Futbolaren ertzetik || SOCCER442 || el juego del futbol

SOCCER442 el juego del futbol

Futbolaren ertzetik

BLOG

Futbolaren ertzetik
0 Comentarios - 1/52/53/54/55/5 - 5 / 2

ImageOlatuak itsasoan bezala. Ertz batean indarra hartzen hasi, beste aldean hausteko. Baloia sareetan harrapatuta, arrainak bezala. Gola. Hegal batean hasi eta bestean buka. Ezustean.

 

   Denbora agortzear denean, porrota ate joka datorrenean, horrelakoak gerta daitezke: atzeko hegal batek jokaldia, atzeko beste hegalekoak gola. Estrategian ez bada, arraroa. Anoetan gertatu zen larunbatean. Eta, beste behin, atzeko hegaleko jokalarien garrantzia agerian geratu zen. Ilun sumatzen ditugu, defensa-lanean espezialistak; baina erasoan baliabideak erakusten dituen hegalekoak aiztoaren funtzioa betetzen du, urrunetik datorrelako, ustekabean.

 

   Horregatik, interesgarriak dira oso ibilbidea aurrez-atzera egin duten futbolariak, atzez- aurrera eragingarriagoak izateko. Jordi Albaren kasua eredugarria da. Bartzelonak argi erakutsi du atzealdeko hegal zorrotzen garrantzia: Alves, Adriano, Abidal, Montoya… Beti ustekabean, gauez eraso egiten duen gudarostea bezala. Real Madril, aitzitik, hankamotz dabil esparru horretan Marcelok min hartu zuenez geroztik. Ihesbide oparoa zuen ezker hegaletik talde zuriak, baina orain irtenbide bat gutxiago dauka. Eta ez da nolanahikoa. Ezustekoa.

Bi baten aurka hegalean, batak barrura eta besteak aurrera; atzelariak erdiratu. Erdiraketen garrantzia. Erdiraketa onak ikustea ez da erraza. Atzelariak askotan gora egiten du aurretik duen taldekideari lana errazteko. Jokalari horrek hondoko marra harrapatu baino diagonalean haustea nahiago izaten du, hegalez aldatuta baldin badabil. Ohitura bilakatu da. Diagonalak ikara sortzen du, bi norabideetan irtenbidea baitu erasoko jokalariak. Bestela, atzelaria zain du, arrastoaren ondoan, erdiratzeko prest.

 

   Jordi Alba aipatu dugu, eta aurrez-atzera egin zuten beste jokalari batzuk bertakoak dira: Bixente Lizarazu, Miguel Fuentes, Andoni Iraola, esaterako. Aurrerago jokatzen hasi ziren gaztetan, atzelari sakon amaitzeko. Atletico Madrilen beste adibide bat dago, eskuin hegalean: Juanfran Espainiako selekziora iritsi da aurrez-atzera eginda. Nacho, Betisen ari den Realeko jokalari ohia ere atzelari bihurtu da azken urteetan. Egun, espezialistarik onenetakoa Shakhtar Donetsken ari da: Darijo Srena. Dotoreena Bayernen: Philip Lahm. Eta zaharrena 40 urteren bueltan da: Javier Zanetti. Pasabide luzeetan trebatuak. Hegal egiten.

 

   De La Bellak erdiraketa Getaferen aurka eta gola Carlos Martinezek, beste ertzetik sartuta. Hegal egiten, hegal egiten…

 

 

 

 

 

                                                                                            Naxari Altuna (periodista) Image @naxaltuna



COMENTARIOS

Añadir un comentario

:angry: :flowers: :blink: :pinch: :blushing: :crying: :ermm: :getlost: :grin: :happy: :hug: :kiss: :laugh: :blah: :smile: :sad: :tongue: :wink:





Desarrollado por BIT&MINA