Aitaren izenean || SOCCER442 || futboleko jokoa

SOCCER442 futboleko jokoa

Aitaren izenean

BLOGA

Aitaren izenean
0 Comentarios - 1/52/53/54/55/5 - 1 / 2

Image2024/04/15

 

Perikorekin egin genuen topo Hondarribiko hondartzako pasealekuan aitak eta biok 2023ko udaberrian. Gure aitaren memoria berpizteko une aproposa. Itzaltzen ari zen, poliki-poliki lausotzen. Baina oroitzapen gogoangarriak tarteka pizten ziren, pasarte gozoren bat gogora ekartzen zuen irudia, keinua, hotsa ikusi edo entzunez gero. Ez nintzen ni gola oihukatzen hasiko kale erdian. Gola ez, “Tooor” (gola, alemanieraz) esango lidake aitak, adarra joaz. Herrenka nenbilen orduan, orkatila bihurrituta; aita makilen laguntzarekin, nik makuluak esku banatan. Biak bidean aurrera, Perikorekin bat egin genuen arte. Alto! “Zer, min hartuta?”, hark. Gure aita barre batean: “Bai, futbolariak bezala, lesionatuta”. Zenbatetan ikusiko zuen Pakito aitak Periko gurdiari tiraka Atotxa zaharrean. Baina ez zen jabetu hura zenik. Memoriak kale egin zion.

 

   “Xabi leku onean dago, Periko”, esan nion. Irribarrea atera zitzaion Alonso zaharrari. Alemania leku egokia zela bagenekien gure aitaren ahotik entzunda. “Alemanak gogorrak dituk”, txikitatik etxean etengabe entzun dugun leloa. Xabi Alonso Leverkusenera joan zenean gure aita memoria galtzen hasia zen, baina tarteka klik eginda zerbait pizten zitzaion: “Aita, Perikoren semea zu bizi zinen herriaren ondoan ari da entrenatzen”. Hamaika aldiz esana zigun fabrikan jo ta su aritu ondoren dilistak jaten zituela, burdina baitzen bere motorra: jana eta lanabesa.

 

   Errementari ofizioa ikasten eman zituen urte batzuk Wuppertaleko lantegi batean, Leverkusendik oso gertu. Ordu libreetan, gertuko futbol taldeak ikustea zen denbora-pasetako bat: Kolonia, Düsseldorf, Mönchengladbach eta Leverkusen. Lauki horren inguruan mugitzen zen. Baina Alemaniako idolo nagusia ez zen hurbil: Uwe Seeler, Hanburgoko golegile zitala, Alemaniako selekzioko ‘9’a. “Gogorrak dituk aleman horiek”, errepikatzen zuen beti aitak. Bayer Leverkusenek 1988ko UEFA penaltietan irabazi zuenean hori bera zioen. “Alemanek ez ditek amore ematen”. Lurralde hartako bere istorioak gogoratzeko momentuak ziren haiek. Baita hango selekzioak Eurokopa eta Mundiala jokatzen zituen bakoitzean ere.

 

   “Aita, Alemaniara noa”, esan nion 2006ko udaberrian. Asko poztu zen. Herrialde osoa zeharkatu genuen Mundialean gertatzen zena kontatzeko eta Koloniara iritsitakoan: “Aita hona ekarri beharra daukat”, pensatu nuen. Egunen batean.

 

   2013. “Aita, Alemaniara goaz”. Begiak piztu zitzaizkion. “Leverkusenera”. Futbola aitzaki, Wuppertal ezagutzeko parada izango nuen: bere bizilekua eta lantegia 60ko hamarkadaren hasieran. Mende erdi geroago Bayer Leverkusenen zelaira joan ginen, Reala Txapeldunen Ligan ikustera. Hainbat sentsazio berreskuratu zituen, eta partida amaieran berriro esan zuen: “Alemanak gogorrak dituk”. 

Bere burdinak gora eta behera, han jandako dilista piloa… Hura bera esaten hasi zen joan zen udaberrian Periko agurtu eta nor zen gogora ekarri nionean. “Aita, badakizu norekin izan garen?”. Begirada galdua izan arren, berehala piztu zen: “Txatarras. Gogoratzen?”. 80ko hamarkadako Atotxako partidetara salto egin zuen orduan. Pakito aitak esaten zidan orduan: “Gogorra duk txatarras”. Gogorra, burdina bezala; alemaniarren gisara. ‘Otto’ esaten zioten lagunek gure aitari. Orduko sasoia izan balu Perikorekin topo egin genuenean, futbolaz baino gehiago burdinaz mintzatuko ziren, seguru. ‘Txatarras’ eta errementaria. Aitaren pasio nagusiak: burdina eta Alemaniako kontuak.

 

   Gure aita azaroan zendu zen, eta Leverkusen partidarik galdu gabe zegoen. Sei hilabete geroago Bayer Leverkusenek galdu gabe jarraitzen du, eta Wuppertalen ondoan dagoen hiriko taldea Bundesligako txapeldun berria da. Perikoren semeak balentria handia egin du. Zer eta nola. Sekulakoa. Xabik marka guztiak hautsi ditu, joko aparta egin du bere taldeak. Madarikazio handi bat lurperatu du tolosarrak: Leverkusen aurrerantzean ez da  ‘Neverkusen’ izango, Bundesliga irabazi duelako. Azkenean. Xabiri bidea erakutsi zion aitaren izenean. Eta gurea ere pozik izango zen, Alemaniako lagunak dantzan eta kantuan ikusita. Gogorrak dituk bai alemaniar horiek, euskaldunak bezala. Zu Ehren von Werkself!

 

   Langileen taldeari ohore.

 

 

 

                                                                                                                     NAXARI ALTUNA (kazetaria)



COMENTARIOS

Añadir un comentario

:angry: :flowers: :blink: :pinch: :blushing: :crying: :ermm: :getlost: :grin: :happy: :hug: :kiss: :laugh: :blah: :smile: :sad: :tongue: :wink:





www.bitymina.com-ek garatua