Leipzig zaharretik berrira || SOCCER442 || futboleko jokoa

SOCCER442 futboleko jokoa

Leipzig zaharretik berrira

BLOGA

Leipzig zaharretik berrira
0 Comentarios - 1/52/53/54/55/5 - 5 / 1

Image2022/02/15

 

 

Duela hilabete inguru Alemaniako Regionalliga delakoak indar sinboliko handiko partida eskaini zigun Nordost eskualdean: Carl Zeiss Jena vs Lokomotive Leipzig. Ikur ahaztezinak garai bateko Alemania ekialdean. Europan ospetsu izatera iritsi ziren 1980ko hamarkadan, makina bat balentria egin eta gero.

 

   Carl Zeiss Jenak Errekopako finala jokatu zuen 1980/81 denboraldian Düsseldorfen (Mendebaldeko Alemania), Dinamo Tblisiren aurka. Georgiako taldean Sobietar Batasuneko selekzioan garrantzia handia zuten jokalariak ari ziren. Berlingo hesitik ekialdera geratzen zirenez bi herrialde horiek, Düsseldorfeko finalera oso zale gutxi hurbildu ziren. Garai hartako burokrazia astun eta korapilatsuak partida telebistan ikustera behartzen zuen. Vitaly Daraseliaren azken orduko gol bikainak Jenako taldearen ametsa hautsi zuen. Ekialdeko Alemaniara eskuhutsik itzuli zen, finalera bidean, besteak beste, Carlo Ancelotti, Agostino Di Bartolomei eta Bruno Contiren Erroma jipoitu zuen taldea.

 

   Duela aste batzuk Regionalligan izan zuten aurkaria, Lokomotive Leipzig alegia, Jenakoen amets hura gorpuzten saiatu zen 1986/87 sasoian. Errekopako finalerdia gogoan dugu: Girondins Bordeaux vs Lokomotive Leipzig. Joaneko partidan, Bordelen, alemaniarrak nagusi izan ziren (0-1). Itzulerako neurketan, berriz, frantziarrak nagusitu ziren (0-1). Leipzigeko Zentralstadion zaharrean 73.000 zale bildu ziren. Europa ekialdeko futbol zelaiek handitasuna erakusten zuten, atletismo pistaz inguratuta, harmailak jendez lepo. Eta han zen, Girondinsen aulkian, Bernard Mitxelena, Aime Jacqueten laguntzaile fina, Katalosatik begira, jokalariak kokatu nahian.

Biziak ziren ekialdeko futbolariak, sendoak eta nekaezinak; joko mekanikoaren paradigma. Distira gutxi, baina diziplina handikoak. Ekialdeko Alemaniak kirolaren bitartez bere nortasuna eta indarra erakutsi nahi zion munduari.

 

   Burugorrak ziren futbolari haiek, eta partida luzea egin zioten Girondinsi. Bordeleko taldea faboritoa zen Ajaxen aurka finala jokatzeko Atenasen: Johan Cruyffen Ajax, Marco Van Basten buru zela. Baina Zentralstadion zaharrean bildu ziren 73.000 zaleen zoramenerako, penaltietan gailendu zen Lokomotive, trenbideetako langileak ordezkatzen zituen taldea. Leipzigeko lokomotora indartsua Greziako hiriburura bidean jarri zen udaberri hartan. Ekialdeko Alemaniaren azken ahalegina izan zen, harresia suntsitu aurretik, Europako garaikur bat eskuratzeko.

 

    Van Bastenen gol eder batek erabaki zuen finala. Aurrelari handiaren lorpenik garrantzitsuena izan zen Amsterdamgo taldearekin Milanera abiatu aurretik. Hark eman zion distira 1987ko Errekopa finalari.

 

Urtebete geroago Berlusconiren erresumara joan zen; Johan Cruyff entrenatzaileak, berriz, Bartzelona biziberritzea erabaki zuen. Eta Lokomotivek, Carl Zeiss Jenak, Magdeburgek, Dynamo Dresdenek eta Alemania ekialdeko beste hainbat talde entzutetsuk goitik beherako bidea hartu zuen.

