Milanoko disidenteak || SOCCER442 || futboleko jokoa

SOCCER442 futboleko jokoa

Milanoko disidenteak

BLOGA

Milanoko disidenteak
0 Comentarios - 1/52/53/54/55/5 - 1.5 / 2

Image2023/09/18

 

Lombardiako hiriburua beti ezagutu izan dugu, besteak beste, Europako Kopako bi talde txapeldun zituen hiri bakar gisa. Manchesterrek harekin bat egin zuen arte. Milanoko bi talde nagusiek jokaleku bera partekatzen dute: San Siro izendatua, nagusiki, batentzat; besteak, berriz, Giuseppe Meazza nahiago.

 

   AC Milan eta FC Internazionale enbor bereko ezapalak dira, ordea. Talde rossoneroaren hausturatik sortu zen Inter ospetsua. Italiako federazioak atzerritarren kopurua mugatu nahi zuen, eta erabakiaren aurka zeuden milandarrek nazioarteko kutsua izango zuen kluba sortu zuten. Internazionaletik, Inter ezagunera. Erdibiderik gabe.

 

   Klubaren jatorrizko izena ez zen Mussolini diktadorearen gustukoa. Internazionalek komunista kutsua omen zuen, eta Duce zelakoak bakarrik falta zuen Interren partidetan ‘Internazionala’ren doinua entzutea. Futbola ere kontrolpean izan nahi zuenez, hiri bereko futbol taldeak murrizteko ahalegina egiten zuen. AC Milan bakean utzi zuen, eta disidentziatik sortu zen Inter berria hiriko beste talde batekin batu zuen: Milanese eta Internazionale, biak eskutik helduta.

 

   Benito Mussolinik, hala ere, ez zuen nahikoa horrekin. Societa Sportiva Ambrosiana izena jarri zion klubari, hiriko patroi San Ambrosioren omenez. Aurrerago, Ambrosiana-Inter bihurtu zen.

 

Urte haietan aurrelari gazte batek sona handia eman zion klubari. Interreko zaleentzat San Siro horregatik da Giuseppe Meazza. Italiarekin birritan izan zen Munduko txapeldun  Milanoko estadioaren izena daraman futbolaria. Jokaleku horrek hainbat lehia mitiko bizi izan ditu, eta hamaika izar distiratsu ezagutu ere bai. Meazzatik hasita hainbat dira dir-dir egin duten izarrak. Inter atzerriarrekin lotzen den kluba izaki, guk bertako ikurrak gogora ekarriko ditugu: etxeko bandiera direlakoak. Kanpokoren bat bertakotzat badugu ere, izandako ibilbidea aintzat hartuta. Gazteenek Javier Zanetti aipatuko dute, beharbada. Argentinarra jaiotzez, hango selekzioko erreferentea, Interrekin partida gehien jokatu duen futbolaria da. Eta guk bere handitasuna bertatik bertara ezagutu genuen, Alavesek UEFAtik kanporatu zuen egunean. Giuseppe Meazzako harmailak sutan zeuden; Zanettik zentzuzko hitzak izan zituen, liskarraren erdian. Bederatzi urte geroago Europako Kopa zerura jaso zuen Santiango Bernabeun Pupi Zanettik.  

Beste atzelari bat goraipatuko dugu jarraian, lehenagokoa. Espainiako Mundialean 19 urterekin txapeldun izan zen eskuin hegalekoa: Giuseppe Bergomi. Urteak pasa, futbolariak aldatu, baina atezainaren ondoren beti izen bera ikusten genuen hamaikakoetan: Bergomi. Zanettiren ondoren nerazzurroekin partidarik gehien jokatu duen futbolaria da.

 

   Alessandro Altobelli da Interren beste ikur handia. Hura ere Munduko txapeldun 1982an. Aurrelari handia. Dotorea. Spillo (orratza) deitzen zioten. Haren golak ziztadak ziren.

