoa jarraitu dute Monakotik igaro diren beste golegile handiek: Ramon Diaz herrikideak, Mark Hateley, George Weah, Jurgen Klinsmann, Sonny Anderson, Viktor Ikpeba, Thierry Henry, David Trezeguet, Kylian Mbappe, Radamel Falcao edo Wissam Ben Yedder, egungo golegile nagusiak.

 

   Weah Europara ekarri zuen taldea da Monako. Arsene Wenger zen entrenatzailea, eta Afrikan duen lagun sareak haren berri eman zion. Ikur handiak zeuden garai hartan Monakon: Jean-Luc Ettori,  Frantziako selekzioko atezaina Espainiako Mundialean, edo Claude Puel, erdilari hilezkorra. 1992an Errekopako finalera iritsi ziren Wengerrekin; 2004an Europako Kopako azken koxkara, Didier Deschamps gidari zutela.

 

   Zurigorriak joko dotorearen paradigma izan dira beti: Glenn Hoddle, Vincenzo Scifo, Yuri Djorkaeff, Marcelo Gallardo, James Rodriguez, Joao Moutinho, Bernardo Silva… Haztegi emankorra ere badira, besteek ikusten ez dituzten harribitxiak erakartzeko gaitasunari esker: Emmanuel Petit, Henry,  Trezeguet eta Mbappe Munduko txapeldunak handik atera ziren. Lilian Thuram han zaildu zen, Ludovic Giuly ere bai, eta gure futbolari kuttuna izan den erasoko erdilaria ere bai: Ali Benarbia aljeriarra.

 

   Azken boladan atzerriko jabeak ugaldu dira Frantziako ligan. Monako ez da salbuespena. Errusiako kapitalak hartu du eskuartean, Jean-Louis Campora presidente mitikoaren garaiak albo batean utzita. Campora presidentea, Gerard Banide entrenatzailea, Louis II zaharraren garaiko bizipen ahaztezinak.

 

   Egun batean Bigarren mailara jaitsi eta jabe berriek Lucas Ocampos hartu zuten River Platetik, Monako gorengo mailara eramateko. 11 milioi euro ordaindu zituen Bigarren mailako taldeak Argentinako izar gaztea fitxatzeko. Delio Onnisen garaiko ohituretatik oso urrun zegoen kluba.

 

   Taldea berpiztu zen. Azken urteetan Europara itzuli da. Liga irabazi zuten Bernardo Silva, Mbappe, Falcaorekin, eta dirutza ordaintzen jarraitu dute goi mailako aurrelariak fitxatzeko: Wissam Ben Yedder buru dela.

 

   Denbora azkar igaro da Monakon. Gazteak zailtzeko ohituri eutsi diote, etorkizun handikoak, negozioa lehenetsiz: futbolariak hazi eta saldu. Aurkarientzat talde arriskutsua da, bere ezegonkortasunean. Zirt edo zart. Ez dira erdibidean geratuko. Caio Henrique, Tchouameni, Diop, Gelson Martins, Golovin, Volland, Ben Yedder eta enparauek Shakhtar Donetsken aurka erakutsi zuten UCLeko azken kanporaketan mutur batetik bestera igarotzeko gaitasuna dutela. Erasoan zitalak, baina defentsa lanean ahulak, denboraldi hasiera honetan. Nico Kovac entrenatzaileak ez dio neurria hartu taldeari. Joan zen denboraldian multzo sendoa eraiki zuen, eta orduko bidera itzuli nahian dabil.

 

   Delioren arrastoari jarraitzen dio taldeak: gol gosez. Monakon gola iristen den bakoitzean harekin gogoratzen gara: Delio Onnis handiarekin. Handia, bere apaltasunean.

 

 

                                                                                       Naxari Altuna (kazetaria)



COMENTARIOS

Añadir un comentario

:angry: :flowers: :blink: :pinch: :blushing: :crying: :ermm: :getlost: :grin: :happy: :hug: :kiss: :laugh: :blah: :smile: :sad: :tongue: :wink:





www.bitymina.com-ek garatua