Duela egun gutxi Brais Mendezekin elkartu ginen Tabakaleran osasun mentalari buruz hitz egiteko. Solasaldia amaitu zenean Atotxari buruz aritu ginen: “Bai, badakit hemen ondoan zegoela. Hainbat istorio kontatu dizkidate”. Realeko jokalari batekin mintzatzen garen bakoitzean, memoriaren hariari tiraka, futbol zelai zaharraren oroitzapenak datozkigu gogora. Braisekin geratuak ginen egunean, Kopako zozketa egin berria zen: Reala – Rayo. Ez zen emaitza txarra, baina galiziarra kezkatuta zegoen: “Partida gehiegi dira. Atseden egun gutxi, eta ez da samurra. Jendea ere nekatu egingo da hiru egunean behin partidak daudela ikusita, ordutegi hauekin”.
Ordutegiak ordutegi, partidak eta partidak daude. Real Madrilekin lehia estuak izan ditu Realak, Atotxako urrezko urte haietan bereziki. Superkopa irabazi zuen talde txuri-urdinak Donostian, joko erakustaldia eginda; Espainiako Superkoparen aurreneko ekitaldia zen. 4-0 Atotxan. Lopez Ufarteren gol bikaina gogoan. Berrogei urte baino gehiago igaro dira eta ikusi estreinako txapelketa haren bilakaera: Atotxatik Saudi Arabiara. Ez da ordutegia bakarrik; futbola beste eremu batzuetan mugitzen da. Jokoa bost axola agintariei. Zaleen sentipenak.
Real Madrilen aurrean ligak irabazi zirenean ere Atotxako lehiak zirraragarriak ziren. Arconada, Kortabarria, Periko, Zamora, Lopez Ufarte, Satrustegi… denak hazi egiten ziren. Nortasun handiko futbolariak guztiak ere. Zurien aurka jokatzen zuten bakoitzean barruan zeramaten 79/80 denboraldian Santiago Bernabeuko neurketan jazotakoa. 0-2 aurretik txuri-urdinak; madrildarrek aldea murriztu, eta partidaren hondarrean izan ez zen penaltia adierazi zuen epaileak. 2-2. Talde hartako futbolariek beti esaten dute, Sevillan baino, Bernabeuko partida hartan galdu zutela liga. Orain, epaileak jomugan ditu Real Madrilek. Historia liburuetan geratu dira garai haietako komeriak.
Atotxaren agurrean arrastoa utzi zuen azken Kopa partida ere zurien aurka izan zen. Eta han ginen, berdegunean, mikroa eskuetan.
1992/93 denboraldia. John Benjamin Toshack bueltan zen Realean, madrildarren aulkian eseri ostean. Ez zuen gehiegi iraun galestarrak etxe zurian. Txuri-urdinek oso maiteak ziren hiru atzerritar zituzten taldean: Oceano, zelai erdiko hauspoa; Carlos Xavier, artista; eta Kodro, erasoko aiztoa. Toshackek 70ko hamarkada hasieran jaio ziren futbolarien belaunaldiari atea zabaldu zion, eta horietako batzuk nabarmendu ziren Real Madrilen aurkako norgehiagokan. Hasteko, ezustekoa atean: Alberto Lopez irundarrak debuta zuen atepean. Kanporaketaren joanekoan 4-0 galdu zuen Realak Bernabeun. Garai haietan balentriak egiten trebeak ziren zuriak; inork ez zuen Atotxan gerta zitekeenaren susmorik.
Albertorekin batera, Pikabea atzealdean zen, Guruzeta erdian, aurrerago Luis Perez. Eta Bittor Alkiza puntan. Iñaki Alkiza presidentea izandakoaren semea. Imanol Alguacilek joaneko partida jokatu zuen; Atotxan, ordea, ez zuen aukera izan.
Bittorrek gola egin zuen halako batean. Gero, Esnaiderrek erantzun. Kanporaketa 5-1 zurien alde, eta ordubete aurretik. Erronka ezinezkoa zen. Soilik Real Madrilek egiten zituen halakoak: galdetu Anderlecht edo Borussia Monchengladbachi.
Benito Floro lasai zegoen Real Madrilen aulkian, Sanchis, Hierro, Michel, Prosinecki edota Luis Enrique zelaian izanda. Baina beldurra egun hartan Jaro atezainak sentitu zuen; behin jokatu eta gainera zetorkiona ikusita.
Gola jostari Atotxan. Bittor Alkizaren gaua izan zen. Konturatu orduko, Reala 4-1 jarri zen markagailuan. Orduan ere etxetik at sartutako golen balioa ez zen bikoitza. Bat falta zuen Realak kanporaketa berdintzeko. Eta heldu zen gola. Carlos Xavierrek erdietsi zuen. Baina Alfonso Alvarez epaileak ez zuen abantailaren legea adierazi, Realaren kalterako. Aurretik gertatutako faltari heldu zion jokoa eteteko, txuri-urdinei abantaila kenduta.
Realak bosgarrena egin zuen, baina gola ontzat eman beharrean epailearen abantaila legea Realaren aldeko falta adieraztea izan zen. 4-1. Ez zen markagailua mugitu. Urte hartan Real Madrilek irabazi zuen Kopa.
Aldagelan Alfonso Alvarez epailea harrapatu genuen. Orduan epaileek kazetariekin hitz egiten zuten. “Ha sido un partido de salón”, haren hitzak. Metafora hori erabili zuen neurketa kirol legez jokatu zela adierazteko. Baina nola liteke: “¿Y la ley de la ventaja?”... Orain zuriek epaileen aurka darabilten kanpaina ikusita, harrapazak!!!
Alberto Lopez atezain gaztea atera zen ondoren. Lehen eguna zuen atepean, eta ez zen Realean egingo zuen ibilbidearen jakitun. Luzea eta oparoa. Benito Floro Real Madrileko entrenatzailea eta Pedro Jaro atezaina haserretu zitzaizkidan, “beldurra pasa duzue” esan nienean. Galdera ez zuten gogo onez hartu. Aitortu ez bazuten ere, galtzeko beldurra sentitu zuten.
Bittor Alkiza barrutik pozarren, hat-tricka eginda, baina Kopatik at geratu izanak aho zapore garratza utzi zion. Eta azkenik, Jon Benjamin Toshack.
Partidak mamia izan zuela ikusirik, horrelako egun bat bizi izanak, jakin-mina piztu zidan, eta hasi ginen galderak egiten: bat, bi, hiru… ez dakit zenbat. Eta enegarrenean galestarrak arnasa hartu, putz egin, eta bota zuen: “Es la entrevista más larga de la historia…”. Barrez amaitu genuen biek. Atotxak bizi izan zuen Kopako azken lehian, 1993ko apirilaren 14an.
Orain, Anoetak hartuko du hitza
Naxari Altuna (Kazetaria)