 

   Carl Zeiss Jena eta Lokomotive Leipzig Alemaniako Laugarren mailan ari dira orain. Garai oparoetako jendetza eta zalapartatik urrun. Europako talde handiak bide bazterrean utzi zituzten haiek nekez hurbildu dira Bundesliga ospetsura.

 

   1956an Leipzig hiriko derbian 100.000 zale baino gehiago bildu ziren Zentralstadion zaharrean. Lokomotive eta Rotation taldeen arteko lehia sutsua zen. Alemaniako estadio batean jende gehien bildu duen futbol partida da.

 

   Urteak pasa ziren, eta 2006ko Mundialean Zentralstadion berria ezagutu genuen. Futbol zelai zaharraren toki berean eraikia. Garai bateko futbolaren arrastorik ez zen han, dena zen berria, ultramodernoa. Horrelako estadio puskak distira emango zion talde bat behar zuela pentsatu zuten. Leipzigeko talde historikoak etxe apalagoetan kokatu zituzten, eta multinazional batek bultzatutako klubak hartu zuen beretzat Zentralstadion berria, Bundesliga begiz jota. Ur aparretan hazi zen RB Leipzig jaio berria.

 

   Kirol eta negozio estrategia berritzailea abian jarri zuten Leipzigen. Han zen piramidearen erpin nagusia. Beste ertzak, hasiera batean apalagoak, Salzburgen, New Yorken eta Sao Paulon ageri ziren. Pertsona egokia aurkitu zuten egitasmoari forma eta indarra emateko: Ralf Rangnick, Hoffenheim ezerezetik gorengo mailara eraman zuen entrenatzailea. Bere jakituria eta begi zorrotzari esker, hazten hasi ziren. Austriako taldea lehenago iritsi zen gailurrera; Alemaniakoa, berriz, oilarra bilakatu da Bundesliga aurrenekoz zapaldu zuenetik. Europan ez du oraindik Lokomotiveren lorpenik, baina gertu ibili zen pandemia garaiko Europako Kopan. Finalerdietan geratu zen RBL.

 

   Alemanian futbolak nortasun berezia du. Klubak oso lotuta daude euren eskualdeetara, hango tradiziora. Horregatik, RB Leipzig indarra hartzen hasi zenean, herrialdeko zelai guztietan haien aurkako giroa sortzen hasi zen, futbol talde bat baino marka bezala ikusten dutelako. Talentu gaztea fitxatu, zaildu, eta garesti saltzea da haien filosofia. Bidean, oso futbolari onak hazi ditu: Sadio Mane, Liverpooleko hegaleko senegaldarra esaterako, Upamecano Bayern Municheko atzelaria, Naby Keita Liverpooleko erdilaria, Timo Werner Chelseako aurrelaria, Marcel Sabitzer Bayern Municheko erasoko erdilaria eta abar.

 

   Futbolari eta entrenatzaile eskola ere bilakatu da RBL. Ralf Ragnick maisua Manchester Uniteden aulkian da orain, eta bere arnas luzeko lanak arrasto sakona utzi du. Klub batean garrantzitsuena bidea ondo zehaztea baita, hori eta ideiak garatzeko denbora izatea. Hortik aurrera, RB Leipzig, futbolaren ekimen berritzaileenetakoa bere ikuspegiagatik, Alemania eta Europako erreferentzietako bat bilakatu da: jokoz eta moldez.

 

   Oso fin ibili dira azken boladan Angeliño galiziar gaztea, ezker hegaleko zitala, Szobozslai aurrelari hungariarra, Dani Olmo erasoko erdilari mugikorra, eta batez ere Christopher Nkunku frantziarra fitxatzen. Nkunku PSGren harrobian hazi zen. Leipzigen aurkitu du bere neurriko zapata. Erasoko futbolari ibiltaria da: espazio bilatzailea. Eta inork baino hobeto baliatzen ditu hain ondo usaintzen dituen hutsune horiek. RB Leipzigen harribitxia da. Denboraldiko futbolaririk handienetakoa Europan.

 

 

 

                                                                                                                NAXARI ALTUNA (KAZETARIA)



COMENTARIOS

Añadir un comentario

:angry: :flowers: :blink: :pinch: :blushing: :crying: :ermm: :getlost: :grin: :happy: :hug: :kiss: :laugh: :blah: :smile: :sad: :tongue: :wink:





www.bitymina.com-ek garatua