 

   Altobellik hirugarren gola egin zion Alemaniari Munduko Kopako finalean. Italiako selekzioaren erdialdean Interreko beste futbolari handia ageri zen: Gabriele Oriali. Hiru urte lehenago (1979), Bordon atezainak, Bini kapitainak, Orialik eta Altobellik, besteak beste, Reala kanporatu zuten UEFAko hastapeneko kanporaketan. Joanekoan, Giuseppe Meazzan, Interrek 3-0 azpiratu zuen Reala. Hiru golak bigarren zatian heldu ziren; aurreneko biak aitaren batean. Hirugarrena, Arconadaren eskuadratik sartu zen, areaz kanpo jaio zen zartako izugarri batetik.

 

   Italiarrek oso talde ona zuten, zaildua. Jokoa nahasi behar zenean ere trebea. Eskarmentua zen Realak kanporaketa hartan lortu zuen saririk preziatuena. Atotxaren inoizko gaurik zirraragarriena izan omen zen bueltako partida. Txuri-urdinek 2-0 irabazi zuten. Ikustekoa izan zen Mujika harmailatik metro batera, hondoko marraren gainean, Periko Alonsok egin zuen jokaldia Satrustegiri gola oparitzeko. Realak, Ligan, Sevillan jokatu arte partidarik galdu ez zuen denboraldiaren hasiera zen hura. 32 norgehiagoka galdu gabe. Interren aurka jokatutako kanporaketak zeresan handia izan zuen txuri-urdinen hazkundean. Atotxan bizitako gau hark bultzada izugarria eman zion Realari.

 

   Geroztik, Ligak eta Kopak irabazi ditu talde euskaldunak. Tartean gorabeherak ere izanda. Interrek are palmares distiratsuagoa dauka: Scudettoak, Kopak, Europako Kopak, UEFAk, Kontinente Artekoak. Argi-ilunekin haiek ere. Zaleek Alavesen aurkako itzuliko neurketan harmailari su eman ziotenekoa, adibidez.

 

   Lehorte luzeen ondoren, ordea, gailurrera iristeko gaitasuna erakutsi izan du Lombardiako taldeak. Ronaldo Nazario izan zuten garai batean; unean uneko izarren galeria bihurtu zen Moratti familiaren kluba. Javier Zanetti zen aldatzen ez zen kromo bakarra, Bergomirekin aurretik gertatu bezala. Bergomi eta beste hamar; Zanetti eta beste hamar. Formula horrekin irabazi zuten 2010ean Txapeldunen Liga Bayern Munichen aurka, Mourinho entrenatzaile zela. Baina, bidean, jabetu ere ez ziren egin Dennis Bergkamp, Roberto Carlos, Roberto Baggio, Andrea Pirlo, Youri Djorkaeff edo Clarence Seedorf izan zituztenik euren taldean, adinik onenean.

 

   Europan, Jose Mourinhoren Interrek, Diego Militoren golekin, eta 60ko hamarkadako Helenio Herrerarenak, Luis Suarezekin, Facchetti eta Mazzolarekin, bat egin zuten klubaren historiako pasarterik loriatsuenak idazteko. Orain urtebete gertu izan zen FC Internazionale Trinitate santua irudikatzeko. Baina Lukaku ez zen fin ibili Txapeldunen Ligako finalean.

 

   Baina kromoak etengabe aldatzeko joera izan duen taldeari, halako batean, hamaikako finko bat sortu izana aitortu behar zaio. Simone Inzaghiren esanetara:

 

   Sommer; Darmian, De Vrij, Bastoni; Dumfries, Di Marco; Barella, Mkytharian, Çalhanoglu; Thuram, Lautaro.

 

   Inter ez da nolanahiko taldea.

 

 

                                                                                                                      Naxari Altuna (kazetaria)



COMENTARIOS

Añadir un comentario

:angry: :flowers: :blink: :pinch: :blushing: :crying: :ermm: :getlost: :grin: :happy: :hug: :kiss: :laugh: :blah: :smile: :sad: :tongue: :wink:





www.bitymina.com-ek garatua