Duela aste batzuk Parc Lescure zaharra piztu zen, belodromoa izan zena, Girondins talde ospetsuaren etxea ere bai. Estadioaren ehungarren urteurrena zen. Eta han ziren zaleen futbolari kuttunak. Gazteenek Lizarazu, Zidane, Dugarry, Micoud edo Gourcuff sutsuki agurtu zituzten. Azken hiru hamarkadetako idolo nagusiak. Baina txalorik zirraragarrienak Alain Giressentzat izan ziren, klubaren aro distiratsuko kapitaina; Jean Tigana, haren laguntzaile prestuarentzat; Patrick Battiston eta Marius Tresor atzelari mitikoentzat; Bernard Lacombe, golegile zitala ere gogoan izan zuten; eta Dominique Drospsy, gaixotasun latz batek aurrean eraman zuen atezain maitagarria.
Girondins, Frantziako futbolaren monumentu handia. Parc Lescure estadio bitxira hurbildu den orok zerbait berezia sentitu du han. Futbol zelai gogoangarria izan delako; futbolari handiak hartu dituen agertokia. Espainiako gerrate zibilaren garaian, euskal herritarren babeslekua izan zen. Real Unionen aritutako bi irundar klubaren ikur bilakatu ziren urte haietan: Jaime Manzisidor atzelaria (taldeko kapitaina) eta Santiago Urtizberea, golegile handia. Benito Diaz donostiarra izan zuten entrenatzaile garai hartan. Realeko teknikari ohiaren eskutik profesional bihurtu zen Bordeleko kluba. Eta 1941ean aurreneko titulua irabazi zuen eskapularioa paparrean eraman duen taldea: Frantziako Kopa.
Gerraren ondorioz erbestera jo zuten futbolariengana hurbildu zen Benito Diaz: Gurs-eko iheslarien zelaian bizi ziren. Baldintza eskasetan. Salvador Artigas handik eraman zuen Bordelera, urteen poderioz taldearen entrenatzailea izango zena. Jose Arana, Deban jaiotako eskuin atzelaria ere hartu zuen.
Manzisidor eta Urtizberea irundarrek Frantziako Kopa irabazi eta handik berrogei urtera jaio zen Girondinsen talderik mitikoena. Futbolari apartak zituen zelai erdian: Alain Giresse eta Jean Tigana, bereziki.
Giresse kapitainak hartu zuen Jaime Manzisidorren lekukoa, 45 urte geroago Bordeleko taldeak Frantziako Kopa eskuratu zuenean. Olympique Marseilla zen Akitaniakoen aurkaririk sutsuena garai hartan. Futbolaz haratago, bi presidente boteretsuen arteko lehia zen: Claude Bez vs Bernard Tapie. Hexagonoko futbola bor-bor.
Frantziako selekzio oparoaren bizkarrezurra osatu zuten Girondinseko futbolariek 80ko hamarkadaren hasieran: Tresor, Battiston, Giresse, Tigana, Lacombe…
1982ko abenduan biziki hunkitu ginen Girondinseko kapitain Alain Giresse Arcachonen ikusi genuenean. Gujan-Mestras kross ospetsuaz gozatzera hurbildu zen. Hilabete batzuk lehenago Espainiako Mundialean ikusi genuen, Platini eta Tiganaren ondoan. Euskal Herriko taldeek distira berezia zuten urte haietan gailendu zen Girondins Frantzian, Alain Giressen argi bereziari esker. Zorionekoak gu, erdilari fin harekin gozatzeko aukera izateagatik. Futbolari aparta zen.
Alain Giressen hitzek indar handia hartu dute egunotan, bere bihotzeko klubak hondoa jo duenean. Haiek, eta haien aurrekoek ereindako haziak fruitu oparoak eman ditu. Baita haztegi emankorra piztu ere. Haillan gazteluaren inguruko zelaietan munduko txapeldunak hazi dira: Lizarazu, Zidane eta Dugarry. Zaleek ez dute sekula ahaztuko 1996ko udaberrian Parc Lescuren eman zuten erakustaldia. Milan kanporatu zuten UEFAko Kopan, San Siron 2-0 galdu ostean. Estadio zaharrak gordeta daukan gaurik bereziena da.
Ikur haiek joan ziren. Eta 1998/99 sasoian Micoud, Benarbia, Wiltord eta Laslandes elkartu zirenean, Feindouno gaztearekin batera, Girondinsek liga irabazi zuen, hamarkada bat geroago. Olympique Marseillarekin buruz buruko lehia estua gau magiko batean hautsi zen Parc Lescuren, sekula ahaztuko ez dugun hogei minutu basatiren ondoren. Begiak igurtzi eta sinetsi ezinda zeuden Bordeleko zaleak, zoratu beharrean. Eta gu han, Micoud, Benarbia eta enparauen erakustaldiaz gozatzen. Auto gorriak makina bat bidaia egin zituen Parc Lescurrera. Futbol gosez. Futbol dotorea bila.
Hamar urte geroago, Yoann Gourcuffen gol ikaragarri hura izan zen, PSGren aurka. Liga txapeldunaren ikurra izan zen jokaldi hura. Europako gau bereziak ohikoak ziren, baina, denboraren poderioz, jabetza aldaketak izan dira, klubaren familia izaera hautsi dutenak, identitatea eta nortasuna zapuztu dutenak, eta orain dena da nostalgia. Malenkonia.
Matmut zelai berrira joan zirenean hasi zen klubaren gainbehera. Euren etxe maitea utzi eta hotz handia pasa dute azken urteotan lakuaren ondoan dagoen agertokian. Oroitzapenik ederrenak Parc Lescure zaharrean geratu ziren. Harmailetako arku berezi haiekin, hegoaldeko tribunan, zaleek bat eginda salto egiten zutenekoa. Eta ikurriñak zelaian barreiatuta ikusten zirenean, han jokatu izan duten euskal futbolarien omenez.
Benito Diaz entrenatzaile donostiarrarekin bihurtu zen profesional FCGB ospetsua. Ia ehun urte geroago estatus hori galdu du. Klubaren historia handiaren eta handik igaro diren jokalari guztien omenez, errautsetatik berpiztu beharra dauka eskapularioaren taldeak.
Naxari Altuna (kazetaria)
20